Markel Fernandez: 'Europako Txapelketan urrea irabaztea da asmoa'

Andoni Mugica Lopez 2026-03-30 07:45   Barriketan

Markel Fernandezek (Sopela), Paula Sevillak, David Garciak eta Blanca Hervasek osotutako taldeak 3:16.96 markea egin dau, Polonian jokatu daben Pista Estaldutako Munduko Txapelketan 4x400 metroko errelebo mistoan zidarrezko dominea irabaziz. Espainiako errekorra hausi dabe.

Markelek Poloniara joan aurretik esaten eban astegoien honetakoa denporaldiko hitzordu garrantzitsuena izango zala, ondoren aire libreko Birgminghameko Europako Txapelketea izango dauen arren: ondo gabiz lanean eta badatoz emoitzak. Holan, Markel hasibarriaren ilusinoagaz joan zan txapelketa honetara baina baita Europako zidarra irabazte zer dan dakienaren anbizinoagaz be.

Atleta bizkaitarra bikain dabil. Oraintsu 400 metroko Espainiako txapeldun titulua irabazi eban 46:69ko denporea ezarriz. Salamancan be lortu dau oraintsu Gaztela eta Leongo Txapelketan, 46 segundotik bajatutea distantzia berean, estadu mailan oso atleta gitxik lortu dabena. Berea, Espainiako atletismoaren historiako laugarren markarik onena da. Gainera, Euskadiko eta Bizkaiko errekor absolutuak hausi zituan.

Markel Fernandezek diziplina askotan ibilitakoa da: txirrindularitzan, ugerketan, esku-pelotan... bere herriko ume-lehiaketa herrikoi batean hirugarren izan zan eta atletismoa egitea esan eutsen Berango Atletismo Taldeko arduradunek, iraupeneko lasterketetan, krosean eta 1500 metrokoan, hain zuzen be. Urtebetean Durangoko klubera joan zan.

 

1.- Zorionak Markel! Zelan sentiduten zara zidarra irabazi ostean Estaldutako Munduko Atletismo Txapelketan? Gainera, Espainiako errekorra egin dozue...

Eskerrik asko. Oso pozik sentiduten naz. Sekulako lana egin dogu bertara heltzeko eta, beraz, upealako zoriontasuna da guztiontzat. Nire taldekideak ondoko honeek izan dira: Paula Sevilla, David Garcia eta Blanca Hervas. Lauron artean 3:16.96 markea egin dogu, Espainiako errekorra hausiz. Belgikak irabazi eban lasterketea, 3:15.60ko denporeagaz.

2.- Halanda be, 4x400 metroko probea ez dala zure gogokoena autortzen dozu. Zergaitik?

Bai, esanda daukat 4x400 metroko pobrea ez dala nire gogokoena. Baina ez da egia; pobra guztiak ditut gogoko. Azkenean 400 metroko atletea naz, halanda ze, nire proba gogokena 400 metrokoa da. 4x400 pobrea be dot gogoko, izan be, postazun ugari emoten deust; aurreko urtean urrea irabazi genduan aire zabaleko 23 urtez azpiko Europako Txapelketan (Bergenen), baita zidarra Apeldoorneko Estaldutako Europako Txapelketan. Beraz, azken finean, 400 metroko atletea naz. 

3.- Ibilbide laburrean, emoitza bikainak lortu ditu errelebulari lanetan: zidarra Apeldoorneko Estaldutako Europako Txapelketako 4x400 metrokoan eta urrea aire zabaleko 23 urtez azpiko Europako Txapelketan, Bergenen, 2025ean. Non dago mugea?

Egia da azken urteetan sekulako emoitzak izan ditugula. Non dagoan mugea? Ez dakit, baina espero dot oraindino lekutan egotea [Barreak]. Gitxinaka-gitxinaka hobetzea gura dot eta disfrutatzea, izan be, hori da garrantzitsuena. Hori bai, olinpiadetan parte-hartzen ikusten dot nire burua, hori muga polita izango zan.

4.- Banakako ibilbideari jagokionez, Pista Estaliko Munduko Txapelketan 12. postuan amaitzez gan (Polonia, 2026), oraintsu 400 metroko Espainiako txapeldun titulua irabazi zenduan 46:69ko denporea ezarriz, eta, Salamancan, Gaztela eta Leongo Txapelketan hain zuzen be, 46 segundotik bajatutea lortu zenduan, estadu mailan oso atleta gitxik lortu dabena. Beraz, ondo baino hobeto be zabiz formatu horretan, zeintzun dira zure helburuak?

Bai, aurton 46 segundutik bajau egin ahal izan dot pista estaliko proban, 45:95ko markea lortuz. Ez da izan kasualidadea, halanda ze, sekulako lan mordoa egin dot horretarako, merezi izan dauana. Pista estalia asko gustetan jat, izan be, harin urteta gustetan jat eta horrek ondo egiten deust. Tamalez, ezin dot asko entrenau horrelako pistetan, izan be, Bizkaian ez daukagu halakorik.

5.- Zer nahiago dozu gehiago; bakarrik edo taldean lehiatzea?

Normalean bakarka entrenetan dot; beraz, nahiago dot bakarka lehiatzea. Hori bai, erreleboak be asko gustetan jataz. Esan dodan lez, postazun asko emoten deust taldekideekaz lehiatzea, izan be, denpora asko pasetan dot eurekaz konzentrazinoetan. Horrezaz gan, nire lagunak be dira. 

6.- Hasierako pausuak Berangoko Atletismo Taldean eta Durangoko klubean egin zituzun. Zelan deskudridu zenduan talentu hori? Izan be, diziplina askotan ibilitakoa zara: txirrindularitzan, ugerketan, esku-pelotan...

Diziplina askotik pasau naz atletismoan buru-belarri jarri aurretik; txirrindularitzea, ugerketea, esku-pelotea, surfa... Kontuak kontu, Sopelako ume-lehiaketa herrikoi batean hirugarren postua eskuratu neban. Hori ikusita, gurasuek Berango Atletismo Taldean apuntau eustien. Poliki-poliki eta sekulako entrenatzaileekaz entrenetan, guztion artean lortu genduan nire potentziala ateretea. Eurei esker nago hemen.

7.- Nondik nora zabiz orain? Non entrenetan dozu?

Aurton, Batzelona Futbol Klubean nago. Atletismoaren gauza onenetarikoa, gura dozun lekuan entrenau ahal daikezula da. Ez dot Bartzelonan entrenetan; jente askok galdetzen eustan kontua da [Barreak]. Normalean, Zorrotzako atletismo pistan entrenetan dot, baita Basque Teameko Zentroan be. Orain, denporaldia datorrela, topera hasiko naz entrenetan eta espero dot emoitza onak lortzea.

8.- Bihar-etzi, zeintzuk dira pausuak?

Udan Europako Txapelketa absolutua dator, Birminghameko urian izango dana (Erresuma Batua). Bertan, proba indibidualean parte-hartzea gustauko jaten. Bestalde, 4x400 probean, urrezko dominea lortzea da helburu nagusia. Epe motzean horrek dira helburuak. 

Epe luzean, lehen aitatu dodan lez, olinpiadetan parte-hartzea da. Nire amesetako bat izateaz gan, helburu nagusia be bada.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu