Miren Larrea: '-Andereño- asko maite dogu eta gure bihotzean eroango dogu beti'.
2026-06-15 07:40 BarriketanAntzezlea eta ipuin kontalaria, Miren Larrea Murgoitio, zornotzarra, antzezlea eta ipuin kontalaria da txotxongilo eta objektuen antzerkian espezializautakoa. Anita Maravillas konpainiaren sortzaile eta kide, hainbat konpainiatan ibili da, besteak beste, Gorakada edo Herta Frankel entzutetsuetan.
Panpinen sorkuntzarako eta manipulazinorako pasinoa erabagiorrak izan ziran eta Larreak salto egin eban Bartzelonara. Bertan, Pepe Otalen txotxongilo lantegian jaso eban formakuntzea eta Anita Maravillas antzerki taldea fundau eban. Gaur egun taldea Zornotzan kokatu da eta hainbat lan eskaintzen ditu euskal eszenatokietan, berbarako, Pintto Pintto edo Sardiña Bakalau.
Ipuinen munduan ibili dabil eta istorioak kontetako eta ipuinak taularatzeko beharraz jaubetuta, Zaku bete ipuin proiektua sortu eban, ahozko kontaerak eszenaratzearen gainean esperimentetako.
Oraintsu ume, gazte eta familiei zuzendutako ikuskizunik onenaren Max Saria irabazi dau Anita Maravillas taldeak Andereño lanagaitik, atxaki ezin hobea berbetan hasteko.
1.- Zorionak, oraintsu Max Saria irabazi dozuelako ume, gazte eta familiei zuzendutako ikuskizunik onenarena Andereño lanagaitik. Zelako gaua izan zan Meridan saria jaso ondorengoa?
Zoragarria. Haraino, Meridara joan eta aukerea egon badagoan arren, ez genduan espero holakorik baina pozez zoratzen gagoz.
Ganerakoan, gau partean eta ospakizun berezirik eta ezin izan genduan egin, goizeko zortzietan urten genduan Huescarantz, Binefarrrerantz han funtzino bi geunkazalako. Logura handiagaz eta emozinoz ganezka joan ginan, alfonbra gorritik furgonetara eta handik antzezlekura, hori da artistearen bizimodua [Barreka].
2.- Oso oker ez bagagoz 2024. urtean, Feten Saria be irabazi zenduen Andereño lanari esker...
Bai. Feten saria hartzea inportantea izan zan guretzako familientzako ikuskizunen arloan hantxe dagoalako edigunea. Nik esatea ez dago ondo baina Andereño obra polita da, hunkigarria eta jaubetu ginan publikoari gustetea ondo dagoala baina arlo profesionalean be zeozelako autortzea sentidu genduan.
3.- Andereño horren jatorrizko idea zeurea izan da eta orain arte makinatxu bat lekutan aurkeztu dozue. Publikoaren harrerea zelakoa izaten da?
Publikoak gustora hartzen dau ikuskizuna. 2023. urtean estreinau genduan eta hirugarren denporaldian gabiz, publikoari gustetan jako eta geu be pozarrean gabiz. Fabula estiloan kontetan dogu, umeen lekua zein dan, umeak non egoten diran, eskolan emondako orduak, eskolako olgetak, maitasuna eta poesia lako gaiak jorratzea gustetan jaku eta hor agertzen diran animaliak, iruditegi ederra darabilgu baina aurrerago helduek gerra bati ekiteak eragina dauka, goitik behera aldatuko dira andereñoaren eta umeen arteko egoerak. Oso hunkigarria da, gerra zibileko jazoeratan oinarrituta dago eta zeozelan sasoi haretako maistra edo andereñoei omenaldia egiten deutsegu. Zoritxarrez, obrea estreinau genduanetik gaur arte, pil-pilean dagozan gerra, genozidio eta holakoek protagonismo berezia hartu dabe eta eta publikoak zeozelan konektau egin dau geugaz. Emozino handiz biziten dabe eta esperantzeari ez jakola uko egin behar nabarmentzen dogu, txiki zein handiek emozinoz eta galdera askogaz jasoten dabe lana.
3.- Pepe Otalen izan zenduan maisu txotxongiloak zelan erabili eta ikasteko baina gaur egun espezialistea zara panpinen sorkuntzan. Zer eskaintzen deutsu txotxongilo edo titereen mundu horrek?
Oso garrantztitsua da titere edo txotxongiloak tailerrean jaiotea. Lehenengo gure buruan jaioten dira, istorioagaz batera, personaiak sortzen doguz eta egurra, kartoia, tela eta ardi-ulea erabiltea da normalena. Panpinakaz sortzen dozuzan hartu-emonak oso fuerteak dira, zu zeu zabiz sortzen, eregiten eta zeure egiten dozuz. Valentina Raposo neugaz dago eszenatokian eta sekulako artistea da, idea sortzen jatan momentua oso inportantea da eta horretan zuhur ibilten da.
4.- Txotxongiloen magiak atrapau edo engantxean bazaitu amesa bete dala esan zeinke baina zergaitik da mundu hau hain maitatua?
Konektau egiten gaitu gure barruko munduagaz eta hori ederra da. Publikoan dagozan ume eta helduek be sentiduten dabe hori eta emozino eta susperraldi handiagorik ez dago. Norberak proponiduten dauena ikusleen buruan amaitzea da helburua.
5.- Anita Maravillas konpainiaren sortzailea izan zinan eta ordutik hara eta hona ibilten zarie. Zeintzuk dira taldearen mugarriak?
Valentina Raposogaz batera fundau genduan taldea baina Andereño obran Ivan Alonso, Ion Chavez, Fran Lasuen, Garazi Navas, Betitxe Saitua, Paulette San Martin, Jabi Tirado, Miren Amuriza eta Atx Teatroaren eszenografia be tartean izan dira. Eta jakingo dozunez, Fran Lasuen eta Ion Chavez izentauta egon dira euren kategorietan Max Saria eskuratzeko eta bakarra ekarri badogu be, pozik gagoz, gurean profesional onak daukaguzalako.
Konpainiak kalidade estetiko eta narratibo handiko ikuskizunakaz txotxongiloen mundua arakatzen jardun dau hamarkada bi honeetan eta titereen munduan dagoan guztia, han eta hemen sortzen diran gauzak, kode eszenikoak, bide eta baliabideak ikertzea asko gustetan jaku.
Anita Maravillasen zazpigarren lana da Andereño eta lehen esan deutsudanez, 3. denporaldian gabiz orain, atara kontuak.
6.- Portal 71 produkzinoaz arduratzen dan kolektiboa da baina kulturearen sustapenean be lan handia egiten dau...
Duda barik. Proiektu bezela salto egiteko guretzako sano inportantea izan da. Bartzelonan Pepe Otalenegaz lehenengo pasuak emon genduzan eta oso aberasgarria izan zan baina gurea lako talde bat babestuta sentiduten da Portal 71 taldeagaz.
7.- Jon Braun eta Kottondarrak sano ezagunak dira baina Andereño be zuon bilduman geratuko da betirako...
Jakina. Hiru horreetan badago estilo zehatza, identifiketan gaituana. Eta Kottondarrak obrea Max Sarietan finalista izan zan eta horra heltzea ez da txarra. Edozelan be, Andereño asko maite dogun obrea da eta gure bihotzean eroango dogu beti.
8.- Ipuin kontalaria be bazara. Personaia zeure egitea, barruratzea eta, esangura horretan, aktore lana be egin behar dozu...
Zer esanik ez, gu aktoreak gara eta eregitako panpin edo dana dalako horri bizia emon behar deutsagu. Hori da gure ofizioa eta pozik bizi gara.
9.- Orain zer?
Andereño birea amaitzen gagoz eta uda partean hurrengo antzezlanak atontzen ibilten gara eta daborduko badakigu Tretatxu lapurraren gobernadorea izenburuko obrea izango dala, bandolero bizkaitarraren gorabeherak jorratu ditugu irudiria bereziagaz, azken txanpan gabiz eta ezustekorik ezean, urrian edo estreinetea da asmoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
