Oier Ibarretxe: 'Los Angeleseko Olinpiar Jokoetako urrea gura dot'
2026-03-02 07:59 BarriketanOier Ibarretxe boxeolariak ibilbide olinpikoa eta profesionala buztartuko ditu. Basque Teameko bekaduna da (2024) boxeo olinpikoan lortutako emoitzakaitik. Oier harro dago euskal eliteko kirolari izateagaitik; hori dala eta, batasuna eta atxikimendua agirian ixten dituan jazkerea neurketetan eroatea erabagi dau.
Ibarretxe txikitatik lehiatu izan da boxeo amateurrean. Gainera, 2024an Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatu zan, Emilio Garcia estadubatuarrari Bangkokeko preolinpikoan irabazi ondoren.
Hitzordu olinpikoan egotea funtsezko urratsa izan zan haren ibilbidean. Parisen -63,5 kilogramoko kategorian lehiatu zan, baina lehen kanporaketan Bazarbay Mukhammedsabyr kazakhstandarraren kontra galdu arren, emoitza hori sano baliotsua izan zan.
Ibarretxek behin baino gehiagotan adierazo dau bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunagaz lotzen jarraitzeko asmoa dauela. Halanda ze, Los Angeles 2028ko Jokoak dira helburuetako bat.
Bestalde, martiaren 14an, La Casillak sekulako boxeo galea hartuko dau, izan be, goi-mailako boxeolariak izango dira. Halanda ze, 22 urteko galdakoztarraren estreinaldi profesionala izango da. Bertan, Jon Jonfer Fernandez (Europako Txapelduna), Jokin Garcia, Gianluca Ceglia eta Somay Bilal lako kirolariak izango dira.
1.- Lehenik eta behin, zorionak, izan be, ibilbide olinpikoa eta profesionala buztartuko dituzu hemendik aurrera. Kapaz izango ete zara biak batera eroateko?
Eskerrik asko. Bai, arazo barik espero dot biak buztartzea. Halanda ze, lau ataleko saioak egingo dodaz eta ez seikoak. Beraz, kapaz ikusten naz biak batera buztatzen, ondo moldatuko nazela pentsetan dot.
Orain, ohitzen joan behar naz modalidade horreetara egokitzeko. Bestalde, nazinoarteko txapelketetarako prestetan hasi naz, izan be, hori da garrantzitsuena.
2.- Halanda be, zure erronka nagusia 2028ko Joko Olinpikoetan dominea irabaztea dala autortu dozu...
Bai, guztiz. Horretarako entrenetan nago. Jakina, sekulako lana eta esfortzua da, baina nire amesetako bat da hor egotea eta dominea eskuratzea. Edozer jazo daiteke, baina, Los Angeleseko Olinpiar Jokoetako urrea gura dot.
3.- Horreezaz gan, zeintzuk dira hurrengo pausuak?
Debuta egin ostean, hilaren 14an, Brasileko munduko kopean pentsetan hasiko naz. Oso txapelketa garrantzitsua da rankingerako, baita jokoetako sailkatze txapelketarako be.
4.- Basque Teameko bekaduna izateak be laguntzen deutsu aurrera egiten ezta?
Jakina. Asko eskertzen deutset laguntzea. Beti dagoz prest behar dodan gauzetan laguntzeko. Eskerrak emon gura deutset eskaini deusten babesagaitik eta historia egingo dogu alkarregaz. Seguru nago horretaz. Gainera, batasuna eta atxikimendua agirian ixten dituan jazkerea eroatea erabagi dot.
5.- Gaztea izan arren esperientzia handia daukazu daborduko boxeoan. Noiz hasi zinan kirol hau praktiketan?
Kick Boxing praktiketan zortzi urtegaz hasi nintzan. Hori bai, segiduan konturau nintzan hankakaz oso baldarra nintzala, beraz, alde batera itxi eta boxeak hartu eban protagonismo osoa. Aurrerago, 13 urtegaz hain zuzen be, talde nazinonalean sartu eta orain arte hor nabil.
Bestalde, 2023an 22 urtez azpiko Europako Boxeo Afizinonatuen Txapelketan, -63,5 kg. kategorian hain zuzen be, irabazi egin neban.
6.- Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Ez dodaz inoiz izan erreferenterik. Bai, ostera, idoloak boxeatzeko daben moduagaitik. Nire gurasuak erakutsi deustie konstantziaren diziplina eta erresilientziaren balioa. Halanda ze, gauzak ez dira ataraten inoiz batek pentsetan daben moduan eta hori kontuan izan behar da beti. Horregaitik, beti prest eta saiatzen jarraitu behar dogu.
7.- Martiaren 14an egingo dozu debuta La Casillan. Zer espero dozu?
Espero egun ahaztuezina izatea. Ez bakarrik niretzat, izan be, jente asko egongo da bertan animetan: taldea, familia, lagunak, ikusleak... Sekulako eguna izango da danontzat eta espero dot aparta izatea.
Gainera, Bilbon sekulako boxeolariak ikusteko aukerea izango dogu, esaterako: Jon Jonfer Fernandez (Europako Txapelduna), Jokin Garcia, Gianluca Ceglia eta Somay Bilal. Beraz, aukerea ona izango da boxeoa gertutik biziteko.
8.- Zer da zuretzat boxeoa? Zelan biziten dozu?
Nire bizimodua da eta suertez, baita nire ogibidea be. Boxeoari esker, gaur egungo personea naz. Gainera, horri esker, balioak eta konfidantzea asko jorratu dodaz. Benetan, sinistuezina da boxeak emoten dauena.
9.- Gainera, urte asko daroazuz etxetik kanpo kirol hau praktiketan. Nondik nora zabiz orain?
Orain dala lau urte, Madrilen bizi naz, Joaquin Blume erresidentzian, izan be, hemen dago estaduko talde nazinonala.
10.- Etorkizunean, 2027ko joko olinpikoetan dominea irabazten ikusteaz gan, non ikusten dozu zure burua?
Egun, 2027ko joko olinpikoak ditut buruan, besterik ez. Lehenengo, sailkapena lortu behar dot eta, ondoren, dominea eskuratzen ikusten dot nere burua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
