Xabier Goyoaga: 'familia handia gara'.
2026-04-20 07:55 BarriketanXabier Goyoaga.
75 urte egin ditu Arratiako Koruak eta ibilbide emonkor horretan makinatxu bat izan dira tradizinoagaz bat egin eta ondareri eutsi deutsenak. Arratiako Korua 1951.urtean sortu zan eta ordurako, Agate Deunaren koplak abesten urteak eroiezan. Hasieran gizonezkoek baino ez eben kantetan, 25 inguruk. Zornotzako Larreako Aita Jose de Domingo de Santa Teresa karmeldarrak sortutako melodiagaz abesten zituen Agate Deunaren koplak hiru abotsetara.
Kontuak kontu, 1965. urtean, emakumeak eta umeak be sartu ziran koruan (60 abeslari) eta horretarako Aita Jose Domingok, sei abotsetara moldatu eban partiturea eta bere lana eskertu nahian, Zornotzara be joaten hasi zen korua, entzuleen artean Aita Jose Domingo egoten zalarik. Arratian, Zornotzan eta Bilbon abesten eben, beraz. Sortu zaneko helburuari, hau da, ohitureari eustea, koplak zabaltzeari eta gizarteagaz batera aldatzeari.
Arratian zehar kantetan ibili ostean, Bilbon, Begoñako Basilikan, Erriberako Azokan, Bilboko udaltxean, Ibaiganen, Bizkaiko Foru Aldundian, Deustun eta Guggenheim Museoan kantetako ohitureari ez deutse itxi.
Baina 2022. urtean Vatikanoan eta 2024an Bordelen kantetako konbita jaso zituan koruak. Erromatik eta Frantziatik Euskal Herrian dogun ohitura zaharra ezagutarazotea zan helburua, Agate Deunaren koplak abestuz, euskal kulturea gure mugetatik harago hurbiltzea lortu zan, gure ohiturak eta hizkuntzea, euskerea, transmitidutea.
Beharrizanek eraginda, Siziliara bialdu izan dabe batutako dirua, Caritasek be hartu izan dau, Saharako herriak eta bestelakoek be hartu izan dabe, beti helburu zehatzetarako.
75. urteurrenak merezidu dauela pentsauta Agate Deuna eta Aldaerak - Arratiako Koruak 75 Urte Diskoa grabetea be otu jaken eta plazan dago 17 kantu eta kopla berreskuratu dituelarik, Agate Deuna bezperako oihartzunek horretan jarraitzen dabelako, baina urtero aldaera barriak onartuz: koplak, harmonizazinoak, korukideak, bakarlariak, beti bariazinoak gehituz, kantuak aberasteko helburuagaz. Zuzenean be aurkeztu izan dabe eta entzuleen erantzuna upealakoa izan da.
Ordutik hona, gorabeherak bizi izan ditue arratiarrek baina erreleboa badagoala egon nabarmendu daiteke, txiki eta handi, gazteak eta edadekoak prest dagozalako ohitureari, tradizinoari eta ondarea dan horri eusteko.
Edozelan be, Xabier Goyoagari, Arratiako Koruko presidenteari eskatu deutsaguz datuak eta pozik emon deuskuz.
1.- Arratiako Korua 1951.urtean sortu zan eta 75 urteko markea sekulakoa da, nabarmentzeko modukoa. Zu zeu korura batu zinanean zelakoa zan Koruak bizi eban egoerea? Gaur egun zenbat persona zarie?
Aitak etra amak Arratiko Koruan kantetan eben eta, beraz, eurek animauta lau urtegaz edo gurasoei laguntzeko farolagaz joaten nintzan eta, atara kontuak, gaur 46 urte ditut, bizi osoa koruan eta oso pozik nabil, aita, alabea eta neu: aita Bittoriano Goyoaga Beobide 85 urtekoa kantetan dabil gaur egun, alaba Alize Goioga Salcedo 14 urtekoa, zer esanik ez, eta neu be hor nabil, zelan itxiko dot ba belaunaldiz belaunaldi transmitiduten dan tradizino hau [Barreka].
Ganerakoan, Arratiako Koruan 60 bat gara, umeak, gazteak, beteranoak, emakumeak eta pozarren gabiz, 85 urtetik 8ra arteko lagunak gagoz hemen; abeslariak 44 edo izango dira baina dirua batzen dabizenak eta txistulariak tarteko dirala 60 edo izango gara.
2.- Historian, sortzeko momentuan eta eragile lanetan ibilitakoak ezin ahaztu. Zeure aita be hor dabil baina Aita Jose de Domingo de Santa Teresa eta beste batzuk ezin ahaztu. Ze persona nabarmenduko zeunkez?
Bai. Esan dozunak nabarmendu daitekez baina ezin ahaztu Arratiako Koruaren sortzaileak Juan Bernaola eta Benito Sierra-Sesumaga eta lehenengo urteetan zuzendari izandako Javier Etxebarria, 40 urtetik gora ibilitako Aita Juan Jose, Patxo Iturrate eta gaur egun zuzendari lan bikaina egiten dabilen Garazi Navas be nabarmenduko neuke.
Gura neuke Arratiako Koruak beste 25 urte edo segidutea, mendeurrena betetea ederra izango litzatekelako baina gaur-gaurkoz ezin gara kexau.
3.- Erreleboa bermatuta dago. Alkarrizketearen hasierako erretratu horretan, zeu, 85 urteko aita eta 14 urteko alabea agertzen zarie. Duda barik, Arratiako Koruaren indarra erakusten dau horrek...
Bai. Aitarena eta alabearena esan deutsudaz lehen baina holako edo antzeko kasuak badagoz Arratiako Koruan.
Eta umeak be oso motibauta dagoz, gazteak be arrimetan edo hurreratzen jakuz eta Navas zuzendariak egiten dauen lana be erabagiorra da gazteak erakarteko.
4.- Migel Garcia gaur egun kantetan dabilena eta Javier be 25-30 urte inguru ibilitakok, anaiak, be hor dabiz...
Bai. Esperientzia handikoak dira eta aurrera egiteko indarra emoten deuskue. Beteranoak dira eta gustora entzuten doguz anekdotak, bizitako esperientziak, pasadizuak eta holakoak eta barre-algarak be ez ditut ahaztuko. Neuk be gogoratzen dot ezbeharrean bat be izan dogula bertan egunean eta kantau ezinik geratzea, San Mamesen kantetan itxi euskueneko momentua be ez daukat ahaztuteko.
5.- Arratiako Korua noiz batzen da hurrengo urteko ikuskizuna atontzeko, ensaioak eta holakoak egiten?
Ez dogu eten handirik egiten. Urrian edo batzen gara Areatzako udaletxean, leku aproposa daukagu hor eta 10-11 proba edo saio egiten doguz; zapatuetan batzen gara eta pare bat ordu edo egiten doguz kantuan.
Ganerakoan, aurten 75. urteurrena dogunez, ibiltaldi batzuk preparetan be bagabiz eta irailean Vienara joateko amesa dogu. Cataniara be joan ginan, Ageda jaio zan lekura, Erromara Aita Santuari kantetan be bai, Bordelekoa be ez dot ahaztuko baina sinistuko ez badozu be, hau koruau egun baterako, Santa Ageda bezperan kantetako pentsau zan, atara kontuak.
5.- Korukideak oso identifikauta dagoz Arratiako Koruagaz, familia handi bat zarie?
Bai. Lagunarteko gauzea da, barruraino sartu jakun zaletasuna baino gehiago da, tradizinoari eusteko gogoa da, gure indarra. Arratiako Korua kultura eta eskualde mailan sano interesetan jaku, ilusino handiagaz gabiz eta familia handia ete garen, baietz esango neuke.
6.- Gaur egun Garazi Navas Mundiniano (Usansolo 1995) gaztea da zuzendaria, sekulako musikaria, besteak beste, Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz bakarlari modura jo izan dauena baina datu gehiago nabarmentzearren, zeintzuk aitatuko zeunkez?
2017an sartu zan Arratiko Koruan eta pozarren gagoz, Garazi Navas eredutzat dogu, umeak eta gazteak motibau egiten ditu eta hori oso garrantzitsua da guretzako. Ganerakoan, 2019an Musikako Goi-Mailako Ikasketak eta 2021ean Musika-Interpretazinoko Irakaskuntza Artistikoen Masterra akordeoi espezialidadean amaitu zituan Musikenen. Gaztea izan arren, proiektu askotan parte hartu dau musika garaikidea, klasikoa, tradizionala eta beste estilo batzuetakoak jorratuz. Diziplina askotako artistakaz alkarlanean dabil, jantza, poesia, antzerkia edota instalazino artistikoak lantzen. Euskadiko Ikasleen Orkestrako (EIO) akordeoilaria izan zan 2014an Madrilgo Monumental Antzokian, Donostiako Kursaalen, Bilboko Euskaldunan eta Zaragozako Auditorio Nazionalean egindako kontzertuetan.
Horrezaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiak 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako musika-bekea emon eutson eta 2020an Donostiako Orfeoia - Musikene Saria jaso eban bere ikasketa amaierako lanagaitik. 2024an Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria jaso eban.
Asturiaseko Goi-Mailako Musika-Konserbatorioan irakasle dabil eta praktika musikalaren inguruko ikerketa artistikoan oinarritutako proiektu batean buru-belarri dabil.
Hori guztia eta datu gehiago be baditut baina ez gara hasiko danak esaten. Profesional handia da eta subertea da geuga Arratiako Koruan zuzendari lanak egitea.
7.- Diskoaren grabaketan 32 emakume eta 18 gizon ibili dira. Solistak emakumeak zein gizonak, aukera-bardintasuna eta genero-orekea sustatu...
Edozeinek parte-hartzea izan da gure asmoa, ume, gazte, beterano eta zaharrak ez doguz baztertzen eta erabagia da emakumeak be parte inportantea dirala eta asmo horri eutsiz, bakarlari be ibilten dira koplak kantetan eta politto egiten dabela esango neuke.
Arratiako Korua euskal kultura eta tradizinoaren transmisinoan oinarrizko eragilea da eta disko honek bertako eta euskal musika tradizionalaren bildumea osotuz, gure sustraiak eta nortasuna indartzen lagunduko dau. Eta belaunaldi barriek euskal musikearen aurrean daben interesa biztu eta zabaltzeko balioko dau.
8.- Euskereak be aparteko inportantzia dauka zuontzat. Zergaitik?
Euskera da beti ezagutu dogun berbakerea eta gure kulturearen ardatza izanik, disko honetan jasotako kantuek hizkuntzearen transmisioan lagunduko dabe, euskerea naturaltasunez zabaltzeko tresna baitira, bai tokiko komunidadean eta bai harago be. Horrezaz gan, euskerazko errepertorioa aberasteko eta zabaltzeko ekarpena izango da.
9.- Salaberri, Schweitzer, Ugartetxea, Zulaika, Bach, Aita Madinaren eta beste batzuen koplak jazo dozuez eta oso oker ez bagagoz konbentu batean topautako liburu baten ezagutzen ez ziran abestiak berreskuratu eta interpretetan ditu Arratiako Koruak. Sekulako lana dago hor, jenteak pentsau leikena baino gehiago...
Holan da, bai. aitatu dozuzan horreek eta beste batzuk be zehaztu geinkez, Agate Deuna eta Aldaerak be sartu doguz eta nabarmendutearren Jose Artetxe, zer esanik ez, Amurizaren Amandreak horretan kopla zaharrak berreskuratu doguz.
Aurrera egin aurretik babesleak be aitatuko deutsudaz, besteak beste, Arratialdeko udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia nabarmenduko neukez.
10.- Ane Arsuagak izan dau Arratiako Koruko diskoaren azala eta diseinu bisuala lantzeko ardurea. Pozik geratu zarie emoitzeagaz?
Oso pozik. Ane Arsuaga esperientzia eta sormen handikoa da, Arratiako Koruko diskoaren azala eta diseinu bisuala lantzeko ardurea izan dau. Haren estiloari jagokonez, naturea eta koloreen erabilerea azpimarratuko deutsudaz, diskoaren edukiaren ikuspegi eta sentimendua islatzen asmau dauelako.
Ane Arsuagaren lanak beti izaten dira erakargarriak eta, beraz, esperientzia hau ez da salbuespena izango. Koruaren musikea eta mezua nbarmentzeko kolore ugari erabili ditu publikoaren arretea biztuteko eta emozinoak suspertzeko asmoagaz.
11.- Hemendik aurrera zer?
Gazteei hurreratu daitezala, ez dirala damutuko, horixe da nire mezua, animau daitezala eta geure tradininoari, ohitureari eta biziteko moduari eusteko eskatzen deutset. Ateak zabalik dagoz.
Ganerakoan, lagundu, babestu gaituen erakunde, lagun, txistulari eta hurrekoak eskertu gura dodaz eta, jakina, entzuten etorten diran guztiak be azpimarratuko neukez, indarra, bizia emoten deuskuezalako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
