Alex Antunez: 'kale-antzerkiak engantxau egiten zaitu'
2026-05-25 07:45 BarriketanKale antzerkian 35 urte baino gehiagoko ibilbideagaz Hortzmuga talde bilbotarrak eszenako proiektu barritzailea aurkeztu dau: Alonso, ezinezko mandatuen mezularia, eta galdutako gutuna familia osoari zuzendutako antzezlana baina ikuskizun gehiago segian eskaintzea da asmoa; lehenengoa izan da Leioan, Umore Azokearen barruan eskaini dabena baina bigarrena be prest ei dago: Alonso, ezinezko mandatuen mezularia, eta urrezko gonbidapena izenburukoa eta irailean estreinauko da. Hirugarrenaren xehetasunak be badakiez, antza. Baina oraingoz ezin da ezer aurreratu.
Leioan izan zan estreinaladia baina Amorebieta-Etxanon, Amoreszenaren barruan eskaini eben joandako astegoienean eta gero etorriko dira Aretxabaleta, Oñati, Basauri eta Sopela.
Antzezlanaren xehetasun guztiak eskatu deutsaguz Alex Antunezi eta barriketaldi ederra izan da.
1.- Maiatzaren 11n, euskarazko bersinoaren saio bi eskaini zenduezan Leioako bost ikastetxe publikoetako ia bostehun ikasleentzat. Ume, gazte zein nagusientzako ikuskizuna da Alonso, ezinezko mandatuen mezularia, eta galdutako gutuna?
Familia osoak gozauko dau egunotan eskaintzen eta estreinetan gabizan obreagaz. Dakizunez, kalean eskaintzen doguz gure antzezlanak eta hor danetariko lagunak egoten dira, umeak, gazteak, nagusiak, gurasoak, aitita, amama eta, beraz, ezin dogu sortu ikuskizun bat beren-beregi gazteentzat. Alonsoren saga hau egokia da gazteentzat baina gurasoek be ez dira urrun egongo eta, esangura horretan, edozeinek ikusi eta gozetako ikuskizuna izaten da.
Eta ia 500 umeren aurrean ibiltea esperientzia ederra izan da baina autortu behar deutsut, obreari ekin aurretik, fase berezia izan genduala eurekaz, obrearen berezitasunak erakusten, sormenaren aldetik zelan dabizan eta Alonsoren enpesea zelakoa dan erakusten eta kale antzerkiaren bizitasuna be sentidu eben. Olgetea da transmitiduten doguna eta ume zein gazteak olgetan hastea da asmoa.
Kontuak kontu, Alonso, ezinezko mandatuen mezularia, eta galdutako gutuna, preminazko gutun bategaz hasten da, baina helbide garbirik barik; gainera, Ultra Express sistemearen akats baten ondorioz, Alonso jentez betetako plaza baten erdian agertzen da. Hortik aurrera, erlojupeko lasterketan Afrika, India, Mendebalde Urruna edota Parisera eroango ditu Alonso eta Ane, hartzaile misteriotsu baten bila...
2.- Proiektu barritzailea jarri dozue martxan, kale antzerki familiarraren benetako saga bat sortu dozuelako. Telebistan eta zinema-aretoetan ohikoa izaten da zatika, kapituluka edo emotea baina antzerki lanak holan emotea ez da ohikoa. Nori okurridu jakun?
Abentura hau danon artean sortu dogu baina gidoia, personaia bakotxaren berezitasunak eta gorabehera guztiak Izpiñe Sotok idatzi ditu. Zuzendari lanak be egin ditu Alonsoren ganeko ikuskizun bietan.
Ganerakoan, bigarrena be prest dago: Alonso, ezinezko mandatuen mezularia, eta urrezko gonbidapena izenburukoa eta ezustekorik ezean, irailean estreinauko da. Hirugarrena be hor jabilku buruan bueltaka eta segurutik etorriko dira gehiago be.
Gogoan izango dozu orain urteak Ninja Dordoka seriea, personaiak betikoak baina abenturak eta aldatzen ziran; telebistan, liburuetan eta filmeetan ohikoa da hori baina antzerkian ez eta gura izan dogu geurera ekarri.
3.- Abentura, olgeta eta publikoaren edo parte-hartzailearen arteko nahasketea ete da hau guztia?
Bai, gu kalean ibilten gara eta hartu-emonak, sensazinoak, emozinoa, jenteari begietara begiratu eta hor ikusten dozu gustora ala alde egiteko gogoagaz dagoan eta, jakina, olgetea da ikusleakaz sustatu gura izaten doguna.
Nabarmendu gura neuke Alonsoren abentura honetan aktore taldean gagozala, besteak beste, Ane Blanco, Iñaki Aguinaga eta neu. Euskerazko bersinoaren ardurea Nerea Lorenterena izan da eta maskarak diseinau eta eregiten Javier Tirado ibili da; eta ez daigun ahaztu Tira ta Flojaren lana izan dala txotxongiloak diseinau eta eregitea. Baina Mar García, Ángel Amor, eta beste batzuk be nabarmendu beharko neukez baina, akaso, zeuk zehaztuko dozuz...
4.- Soinu-espazioa lantzen Ibon Aguirre ibili da eta jatorrizko kantua, barriz, David Sánchez Damiánek sortu dau...
Soinu-espazioa oso inportantea da holako ikuskizunetan eta aitatu dozuzan bi horreek lan handia egin dabe. Soinuaren benetako dramaturgia landu dogu: jatorrizko musikea, efektuak, abestiak, hotsak, onomatopeiak eta esan dozun lez, konposizinoa eta soinu-diseinua Ibon Aguirrerena da eta jatorrizko abestia Ane Martínezek kantetan dau, David Sánchez Damiánek sortutakoa.
5.- Talde beteranoa da Hortzmuga eta oso oker ez bagagoz, 35 urtetik gora daroazuez kaleak alaitzen. Ez dira gitxi...
Nik neuk 42 urte ditut eta 15 urte inguru daroadaz taldean, beti kalean, hor enkantu berezia izaten dalako; kalean lan egitea gogorra da, ez dakizu jenteak zelan erreakzinauko dauen baina engantxau egiten zaitu, personaia bat interpretau behar dozu, jakina, baina jentearen begiradak, emozinoa aldatu egiten dira herri batetik bestera, bizi-bizi egotea oinarrizkoa da obreak funtzionau daian. Ikusleak igarri egin behar dau beragaz zagozala eta hurrengo eguneko saioan be bardin izatea lortu behar dozu eta ez da erraza, telefono baten txirrina entzuten badozu, ume bat altzetan bada, hori guztia kudeatzeko kapaz izan behar gara.
6.- Amorebieta-Etxanoko I. Amoreszena jaialdi barriaren barruan astegoienean eskaini dozue obrea baina gehiago be badagoz iragarteko moduan...
Bai horixe. Amoreszenan pozik ibili ginan eta ikusleen aldetik be ez genduan kejarik jaso [Barreka]. Laster, bagilaren 5ean, Aretxabaletan izango gara; bagilaren 6an Oñatin; hilaren 20an, Basaurin; eta 26an Sopelan.
7.- Sari batzuk be irabazi ditu Hormuga taldeak. Zeintzuk?
Bai. 2003ko Euskal Antzerki-ikuskizunik onenaren Umore Azoka Saria; 2009ko Euskerazko Antzerki Autore Onenaren Max Saria; eta 2014ko Umore Azokako Ohorezko Saria.
Baina saririk onenak jentearen emozinoa, poza, alkarloturea eta txalo zaparradea izaten dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
