Oier Guillan: 'di-da otu jakun komedia etxurea emotea obreari'.
2026-06-08 07:40 BarriketanMetrokoadrokaren Laster eroriko da antzezlanak irabazi dau AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Bekea, euskal kulturearearen harian sortutako euskerazko produkzinoak bultzatzea helburu dauena. Ane Elordi sustatzaileak azaldu dauenez, Korrikari esker lortzen diran diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez daben baina gizarte-onurea nahi daben ekimenetan inbertidutea; eta kultur arloan euskal herritarrentzako euskeraz eroso ibilteko espazioak sortzea, lantzea eta alkarlotzearen garrantzia eta, azkenik, euskal sortzaileei gune horreek eskainita, euskal kultur sorkuntzan eragile izatea.
Beka horrek KORRIKA Kulturalaren jarrerea erakusten dau, 23.000 euroko aurrekontua dauka eta helburua da euskerazko produkzinoak bultzatzea.
Agerraldian, Metrokoadroka Sormen Laborategiko Idoia Beratarbide eta Oier Guillan izan dira Korrikako arduradun Ane Elordigaz batera.
Plazerra izan da Oier Guillanen azalpenak entzutea eta hona hemen kontau deuskuzanak:
1.- Zorionak, AEK-Korrikaren III. Sorkuntza Bekea irabazi dozuelako. Helburua euskerazko produkzinoak bultzatzea dala gogoan hartuta, pozik?
Eskerrik asko. Jakina pozarren gagoz, produkzinoak badagoz egon, jentea badabil beharrean baina holako bultzadak ez ditue talde edo kolektibo danek hartzen, laguntzino batzuk badagoz baina gehiago beharko geunkez sektorea dagoalako dagoan moduan. Guretzako sekulako laguntzinoa da bekea, autortu egin dabelako gure lana eta Metrokoadroka Sormen Lantegiaren azken urteotako ibilbide emonkorra.
Ganerakoan, bekeak dakarren diru-partideari esker, sortzen jarraitzeko erea izango dugu.
2.- Korrikari esker lortzen diran diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik izan ez arren gizarte-onurea nahi daben ekimenetan inbertidutea be bada asmoa. Dana beharrean dago euskal antzerkia eta kulturea, oro har...
Bai. Antzerkiaren munduan gabizanok eta EHAZE, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak be esan izan dau arazo handienetakoa dala euskerazko sorkuntzak gure antzoki sarean sartzea, produkzinorako laguntzak jaso zeinkez baina arazoa da non erakutsi. Berbarako, Korrika Kulturalak zirkuito propioa dauka eta arnasea hartzeko balio deuskue holako ekimenek.
3.- Zelan otu jatzuen III. Sorkuntza Bekara aurkeztea?
Sarituak izandakoak eta ezagutzen doguz eta jarraipena egiten eta hor ibilten gara, Korrikazaleak gara eta aukera aproposa da guretzako bekearena baina egunerokoa ahaztu barik. Estrainau barri geunkan lan bat Bi baso bat ur eta horri be ekin behar jako eta, oso oker ez banago, Villabonan ekingo deutsagu irailaren 18an.
Gogoan izan holako deialdiari erreparetan deutsazunean, idea bat, intuizinoa eta suertea be izan behar dozu, deskubridutea da orain lana, zer aurkeztu dozun, ez dago ezer eginda. Orain hasten da guretzat benetako prozesua baina gogotsu gagoz
4.- Zer kontetan dozue Laster eroriko da obran?
Idea da bazkalosteetan eta izaten dogun kanturako jokerea, errepetiduten diran kantuak izaten dira, askatasunagaz lotutako iruditeria, gure munduan ikusten doguzan astokeriak, autoritarismoa eta holakoak, sinbolismo handikoak; kantetan hasten zara eta buruari itauntzen deutsazu ia zeri kantetan deutsagun, txarto kantau arren, dana emoten zabizanean eta zertaz gabiz, eta holakoak etorten jakuzan. Eta di-da otu jakun komedia etxurea emotea obreari, komedia basatia. Gero gerokoak.
5.- Esperientzia parte-hartzailea izatea da zuon asmoa, ikuslea parte aktibo izatea baina emonaldietan ikusleek jan ahal izatea eta holakoak ez doguz ikusi...
Orain gabiz horreek eta beste gauza batzuk zelan ekarri obrara. Epaimahaiari be esan geuntsan idea zala hori baina zer egin eta zelan galdera potoloak dirala baina gure amesa da aide zabalean eta jateko aukerea izatea publikoak...
6.- Metrokoadroka kolektiboko lau aktore izango zarie oholtza gainean, eta Ainhoa Alberdik egingo dau agurearena. Idoia Beratarbide zuzendari artistikoa izango da eta zu Oier, dramaturgiaren arduraduna izango zara. Gidoia idaztea ez zan erraza izango...
Erraza ala gatxa, ez dago jakiterik, gidoirik ez dago oraingoz [Barreka]. Idea, egoerea eta personaiak baditugu eta orain arlo danak deskubridu, esperimentau eta jorratzea falta jaku baina pentsau ez arren, askotan prozesu horretan ordura arte gogoan hartu bako gauzak sano erabilgarriak izaten dira.
7.- Epaimahaiak (Anabel Arraiza, Galder Pérez, Asier Rubio, Kattina Haran eta Eneko Gil) obrearen planteamendu barritzailea eta landu nahi izan dozuen idearen potentzia edo indarra. nabarmendu dau. Bat zatoz ala zehetasunen bat gehituko zeunke?
Ederra da epaimahaikoek holako gauzak esatea, iaioak, trebeak dira sektorean eta harroputzituteko arriskua be badago baina geu be ibilitakoak gara eta zentzunez jokatuko dogu.
Ganerakoan, gorabehera handiak dituan gure eguneroko jardunean, aurreprodukzinoan eta politto gabiz baina benetako momentua zemendian edo etorriko da egiten gabizen lanketa horreen emoitzak emonkorrak diran al ez ikusteko momentua baina espero daigun ordurako zehetasun guztiak prest izatea.
8.- Laster eroriko da 2027ko zemenditik 2028ko apirilera antzeztuko da, KORRIKA Kulturalaren barruan, Euskal Herriko hainbat eszenatokitan...
Gogotsu gagoz. Badago astia baina azken orduan be izaten dira ezusteak. Laster eroriko da komedia izango da, publikoari kantetan jarteko asmoa dauena. Antzezlanaren hasieran, gazte bi eta euren aitita egongo dira jangela batean: bazkari handi bat prestau behar dabe aititaren laurogeita hemeretzigarren urtebetetzea ospatzeko, baita bazkalosterako kantutegia zehazteko be, baina gazteek ez dakie ez kozinetan, ezta euskal kantu klasikoen berbarik be. Obrearen tituluak erreferentzia egiten deutse Agure Zaharra kantu ezagunari eta aurreko belaunaldien askatasun-amesei.
Korrika Kulturalak emongo deuskun aukerea upealakoa da baina herririk herri ibiltea be esperientzia ona izaten da eta prest gagoz edonora joateko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
