Iñaki Viñaspre: 'Arabako bertsolaritzea momentu gozoa biziten dago'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-04-07 07:45   Barriketan

Aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketea joan zan eta bertsolari arabarrak, gazteak zein beteranoak indartsu dabizela antzemon dogu. Finaleko sailkapena begitutea besterik ez da behar:

Finaleko sailkapena

  • Iñaki Viñaspre Simon....................1141
  • Unai Anda Delika..........................1124.5
  • Peru Abarrategi Sarrionandia...........749,5
  • Aroa Arrezubieta Barredo................749
  • Maddi Agirre Epelde.......................740,5
  • Martin Abarrategi Sarrionandia.........710

Beste alde batetik, Martxoak 3 Alkarteko kideek jantzi eutsen txapela irabazleari Santiago Diaz de Espada Fernandez de Monjeren eta Nura Elorriaga Bernausek. Hunkigarria izan zan Nura Elorriagak txapela jantzi eutson momentua. Publikoak txalo zaparrada luzea eta beroa eskaini eutsen Martxoak 3koei, ondo mereziduta. Publikoa zutunik eta txalo-jote benetan luzea izan zalako.

Ez ahaztu, oraintsu bete dira 50 urte martiaren 3ko sarraskia jazo zanetik.


1.- Zorionak Iñaki, Arabako Bertsolari Txapelketea irabaztea ez baita makala. Bigarrenez irabaztea berezia izan da ala ez?


Berezia izan da, beste bostak gogor ikusi nitualako lehenengo agurretan eta ganerako bertsoaldietan be bai. Alkarregaz ibilitakoak gara eta badakigu nor baino nor ibiliko ginala, edozer jazoko zala banekian eta txapela urrun ikusi arren, gogotsu urreratu nintzan Europa Jauregira. Eta gozau nebala autortuko deutsut.

2.- Printzipal Antzokitik Europa Jauregira. Lekuak izaten dau inportantziarik bertsolariarentzat?

Bai. Printzipal Antzokia asko gustetan jatan lekua da baina aretoa bera baino jenteak izaten dau zeresana eta giro ederra sortu zan, bertsozaleak bero-bero egozan, bertsoak entzuteko prest eta final polita egin genduala pentsetan dot.

Ganerakoan, 800 lagun edo izan zirala entzun izan dot eta ez da marka txarra, inoizko final jentetsuena izan da, bertsolaritzea, zaletasuna gora doa Araban, jente gaztea ikusten zan ugari, segurutik finalista gazteak animetako asmoz edo joan ziranak eta hori poztekoa da gogoan izanda astegoien berezia izan dala, Korrika, Binakako Pelota Txapeltako finala eta tartean egon diralako.

3.- Finalaren aurretik, goiz partean aretoa bisitetan dozu baina aurten ez dozu holakorik egin. Zergaitik?

Beste barik, erabagi neban holakoak egiteko primarik ez dagoala baina bai egin izan dodaz, goizean aretora joan, jentea non kokatuko dan eta holakoak; bazkaldu be batera egiten izan dogu baina aurten erabagi dot goizean paseoan ibili eta jatekoa etxean egingo nebala. Holan egin neban eta ez naz damutzen, gogotsu joan nintzan Europa Jauregira. 

4.- Beteranoak, Abarrategi anaiak, gazteak, finalen lehenengoz kantau dabenak. Zelakoa izan zan hasiera hori?

Saioaren aurretik be batu ginanean urduritasunak, dudak eta holakoak baztertu eta giro polita bizi izan genduan. Finalean lehenengoz kantau dabenak be lasai ikusi nituan, txapelketa ona egin dabe eta, batez be, Martinen kasuan, finalaurenetan bigarrena izan zan 18tik, finalerdietan Unaik sekulako saioa egin eban eta Maddi gasteiztarrak saio bi irabazi zituan, egurra emongo dau seguru, egiten dauen guztia ondo egiten dau, bertsotan aurrera egingo dauela esango neuke baina belaunaldi gogorra izango dau alboan, giro polita sortuko dabelakoan nago. Eta Peru bertsolari maitagarria da, asko emoten deutsona Arabako bertsolaritzeari eta ezin ahaztu Aroa, izan dogun bertsolari gazteena, bikaina, edozertarako prest dagoana.

5.- Unai Anda Delikagaz buruz buruko ederra egin zenduen. Hor botatako bertsoakaz eta gustora geratu zinan?

Finalean oso gustora ibili nintzan eta Unaigaz toketea sorpresaz hartu neban. Unai pasetea espero neban, final ederra, umoretsu, indartsu ibili zan, behetik gora bikain, txapelketa ederra egin dau eta datu lez baino ez bada be esango deutsut zuiarra 2013an hasi zala bertso eskolan Uxue Diaz de Ceriogaz...

Neu igaroteak harritu ninduan baina gustora hartu neban beragaz kantau barik nengoalako, gozetako esperantzeagaz ekin neutsan buruz burukoari. Azkenean, nire izena entzun nebanean, sinistu ezinik, zurtz eginda geratu nintzan eta Unai besarkatu neban, buruz burukoan eta txapelketa osoan egin dauen lanagaitik. Araban, zorionez bertsolari oso onak ditugu, momentu gozoa biziten dago.  

Azkenean, neure buruan txapela ez nebanez ikusten, txapeldunaren agurra pentsetan hasi nintzan, holakorik jazoko zanik ez nebalako pentsetan. Zorionez polito geratu jatan edo, ama publikoan ikusi neban eta orain urte batzuk joandako aitari eskaini neutsen eta hunkitu be egin nintzan.

6.- Martxoak 3 Alkarteko kideek jantzi eutsuen txapela Santiago Diaz de Espada Fernandez de Monjeren eta Nura Elorriaga Bernausen eskutik. Zelan bizi izan zenduan momentu hori?

Hunkigarria izan zan Nura Elorriagak txapela jantzi eustan momentua. Publikoak be txalo zaparrada luzea eta beroa eskaini eutsen Martxoak 3koei, ondo mereziduta. Guretzako be sano ederra izan zan publikoa zutunik eta txalo-jote benetan luzea izan zalako.

Ganerakoan, Arabako Bertsozaleren autortzea ondo begitandu jatan eta nik neuk be beren-beregi autortzen ditut Martxok 3 Alkartekoak, oraintsu bete dira 50 urte eta langileen burrukeak hortxe jarraitzen dauela jakiteak emozionau egin ninduan. Ez ahaztu, 50 urte igaro dira martiaren 3ko sarraskia jazo zanetik.

Eta jakin daizun, txapelean bertan Martxoak 3 Alkartearen logoa sartu dabe, berezia, benetan.
 

7.- Arabako osasuntsu dago bertsolaritzea, gazteak gogor datozela badakigu baina zein da horren arrazoia?

Azken urteotan egindako lana nabarmenduko neuke. Gauzak ondo, serio egin dirala uste dot, Bertxoko, Arabako Kuadrillartekoa eta holakoak oso inportanteak dira, Bertso Eskoletan jente asko dabil eta hori Txapelketako Finalean be ikusi dogu eta aurrerantzean be igarriko da, 

8.- Txapelketa Nagusia hor dago...

Bai. Lehenengo aldiz kantauko dot Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, niretzako plazerra izango da probetea ze txapelketak itxi ala txapelketek eurek botako naben dudearen aurrean, aukerea egonda, zergaitik ez naz joango. Ilusino handia egiten deust Aroa Arrezubieta, Peru Abarrategi eta Unai Andagaz eta batu daitekezan danakaz bidea egiteak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu