Gaizka Lozano: 'gurea ez da mozorroa, gu jantzi egiten gara'.

Koldo Isusi Zuazo 2026-02-23 07:50   Barriketan

Eguraldiak larregi lagundu ez badeusku be, herririk herri, pozik ibili gara Aratusteetan eta Mundakako Atorrak eta Lamiak Bizkaiko ezagunenetakok dira. Mundakako Atorren Elkarteak 20 urte beteko ditu aurten sortu zenetik. Gaiaren harian, Mundakako Atorrak liburua plazaratu dabe oraintsu. Argitalpen horrek eta 12 abestiko diskoak Mundakako Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailaren babesa jaso dabe. Baina zehetasun horreen barri zehatza jakiteko Mundako Atorrak alkarteko Gaizka Lozano konbidau dogu.


1.- Zorionak Gaizka liburua plazan dagoalako, liburua eta diskoa. Hamabi kantu batu dozuez baina zein izan da erispidea 12 horreek aukeratzeko? 

Urtero sortzen dogu kantu bat baina orain dala 34 urte beste hamalau grabau genduzan, normalean gehien  kantetan diranak eta aukeratzen doguz edo guretzat esanguratsuak diranak baina leitekeana da bateren batek kondaira edo isorio zaharren bat ekartea eta holakoak be interesgarriak izaten dira.

2.- Memoria kolektiboari, herri ondareari eusteko egiten dozuez kantuak, aurreko urtean bizitakoak kontetan dauen abestia sortzen dozue...

Bai, urtean herrian egon diran gorabeherak eta holakoak kontetan doguz, aldaketa fisikoak, sozialak, kulturalak, politikoak eta holakoak. Anekdotaren bat edo beste be nabarmendu neike eta bat daukat orain buruan, 86. urtean egindako kantua Begira, begira Laidatxu hiru zubiakin egin zanean eta, jakina, gure herriaren historian jazotakoak batzea be gustetan jaku.

3.- Urra Jose Babil eta Mari Manu kantuen antzekoak abestuko zituen antxina baina ez dago jakiterik Mari Manu eta Jose Babil nortzuk ziran…

Ez. Antxinako personaiak izango ziran baina gauza asko ez dakiguz, Atorrak zelan sortu ziran eta holakoen zehehetasunak falta jakuz; geure gorabeherak ezagutzen doguz, orain 100 urte inguruan jazotakoak  eta holakoak baina orain 200 urte baegozala esan geinke, nondik eta zehatz esaterik ez dagoan arren. Misterioa. Baina kontauko deutsut Martin Erreka konde izan zana, dringilin-drangon joiala etxerako bidean eta heldu zanean andreak sekulakoak bota eutsozala, azpiko gonea, izara edo miesa zatiren bat ekarren eta hori izan daitekela Atorrak esanguratsuaren jatorria edo zabal dabil herrian. 

4.- Liburura zer batu dozue? Egunean-eguneango edo urte osoko pasadizo eta gorabeherak plazaratzen dozuez?

Penea da ez dakigula zehatz nondik eta noiztik datozen Atorrak. Liburua abesti bategaz hasten da, Ez dakigu noiztik datozen Atorrak; gure nagusi edo edadekoei galdetu eta udaletxean be ibili gara dokumentazinoaren bila eta saiatu gara hori guztia liburura batzen eta jakina, 12 kantu be sartu doguz, ondarea da, galdu behar ez dana, bakotxak bere azalpena dauka eta pozik geratu gara emoitzeagaz. Oso oker ez banago 59 kantu jazo doguz eta piloa dira, hamarkadaka sailkatu eta bilduma historikoa, soziala, kulturala eta politikoa osotu dogu. Polito geratu dala pentsetan dot, mundakarrentzat zein edozeinentzat altxorra.    

5.- Gaur egun Mundaquesita eta Enenden Brai nabarmendu geinkez...

Bai. Horreek dira sasoi gogor batzuetakoak, diktadurea eta enparauak. Enenden Brai kantuak emoten dau ez dauela ezer esaten baina zentsurea be tartean zan eta zorionez, euskerazkoak bai baina gobernadoreak galarazota gaztelaniazkoak plazaratu behar ziran. Kontua da ze kantuetan esandakoek eta ez esandakoek zehatz nabarmentzen zituela sasoian sasoiko kontuak

7.- Mundakako benetako mozorroa atorra zan baina badago esaterik noiztik datorren Mundakako Atorrak ospakizuna?

Ez dakigu baina 1843an edo galarazota egoala gauza jakina da baina udaletxean badagoz dokumentuak eta antxina-antxinakoak dirala badakigu. Orduko alkateak esan ei eutson gobernadoreari baimena emoteko Atorrak euskeraz egin ahal izateko.

Beste alde batetik, gurea ez da mozorroa, gu jantzi egiten gara, ni ez naz mozorrotu, urtean behin jazten gara. 

8.- Lamien txandea arratsaldez izaten da. Zergaitik ez danak alkarregaz?

Bakotxak bere momentua dauka. Atorrak goiz edo eguerdi partean ibilten gara kalejiran eta gero bazkaltzen joaten gara; baina datorren urtean 50 urte beteko dira Lamiak lehenengoz urten ebela eta ordukoek pentsau eben Mundakako Aratusteak osotu edo egin beharko zirala eta neska gazteei otu edo bururatu jaken personaia mitologikoa gogoan, jazkera berezia, arpegiak pintau eta kalera urtetea polita izango zala. Esan eta egin. Zuriak dira atorrak eta lamiak baltzez doaz, begi buelta osoa baltzez, arpegia zuriz pintauta eta peluka edo uleorde zuriagaz. Orain hamabost bat urte lamiak euren kalejirea egin ostean, Atorrak eta Lamiak Goiko kalean batzen hasi ginan eta pare bat kantu abesten ditugu, eguneko momentu hunkigarriena izaten da, berez sortutakoa. Oso ondo konpontzen gara. Ikusizuna dotorea da eta herrikoak zein kanpotarrak hurreratzen dira Mundakara.

9.- Liburuaren lehenengo edizinoa da. Datorren urtean be bigarrena etorriko ete da?

Datorren urtean kantu bakarra eukiko dogu eta, beraz, ez da egokiegia izango. Edozelan be, gustauko litxakigu 10-15 urte barru edo Lamiak alkarteak euren liburua egitea edo bion artean beste bilduma bat ataratea. Guk kantau egiten dogu Lamiek be bai baina eurek jantzan egiten dabe. Gu gara estudiantinea eta eurak jantzan egiten oso trebeak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu