Idoia Santamaria: 'literaturea itzultzea maite dot'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-05-11 07:45   Barriketan

Euskerazko nobela baltza sustatzea da (H)ilbeltza bekearen helburua eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko bekea egokitu da; hain zuzen be, Fiedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberriaren itzulpena egiteko egin da deialdia eta Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaile donostiarra izan da saritua.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza alkarteak eta Txalaparta argitaletxeak deitzen dabe bekea, alkarlanean. Baztanek aspalditik dauka euskal nobela baltzagaz loturea. Euskal Nobela Baltzaren astearen harian sortu zan bekea. 

Epaimahaiak Santamaria Urkaregiren alde egin dau, bekara aurkeztutako 11 laginak aztertu ondoren. Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Amaia Apalauza aurreko irabazle eta (H)ilbeltza alkarteko ordezkaria eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkaria izan dira epaimahaikide. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 lana amaituten dauenean. 2027ko abenduan argitaratuko dau Txalaparta argitaletxeak, eta 2028ko abenduan aurkeztuko dabe lana, (H)ilbeltza ekimenean.

Santamaria Urkaregik gustora hartu dau Bizkaie! Atariak egin eutson alkarrizketarako eskabidea eta hona hemen kontau euskuzanak. 

1.- Zorionak Idoia, X. (H)ilbeltza bekea irabazi dozulako. Zelan zagoz?

Ondo, pozarren nago. Lehenengoz parte hartu dot (H)ilbeltza bekea jasoteko lehiaketan eta esan behar deutsut eskuartean neukala literaturako beste itzulpen lan bat, 2025ean argitaratutakoa eta ikusi nebanean aurten Friedrich Durrenmatt itzultzea zala eskaerea, orduantxe pentsau neban erraza edo erosoa izango zala, lehenago be, 2018an edo Durrenmatten beste obra bat itzuli nebalako. Kontua da ze aurtengo beka deialdirako liburua etxean daukadala alemana ikasten nenbilenean irakurri eta pilo bat zirriborro eta kolorez nabarmendutako txatalakaz jantzi nebala. Hori izan zan biztugarria. 

2.- Lagina itzultzeko estualdi edo larritasunik ez zenduan izango baina zerk emon eutsun burukomin gehien?

Nahikoa eroso ibili naz. Atontzaileek pasau eustien alemanez idatzitako lagina eta horixe erabili dot itzulpen lanari ekiteko; laginean lehenengo liburuko kapitulu biak ziran itzuli beharrekoak eta abantailtxua izan ete dodan, zeuok esango dozue baina lehen esan deutsudazan horreez gan, alemana ikasi nebanetik sano maite dot hizkuntza hori eta alemanez idatzitako liburuak, gehienbat literaturakoak irakurtea gustetan jat. 

3.- Oso oker ez bagagoz 11 hautagai izan zarie eta horreetako bat zeu. Epaimahaiari gustau jako zure lana ze goraipatu egin dabe...

Bai. Oos pozgarria izan da. Epaimahaian izan dira Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Amaia Apalauza aurreko irabazlea eta (H)ilbeltza alkarteko ordezkaria eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkaria eta holakoek goraipatzea nire lana sekulakoa izan da. Joskereari arreta berezia jarri deutsadala eta asmau egin dodala berbakera neutroa eta zehatza erabilten entzutea ederra izan da.

Jakina, Durrenmatten idatzien ezaugarrietako bat da nobela batzak idatzi arren, lan filosofikoetan be ibilia dala eta, nobela baltzaren tramearen erdian edo hausnarketa zabal eta sakonak sartzen zituan eta, akaso, horrek korapilatu egiten eban narrazinoa. 

4.- Itzultzailearen lana ez da erraza, literaturan, berbarik berba ibilteak arazoak eragin leikez eta esentzia topetea da giltza...

Bai. Testu juridikoa edo literaturea itzultzea ez da gauza bera. Juan Gartzia itzultzaileari entzun izan deutsat -itzultzea zentzunez lan egitea da-, sarri jaubetzen zara jatorrizko testuko berba danak itzultzea ez dala beharrezkoa, euskeraz be Durrenmatt izatea, horixe da lortu behar dozuna. 

5.- Baztanek ete da nobela baltzaren erreferentzia?

Gogoan izan Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan zirala lehenengo euskal nobela baltzak.

Eta gogoratu Igela argitaletxeak nobela baltza itzultzeko erabagia hartu ebala aspaldi eta klasikoak be ekarri zirala, bidea zabaldu jakon generoari eta nobela baltzaren beraren erregistroak euskeratzen eta lan handia egin zan. 

6.- Oso oker ez bagagoz, Txalaparta argitaletxeak 2027an plazaratuko ei dau zeuk itzulitako Das Versprechen eleberria...

Datorren urteko Durangoko Azokarako edo prest egongo da eta badaukat gogoa liburua eskuartean izateko. 

7.- Eskarmentu handiko itzultzailea zara, irakaskuntzan, itzultzaile, bikoizle eta interprete lanetan ibilitakoa baina Marx, Sebald, Bachmann eta Durrenmantt bera be itzuli dozuz eta EIZIEk atondutako itzulpen sariketea be irabazi dozu... 

Ikus-entzunezkoetan, film eta dokumetaletarako gidoiak itzultzen hasi nintzan eta bikoizketak be egin behar izan nituan. Aurrerago itzultzen hasi eta makinatxu bat lan egin dot, literaturea itzultzea maite dot eta lan orduetatik kanpo ibilten naz zeregin horretan. Elhuyarreko behargina naz eta hor be egin behar izaten dodaz itzulpenak.

8.- Zertan zabiz orain?

Alemana ikasi nebanetik, hizkuntza horretan idatzitako liburuak interesetan jataz, bai irakurteko eta bai itzultzeko be. Europa erdialdeko eta ekialdeko autoreak gustuko ditut eta horreen bueltan nabil.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu