Iker Gonzalez Libano: 'baltza baztertu eta jantzi daigun mundu hau kolorez'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-03-09 07:50   Barriketan

Motx pailazoak [Iker Gonzalez Libano] bere lan barria dakar: Oroitzapen ederrak ikuskizuna. Heriotzea eta dolua gai nagusi hartuta, ordubeteko formato handiko ikuskizuna atondu dau. 

Oroitzapen, gomuta eder bat
 ipuin-ilustradua oinarri hartuta istorioaren jarraipena egingo dau ikuskizun barrian. Horrezaz gan, kantu, sketch zein beste aktore batzuk aurkeztuko ditu eta, bere ustez, saio oso dinamikoa eta dibertigarria geratu da.

Heriotzearen pedagogia egiteko jarrerea hartu eban Motx pailazoak bere lehenengo ipuin-ilustraduan [Oroitzapen eder bat] eta proiektuaren ondorengoa izango da ikuskizun hau. Hain zuzen be, Martintxo bere lagunik onenak begiak zarratu baititu betirako baina gomuten bitartez Motxen alboan jarraituko dauela erakutsiko deutse bertaratutako ikusleei, baita gomuta ederretan sartzeko aukerea emon be ordubeteko saioan.

Kontuak kontu, martiaren 13an, barikuan, arratsaldeko 18:00etan izango da estreinaldia Bermeoko Kafe Antzokian. Sarrerak salgai jarri dira martiaren 2tik aurrera Gizarte eta Kultura Etxean edota Bermeoko Udalaren webgunean.

1.- Oroitzapen eder bat zaharretik Oroitzapen ederrak ikuskizunera. Barriaren estreinaldia izango da laster zure herrian Bermon. Formato handikoa dala badakigu baina zeintzuk dira obrearen berezitasunak?

Proiektuan lanean hasi nintzanean gauza batzuk argi nituan, nondik nora jo eta holakoak baina azkenean hortik eta hemendik zarratu eta zehaztu beharreko kontuak agertu jatazan eta Oroitzapen, gomuta eder bat ipuin-ilustradua oinarri hartuta istorioaren jarraipena egin gura dot, heriotzea eta dolua gai nagusiari eutsiz. Magia trukoren bat, efektu bereziak, kanturen bat edo beste sartuko doguz. Musikeari jagokonez, Aito Aparicio beremeotarra dabil gugaz eta aurrerantzean be beragaz ibiltea aurreikusten dogu.

2.- Beste aktore batzuk be agertuko ei dira oholtzan. Nortzuk dira? 

Oholtzan Enara izango da neugaz baina beste persona bat be ibiliko da oholtzan, txakurrarena eta elefantearena antzezten. Talde handia gara, sano motibauta gagoz eta pozik gabiz ensaioetan, azken egunak dira estreinaldirako eta nerbiorik eta ez dot sentiduten.

3.- Hil Argi alkartea eta Gehiago Gara ekimenak izan dozuz aholkulari. Zertan lagundu deutsue?

Orain hiru urte ezagutu nituan eta euren proiektuen barri izan dot. Hil Argi alkartea heriotzea ezagutzeko eta zabaltzeko helburua dauen elkartea da. Heriotzearen inguruan, maila guztietan, dagoan tabua apurtu eta gai honetan herritarrak ahalduntzen laguntzeko asmoa dauena. 

Baina nirera etorrita, banekian heriotzeari buruzko lana izango zala eta, esangura horretan, bai ipuinean zein marrazkiz betetako liburuan be ze ikuspegi, zelan zehaztu eta holakoetan lagundu deustie, heriotzea zelan helarazo, zeintzuk izango diran baloreak.

4.- Obra barrian, oholtza gainean ez zara bakarrik agertuko, kantuak, sketxak eta bestelakoak eskainiko dozuez. Oraingo ikuskizunerako jarrerea da hau ala aurrerago bakarrik jarraituko ete dozu?

Taldelanean jarraitzea da nire asmoa, sei urte daroaguz mundu honetan, hiru ikuskizun taularatu ditut tarte horretan eta eta hau laugarrena izango da. Hurrengo pausuak izango dira formato kolektiboari eustea eta ahal dala aktore gehiago sartzea, ikuskizuna aberasten joatea.  

5.- Oso oker ez bagagoz, denporaldi honetan formatu txikiko ikuskizun bat be atontzen zabiz formatu handiagaz ezin izango dozulako edozein lekutan aurkeztu. Egokitzapena izango da bersino
laburra?

Formato handia antzoki eta aretoetan erabiliko dogu baina herri txikietan, holakorik ez dagoan lekuetan neuk bakarrik egingo dot ikuskizuna. Gaiak eta bardin antzekoak izango dira baina neu agertuko naz oholtzan.

6.- Potx eta Lotx bikotea be hor dabil eta disko-liburuak, ipuin musikatuak, kamisetak eta bestelakoak saltzen... 

Bai. Horrrek aparte doaz, gertuko ditugu eta Euskal Herriko pailazoakaz hartu-emonak onak badira be, bakotxak bereari eusten deutso. Edozelan be, alkarregaz be ibilten gara, berbarako Palestinaren alde gure umeak ekimenagaz bat egin genduan eta pozik gabiz. 

7.- Besteak beste, Kixki, Mixki ta Kaxkamelon; Zapotxin, Mentxu Alkorta; Takolo, Pirritx eta Porrotx; Txirri, Mirri eta Txiribiton; Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Iker Galartza eta zeuok be bazabizie baina zerrendara besteren bat batuko zeunke? 

Bai, pilo bat aitatu dozuz eta besteren bat nabarmentzerren, Txintxetak, klipak eta Txorroskilo, Bilboko Kafe Antzokikoak, bilbon eta inguran euskerea sustatzen lan handia egiten dabenak; Ipar Euskal Herriko Pontx be nabarmenduko neuke; Nafarroan be badabiz, Kiki, Koko eta Moko.

8.- Zirkozaurre bilboko zirku-arteen gunea be hor dago eta Gure Zirkua be ez dogu ahaztuko. Badozue hartu-emonik zuoan artean?

Jakina. Arteka-marteka batzen gara eta oso positiboak izaten dira aurrez aurreko horrek, alkar elikatzen gara, asko ikasten dogu eta pentsetan dot holako gune bat egotea erabagiorra dala.

Ganerakoan, Gure Zirkua ikusten urtero joaten naz, Iker Galarza handia da, eredu, hain zuzen be eta urteetan Euskal Herrian falta izan dan holako ikuskizuna atondu dau, musikariak zuzenean joten dabe eta hori ez da ohikoa izaten. Galarzak zirkua suspertzen, elementu egin dauena eta egiten dagoana bikaina da nire ustez.      

9.-  Martiaren 13ko estreinaldirako dana prest dozu?

Bermeotarrak eta inguruetakoak, ezagutzen ez nabenak animetan ditu Bermeoko Kafe Antzokira hurreratu daitezan. Ikuskin handia, formato handikoa izango da, ordubete ta lauren inguruko iraupenekoa. Kartelkoloretsua Leire Sanchez Patiñok egin dau eta ederra da. 

Gaiari jagokonez, heriotzea, interesgarrria da danontzako batzuk arinago eta beste batzuk aurrerago hilko garelako, honetaz berba egitea eta hausnartzea sano intersgarria da.

Beste alde batetik, ezusteko batzuk be izango dira,  KORRIKA martiaren 19an hasiko da eta AEK-ko lagunak geugaz izatea espero dot.

Azken buruan, mundua gris edo baltz dagoan arren, herritarrei esango neuskie umorea ez galtzeko, kolorezko mundua pintau daigun danon artean  

Bai edo. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu