Onintza Enbeita: 'liburua gozamena izan da eta umea mundura ekartea sekulakoa'
2025-10-06 07:46 BarriketanBizitza baten txatalak- Andre bat lurrari emana izenburuko liburua plazaratu dau muxikarrak eta ama be izan da. Enbeita abizenak belaunaldi ederra dakarzku, akaso, Balendin, igaz Ohorezko Lauaxeta Saria irabazi eban Jon Enbeita nabarmendu beharko geunkez baina Oihane, Zihara, Zigor, Moises, Abel eta Xabier ahaztu barik.
Onintza Enebitak 2018an Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi eban, irabazten lehen emakumea izan zan. Bederatzi urtegaz hasi zen bertso eskolan eta hamaseigaz plazetan kantetan. Garriko bertso-eskolako kidea izan zan. Ordutik, makinatxu bat saltsatan ibili da, kulturgintzan, komunikabideetan, politikan, Labayru Ikastegian, Argian...
Argiak Baratzea sailean liburu barria kaleratu dau: Bizitza baten txatalak eta hor Feli Madariagaren bizipenak jaso ditu. Hamabost euroan salgai dago Argiaren Azokan.
Liburuaren aurkezpena urriaren 10ean izango da, barikuan, 18:30ean Muxikako Igertu baserri atarian.
1.- Zorionak liburua plazaratu dozulako eta ama izan zarelako...
Bai, eskerrik asko, urte emonkorra duda barik, liburua idaztea gozamena izan da baina umea mundura ekartea sekulakoa, urteetan gora goazela kontuan hartuta, pozarren nago.
2.- Umea bertsotan ikusiko ete dogu?
[Barreka] Ez dot baztertzen aukera hori. Umedun geratu nintzanetik gehien entzun dodana da hori, umea bertsolari edo ibiliko ete dan. Nik gura neuke umea bertsozale izatea. Baina holakoetan aukera bi egoten dira gorrotatu edo maitatu. Jaio aurreko bertso saioetan egon nazenean, kantetan nengoanean isilik egoten zan baina jesarten nintzanean, mobiduten eta ostikadak emoten sentiduten neban. Orain, barriz, mundura salto egin dauenen, saioetan txaloka ibilten da eta batek jakin zer egingo dauen bihar-etzi.
3.- Oso oker ez bagagoz Argiako behargina zara, zertan ibilten zara?
Behargina ez, kolaboratzailea naz Argian; hilero alkarrizketa bat idazten dot eta Bizi Baratzea txatalean be banabil. Eta orain eszedentzian egon arren, Labayru Ikastegiko behargina naz.
4.- Liburua Argia Plazan online erosi daiteke 15 euroan. Zein da bidea? Dendatan? Durangoko Liburu Azokan?
Bai. Online erostea aukera polita da, erosoa eta erraz egitekoa. Dendatan laster egotea espero dot baina badakit Durangoko Azokan egongo dala eta neu be astelehenetan hiru ahizten artean, Gernikako Azokan dogun postuan be badagoala aukerea liburua erosteko
5.- Feli Madariagaren bizipenak batu dozuz liburura. Nor da Feli Madariaga?
Guretzako andra baserritarra da, Muxikan bizi dana eta andran ikerketea egin genduanean hor egoten zan eta niri begitandu jatan ona zala Madariagaren gorabehera guztiak liburura batzea. Baldatikan jaioa, Muxikara ezkondu zan eta guk baserrian, ortuan eta ezagutu izan dogu baina beste lan batzuk be bazituan. Gure Etxe Bakarra antzezlana egin genduanean ezagutu neban Feli eta igarri neban emozino eta gorabehera asko bizi izan dituan andra bat dala, sasoiko beste andra batzuen antzera isilik egon dana, gizarte mailan eta asko emotekoa izan arren. Andre bat lurrari emana, 60 urte inguru egin ditualako lurra lantzen, lurraren zikloak, sasoian sasoikoagaz eta horretan ibili dala Julian, senarra zanagaz; Felik esana da guri lurrak asmo emon deusku eta geuk be lurrari asko emon deutsagu.
6.- Bizkaiko Bertsolari Txapelketeari Urdulizen ekin jakon eta Aitor Bizkarra izan zan jaun eta jaube; Lekeition, barriz, Txaber Altube eta Mungian Unai Mendiburu Izan dira irabazle. Nafarroako Txapelketa hasibarrian lehenengo saioa, Eneko Lazkozek irabazi eta finalaurrekorako txartela eskuratu dau. Gazteak indartsu datoz eta broma gitxi aurten. Zuk zeuk zemendiaren 9an kantauko dozu Barakaldoko finalaurrekoan, besteak beste, Xabat Galletebeitiagaz. Umea eta beharra buztartzeak denporea kenduko ete deutsu lanketarako eta?
Bai, denpora asko, orain arte be txapelketak eta atontzen ibili nazenean, ez neban holako ardurarik, jenteagaz lasaiago ibili naz hara eta hona ibilteko eta orain gatxagoa da martxa horretan segidutea baina 9 hilebeteko umeagaz pozik nabil eta kontziliazino familiarra be zeozertarako dago, ez daigun aita ahaztu. Ama izatea ederra da.
7.- Nor ikusten dozu aurten txapeldun?
Galdera gatxa. Ez neuke jakingo esaten nork irabaziko dauen txapelketea. Nerea Ibarzabalen hutsunea igarriko da, finalean leku bat gehiago egongo da eta hautagaiak asko dira, burrukea izango da seguru. Ohiana Bartra, Aitor Etxebarria, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga eta orain urte bi sartu ginanok be eutsi gura dogu baina gazteak gogor dagoz...
8.- Bertsogintzan danetariko gaiak jorratu izan dozuz eta horren alde egin dozu beti. Lilibertso, Señora Sariketea...
Bai, aitatu dozuzan horreek eta gehiago be badagoz eta zergaitik ez. Bertsogintzan gabizanok eta ibili gura dogunok bideari ekin eta ahalik eta ondoen kantetako gogoa izaten dogu; bide horretan zenbat eta aukera gehiago egon hobeto. Gai sozialak, kulturalak, politikoak eta danetarikoak jorratzeko kapaz izan behar da bertsolaria. Bertsolaritzea mobimentu zabala da eta Lilibertsok Gernikaldean egiten dauen lana nabarmenduko neuke, ume eta nerabeen artean bertsolaritzea sustatuz, babestuz eta lagunduz egindakoagaitik, ederra da jokabide hori, txalotzekoa. Lan horren eraginez, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarria Zarraga plazarik plaza dabiz, txapelketetan kantetan eta hori oso aberasgarria da.
Ganerakoan, guk ezagutu genduzan bertsolaritzan sartzeko bideak eskolarteko txapelketea eta apurka-apurka plazako bertso saioetan kantetea ziran; holakoetan mailatxua eta erraztasuna igarten baeutsuen errazagoa zan aurrera egitea.
9.- Udan NAB0ren Jaialdi nagusian izan zinan. Eta bertsotan ibili zinan Nerea Ibarzabal eta Xabi Paiagaz. Zelan bizi izan zenduan hori guztia?
Lagunarteko bidaia izan da, oso gustora ibili gara, bertsolaritzea atxaki polita zan da Boisera eskapadea egiteko. Han bizi diran euskal jatorrikoak, AEBetako beste leku batzuetik joandakoak eta Euskal Herrikoak beren-beregi joandakoak batu gara eta oso ondo pasau dogu. Baina pandemiaren osteko Jaialdian jentetzea egoan, gehiegi esango neuke eta bertakoakaz egoteko eta ez dogu denpora nahikorik izan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!