Andoni Basterretxea: 'asko disfrutau dogu bueltan emondako kontzertuetan.'

Koldo Isusi Zuazo 2025-11-17 07:55   Barriketan

Orain 30 urte taldea bertan behera itxi eta Euskal Herriko, Mutrikuko rock eszenako talde mitikoenetakoa bajoaku. 2019an, Iñigo Muguruzaren omenaldian parte hartu eta hortxe hasi ziran bueltearen gainekoak hausnartzen. 

2022an agertokietara bueltauko zirala iragarri eben Barakaldoko Bizkaia Arenan kontzertu handiagaz eta Hordago (2022) izeneko disko barriagaz. Harrerea apoteosikoa izan zan, Delirium Tremensek imaginario kolektiboan bizirik jarraitzen ebala berretsiz.

2024ko abenduan kaleratu eben azken lana ...Ta Nora? (2024) eta desegitea 2025ean etorri zan. Azken lan horrek aurrekoaren bideari segiduten deutso baina oraingo honetan tonu nostalgikoago eta sakonago bategaz. Delirium Tremensek beti izan dauen indarra eta koherentzia artistikoa erakusten ditu.

1980ko hamarkadan, Mutrikun sortua, Delirium Tremens berehala bihurtu zan euskal rockaren ikur. Taldearen erritmo indartsuak eta zuzenak ziran eredu, konpromiso handiko berbak eta zuzenean energia basatia eskaintzen zituen, belaunaldi oso baten ahotsa. Taldearen disko klasikoak, besteak beste, Ikusi eta Ikasi (1986), Hiru Aeroplano (1988) edo Bilbo Zuzenean (1991), belaunaldiz belaunaldi pasau dira eta gaur egun be euskal rockaren historiako lan esanguratsuenetakoak dira.

Zemendiaren 29an, Bilbon eskainiko daben kontzertua mutrikuarren azken kontzertua izango da, baina euren musikea beti izango da geugaz. 

1.- Zorionak Andoni, 2022an agertokietara bueltauko ziniela iragarri eta Bizkaia Arenan upealako kontzertua eta Hordago (2022) izeneko diskoa plazaratu zenduelako. Harrerea sekulakoa izan da eta Agur Birea be entzutetsua. Zein herritan disfrutau dozue gehien?

Erantzun ona, bikaina esango neuke, danatan disfrutau dogu, jentearen harrereagaz zurtz eginda geratu gara baina egia esan behar badeutsut Ondarroakoa oso berezia izan zan, gehienak lagunak, familiakoak, beste musika talde batzuetakoak eta holakoetan beti joten dozu gustorago.

2.- 30 urte edo isilik egon ostean, zelan bizi izan dozue bueltea?

Hunkigarria izan da. Disfrutau eta gura izan doguna egiteaz gan jaubetu gara zelan dagoan mundua eta penea emoten badeutsu be helburua beteta gustora geratu gara.

3.- Rock and rolla eskaini dozue beti eta punk etiketea be jarri izan jatzue baina gaur egun zelako panoramea ikusten dozu gurean? Zuona lako musikarik ez da egiten gaur egun?

Bai, badago aldea. Orain 30 urte dana zan rock and rolla eta ez egoan aukera askorik be, bardin antzean genbizan, rocka galdu ez aldatu egin da eta bagenkian eta badakigu gitxi batzuk gabizela mundu honetan eta gaur egun, barriz, gazte sortzaile asko dago eta danetariko estiloak lantzen ditue eta ez dot ukatuko, proiektu onak dagoz gaur egun, saltsa askotan sartzen dira eta saltsa-maltsa horretatik gauza onak, ondo landutakoak be badagoz.

4.- Zuon diskografian Ikusi eta Ikasi (1986), Hiru Aeroplano (1988) edo Bilbo Zuzenean (1991) nabarmendu daitekez; eta klasiko, ereserki bihurtu dira Ikusi eta Ikasi edo Boga lako kantuak. Zuon gustokoak dira ala besteren bat aukeratuko zeunke?

Bai, jakina, klasikoak dira eta gaur egungo gazteek be ezagutzen ditue. Neuk badaukadaz oso gustokoak, berbarako, Boga, Lainoa, Banoa baina ...ta nora? nabarmenduko neukez baina musikearen mundutik familia girora salto egin eta bardin pasetan da gurasoei zein seme-alaba daben gustokoen galdetzen deutsazunean be, erantzun bardin antzekoa izaten da, danak... [Barreka]. 

5.- Zure ahots sarkorra ez da aldatu azken 30 urteotan. Kresala, itsasoaren usaina, arrantzaleak osogai garrantsitsuak izan dira zuon kantuetan...

Bai, urteen porasuz ahotsaren aldaketea egiten dabe batzuk, badagoz moduak eta lanketak ahotsa aldatzeko baina nire kasuan ez dot holakorik egin, gustora nago neureagaz eta taldearen ezaugarrietako bat dala esango neuke.

Ganerakoan, gure berbotako esentzia kritikoaz gan, mutrikuarrak izanda, nahitaezkoa da arrantzale, portu, itsasoa eta holakoak txertatzea gure kantuetan.

6.- Iñigo Muguruzaren heriotzeak suspertuta pentsau ei zenduen bueltetea...

Omenaldian talde eta persona asko batu ginan eta guk hiru bat kantu preparau genduzan eta egia da hor bueltan hasi ginan pentsetan Delirim Tremens taldearen bueltea agertokietara. Pentsau eta egin. 30 urte aurrerago oholtzak zapaltzea erabagi eta oso gustora ibili gara.

7.- Patxi Irisarriren faltea be igarriko zenduen...

Zelan ez, igarri genduan bai. Pieza garrantsitsua izan da taldean.

8.- Gaur egun zenbat kide zarie? Hirukote zinien baina laukote zarie orain...

Hasieran hiru ginan Jabier Bilbatua, Txufu eta ni baina Bilbatua bota egin genduan eta Irisarri eibartarra hasi zan geugaz. Hortik aurrera taldea sendotzen joan zan eta beste gitarrista baten preminea geunkala eta subertau zan Kortatu desagertu eta Mikel Kazalis kalean topau eta eskaintzea egin geuntsanean, gustora onartu eban. Aurreragao Haritz Harreguy gitarrista eta produktoreagaz bat egin eta fitxau egin genduan.  

9.- Zemendiaren 29an, Bilboko Santana 27 Aretoan, Mutrikuko laukoteak azken kontzertua eskainiko dau. Penea eta poza buztartuko dira?

Geuk erabagitako gauzea izan da eta agur bira eta holakoetan penea bai baina poza be sentiduten dogu, urte asko izan dira, gustora ikusi doguz jarraitzaileak be eta ez dogu besterik behar.

Agortu baino lehen, erosi sarrerak hemen.

10.- Agurreko Jaialdian, Roberto Mosoren JAN taldearen aurkezpen kontzertua be izango da...

Bai. Momentu polita da holako aurkezpenetarako eta Moso eta Tontxuren proiektuaren aurkezpean egotea lakorik ez dago. Roberto Moso Zarama taldeko abeslaria hara eta hona ibili zaneko sasoiak ez doguz ahaztuten eta kontzertu ederra izango da. 

11.- Oholtzan agertuko dira Elortxa (Jotakie), Katu (Baldin Bada), Aiora (Zeaz Mays) eta, akaso, ezustean, besteren batzuk be agertu daitekez Andoni?

[Barreka]. Ez. Gure sasoikoak gonbidau doguz, eurei zeozelako omenaldia eskaintzeko. Asko lagundu deuskue behar izan dogunean eta ez doguz ahaztuko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu