Txomin Uribe: 'gizarteari matraila hazurrekoa emon deutsagu'
2026-03-16 08:00 BarriketanTxomin Uribe (Tu-K).
Ondarroako Tu-K taldeak martiaren 13an kaleratu dau 21 22 - 11 diskoa. Guztira, zazpi abesti ditu. Ondokoak dira parte-hartzaileak:
- Jose Lastra: programazinoa eta tekladua.
- Txufo Wilson: tekladua.
- Markel Uribe: gitarrea.
- Josu Aranbarri: abeslaria eta bajua.
- Txomin Uribe: abeslaria, programazinoa eta gitarrea.
- Ixiar Oreja, Jon Salinas (Tatxers) eta Izar Aranbarri: abeslariak.
Horrezaz gan, Ze gixon genero za zu? abestia aurreratu euskuen. Musikea eta berbak Josu Aranbarrik egin zituan. Bestalde, Jon Salinas da abeslaria.
1984an sortu eben Tu-K taldea Txomin Uribek eta Josu Aranbarrik. Ondoren, Bernar (gitarrea), Justo (teklatuak) eta Ander (tronpetea) batu ziran. 2024an, 40 urte ostean, Tuka esaten da binilo doblea kaleratu eben. Orain, ia urte bi geroago, lan barria aurkezten deuskue: 21 22 - 11.
Entzun disko osoa hemen.
1.- 40 urteren ostean, Tuka esaten da biniloa kaleratu zenduen. Orain, urte bi aurrerago, 21 22 - 11 diskoa aurkeztu dozue. Harrera ona izan dozuen seinale? Tu-K barriro modan dago?
Bai. Alde batetik, gure betiko jarraitzaileak ziranen babesa jaso dau. Beste batetik, entzule gazte asko zuzenekoak ikustera etorri dira eta emoten dauanez asko gustau jakue Tu-K. Bestalde, gazteei post punka gustetan jakela konturau gara, halanda ze, The Cure edo The Jesus and Mary Chain lako taldeak gazteen artean modan dagozala esango neuke.
Horreezaz gan, Tuka esaten da biniloari be jarraipena emotea gura genduan abesti barriekaz.
2.- Zelan sentidu zarie Tu-K taldea barriro oholtzolaratzen?
Primeran. Gainera, ez da izan gatxa. Josu eta biok beti egon gara batera. Tu-K eta gero, Piztiak taldean izan ginan urte askotan. Bestalde, orain dala urte gitxi, kaleratu bako maketa batzuk genduzan eta ez zan gure buruan sartzen hori holan ixtea. Beraz, abesti horreek kaleratzeko ardurea geunkan.
Zuzenekoak sekulakoak izan ziranez, abesti barriak kaleratu eta taldeari jarraipena emon deutsagu.
3.- Zer eskaintzen deusku lan barriak?
Desbardina da. Hau dau, ez da betiko Tu-K. Atrebiduagoak izan gara lan honetan. Gainera, disko lasaia da, entzuteko atsegina.
Bestalde, lan asko egin dogu tekladua eta gitarrea buztartzen. Jose Lastra ibili da tekladu lanetan eta nire seme Markel izan da gitarristea. Azkenengo horri esker, doinuek itxura gazteagoa hartu dabe.
4.- Nondik dator 21 22 - 11 diskoaren izena?
Josu Aranbarriren idea izan zan, hots, olgetea. Euskal alfabetuko Tu-K letren posizinoa da; hau da, T (21), U (22), - eta K (11).
5.- Aurrerapen abestiko letrea eta musikea Josuk egin ditu. Hori bai, Tatxers taldeko Jon Salinas da abeslaria. Zelan suertau zan kolaborazinoa?
Abestia Josu eta nire arteko hausnarketeada: geu geuri eta zu, ze gizon genero za zu?. Normalean beti gagoz emakumeen inguruan zer esan eta oraingoan ez, hau da, gu gara protagonistak. Joni kolaboretea eskatu geuntsenean, segiduan emon euskun baietza, oso pozik gainera. Horrezaz gan, Koloretan dzanga abestian be parte-hartzen dau. Abesti ha, aurrera pausua da guretzat, izan be, abesti funka sortu dogu. Inoiz ez genduan pentsau holako abestia egingo genduanik.
6.- Horreezaz gan, kolaborazino gehiago egin dozuez? Esaterako, jakin badakigu Kirmenek aurreko diskoan pare bat abesti idatzi zituala...
Bai, asko. Aranbarri eta nitaz aparte, Kirmen (Bertan urtuko da) eta Josu Eizagirrek (Esaidazu nor naizen) letra bana egin dabe. Txufo Wilson (Empty files), tekladuetan egon da eta Izar Aranbarri eta Jon Salinas (Tatxers) abotsetan.
Ixiar Orejak Bertan urtuko da abestian kantetan dau, baita Koloretan dzanga abestian be. Abesti ha, diskoko alegerena da, baina, halanda be, gizarteri matraila hazurrekoa emoten deutsagu.
7.- Zer moduz Markelegaz joten?
Ondo. Aurreko diskoa kaleratu genduanean hasi zan zuzenekoetan parte-hartzen. Aita alboan izanda be, lasai joteko esaten deutsat. Oso abila da. Gainera, gazteek entzuten dituen talde barrien tokea emoten deutso, esaterako, Gorillaz taldean. Ez dau egin gauza sinple bat, entzutekoan argi ikusiko dozue; punteoa baino bereziagoa da, delikadua esango neban.
8.- Horren harira, gogoan daukat orain dala urte biko alkarrizketan gaur egun gazteak erreminta hobeak dituela, hau da, hobeto joten dabela aitatu zendula. Begi-bistan daukazu orain?
Duda barik! Piloa dakie, guk ez genkien zer zan gitarrea be [Barreak]. Hori bai, gauza bat da gitarrea joten jakitea, eta bestea, oso desbardina, abestiak sortzea. Halanda ze, bien batuketea egin ezkero, perfekto.
9.- Makinatxu bat kontzertu atondu dituzue daborduko. Gainera, horreetako bi Alemanian. Zelan suertau da?
Bai, orain dala urte bi jarri ziran geugaz kontaktuan, Tuka esaten da lana kaleratu genduanean. Kontuak kontu, diskoa gustoko ebela eta ia mobiduko ginan Alemaniara esan euskuen. Zorionez, Aste Santuan danez, sekulako aukerea da guretzat eta kontzertu bi emongo ditugu: Belinen (martiak 29) eta Bremeneko Musikerverein Kulturbunker-Vulkanen (apirilak 2). Oso pozik gagoz. Gainera, Korrika amaitzen dan eguna izanez, zeozer berezia egingo dogu.
Ondoren, Donostiako Dabadaban egongo gara Petti abeslariagaz batera. Horrezaz gan, maiatzaren 8an Bira Kultur Gunean (Bilbo) izango gara eta bagilaren 27an, Pasaiako Bixi Kultur Alkartean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
