Mikel de Gregorio: 'partidua ekimen solidarioa da Israelen genozidioa salatzeko'
2025-11-03 07:45 BarriketanJai solidario erraldoia atondu dau Euskadiko Futbol Federakundeak, San Mamesen, zemendiaren 15ean Euskal Selekzinoaren eta Palestinaren arteko partidua, hain zuzen be. Federakundeak jakinarazo dauenez, 45.000 sarrera saldu dira eta gitxi baina badagoz oraindino. Erosi sarrerak hemen.
Palestinako genozidioa salatu eta bakea eskatzeko eta defendiduteko alkartasun helburuari eutsiz partiduak sekulako oihartzuna izango dau hemen eta munduan.
Partidurako sarreren salmentatik lortutako dirua Gazan ahalegin humanitarioetan lan egiten dauen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati emongo jako.
'Herri libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop' lelopean zemendiaren 15ean Bilbon egingo dan martxeagaz asko dira bat egin dabenak, besteak beste, Gaizka Garitano Cadizeko entrenatzailea; Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohia; Ainhoa Tirapu eta Eva Ferreira Athleticeko jokalari ohiak; Oier Sanjurjo Osasunako jokalari ohia eta Nafarroako Ikastolen alkarteko presidentea; Yaser Hamed Palestinako selekzinoko jokalaria; Joxe Mari Mitxelena Euskadiko pelota federazinoko presidentea; Xabier Usabiaga eta Xabier Euzkitze kirol esatariak; eta Isuntza, Getaria eta Hibaika arraun taldeak.
Kontuak kontu, Mikel de Gregorio Escribano (Getxo, 1985) da kirol zuzendaria, futbolari ohia, besteak beste, Getxoko Arenas eta Sestao River Club taldeetan ibilitakoa. Getxotarrari eskatu deutsaguz azalpenak eta gustora egin dogu barriketaldia.
1.- Partidurako pare bat aste falta badira be eta gorabehera guztiak atontzeko prozesuan gehiena eginda egongo dala pentsau arren, zer falta jatzue? Zelakoa izan da orain arteko prozesua?
Partiduaren detaile txikiak falta jakuz baina prozesua luzea eta gogorra izan da, aspaldi ekin geuntsen kontaktuei, Palestinako Federazinoagaz be izan doguz hartu-emonak eta beti ibili gara gustora, Europan lehen aldiz gure kontra jokatzea sekulakoa da eurentzat, mundialerako ez dira sailkatu eta pozarren dagoz gurean aukerea izango dabelako euren burua erakutsi eta futbolean daben mailea emoteko. Gogoan hartu partiduak upealako oihartzuna izango dauela Europan eta munduan.
2.- Federakundeak jakinarazo dauenez, 45.000 sarrera saldu dira eta gitxi baina badagoz oraindino. Hori datua ofiziala da?
Bai edo. San Mames betetea da asmoa baina ez da erraza izango. Jai egun berezia solidarioa atontzen gabiz eta jentea animau gura dot, futbol partidua baino gehiago izango dalako, Palestinari laguntzeko ekimena. Gure selekzinoaren barri munduan emotea be bada helburua. Erosi sarrerea ahalik eta arinen, azkenean ez daiten inor damutu.
3.- Zelan okurridu jatzuen Palestinako selezinoa Bilbora ekartea?
Ofiziltasuna beti dogu buruan eta eten barik ibilten gara arerion bila eta zenbat eta maila handiagokoa izan hobeto. Aurten, Palestina-Gaza-Israel hirukoak bazterrak astindu ditu eta ezelako gizatasun eta ontasunik erakutsi ez eta neurri bako krueltasunak milazak hildako eragin ditu, ez dago deretxorik, bihar-etzi liburuetan agertuko dira holakoak eta gure aldetik aletxoa jarri nahi izan dogu danon artean holako astokeri, sarraski edo triskantzei aurre egiteko.
4.- Gernikan, Bakearen Museoan egitea partiduaren aurkezpena esanguratsua da...
Bai, Gernikako Bonbardaketea ezin dogu ahaztu eta Gazan jazotakoa be sano gogorra da; esangura horretan herrialde biek sufridutakoak alkarbatzen gaitu.
Euskal Futbol Federakundeko buruak, Iker Goñik esan dauenez, Gernikako tragedia indarkeriaren eta bidebakokeriaren kontrako sinbolo unibersal bihurtu zan. Gaur egun, ia 90 urte aurrerago, sinboloa bizirik dago.
5.- Euskal Selekzinoaren entrenatzaile Jagoba Arrasate izango da baina ganerakoak zeintzuk izango dira?
Mikel Labaka izango da Arrasateren laguntzailea, bigarren entrenatzailea, Jon Zubillaga analistea, Imanol Etxebarria atezainen entrenatzailea, Iban Urkiza prestatzaile fisikoa, Xavi Valencia medikua eta Asier Urkia eta Isusko Ortuzar fisioterapeutak. Lehen mailako talde teknikoa sortzea izan da gure asmoa, kiroltasunari eta profesionaltasunari eustea.
6.- Jokalarien deialdirik egin dozue? Nobedaderik izango ete da?
Oraindino ez dogu deialdirik plazaratu ze lesinoak, azken orduko bajak eta holako ezustekoak izaten dira eta ez dogu hanka-sartzerik gura. Ibili gara jokalariak aztertzen eta zeozelako jarraipena egiten baina izenik ezin deutsut aurreratu.
Palestinako taldeari jagokonez, Palestinako Federazinoagaz eta hartu-emonetan gabiz eta orain arte pozik gagoz.
7.- Yaser Hamed Palestinako selekzinoko euskal jokalaria ikusiko ete dogu San Mamesen?
Espero dot baietz, leioaztarra da eta partiduaren aurkezpenean be egon zan, bera eta anaia be egon daitekez deialdian. Ona izan daiteke bientzat San Mamasen jokatu eta mundu zabalean, euren kapazidadea zabaltzea.
8.- San Mamesen izango diran kazetari akreditatuen artean, ezustekorik? Danetara, zenbat akreditatu dira?
Asko, munduan eragin handikoa izango da partidua eta telabista arabiarra, Europa eta munduko hainbat albistegitako kazetariak be izango dira San Mamesen.
9.- Zu zeu jokalaria izan zara, besteak beste, Getxoko Arenas eta Sestao River Club taldeetan. Futbolean segidutea ez zenduan pentsau?
Futbolean txikitatik nabil eta aitatu dozuzan talde horreek eta gehiagotan be jokatu dot, besteak beste, Leioa, Laudio eta Zamudion. Kirola maite dot eta disfrutau egin dot horreetan urteetan eta kitu.
Orain, Euskal Futbol Federakundeko kirol zuzendaria naz eta oso gustora nabil.
10.- Mezu berezirik partidura joan ala joan ez dudan dagoanarentzat?
Hartu daiala sarrerea ahalik eta arinen. Partidua baino gehiago, ekimen solidarioa da, Palestinako genozidioa salatu eta Gobernuz Kanpoko Erakunde bati emongo jako batuko dan diru guztia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
