Iratxe Reparaz: 'sormena idea baten esentzia topetea da'

Andoni Mugica Lopez 2025-10-27 08:00   Barriketan

Durangoko Azokeak ez dau kartel bakarra izango: guztiak izango ditu. Holaxe adierazoten dau Iratxe Reparaz aurtengo iruditegiaren egileak. Azokeak egindako eta egiteko dauen ibilbidea oinarri hartuta landu dau aurtengo uniberso bisual barria. Esangura horretan, kartel bakotxa euskal kulturea biziteko modu bat da.

60. Durangoko Azokea abenduaren 5etik 8ra izango da. Aurtengo edizinoan barrikuntzea izango da: azkenaldian urtero asmau dan leloaren dinamikea eraldatu eta, hemendik aurrera, geratzeko etorri dan lerroburua sortu dabe: Kulturearen Jaialdia.

Iratxe Reparaz diziplina anitzeko arte zuzendaria da. Publizidadea eta Hartu-emon Publikoak ikasi zituan EHUn, Arte Zuzendaritzako masterra egin eban Bartzelonan eta gaur egun Diseinu Grafikoko prestakuntzan jarraitzen dau Elisavan. Orain, Madrilen bizi da eta bertan irismen handiko markentzat publizidade kanpainak lantzen ditu.

Era berean, musika proiektuetan be lan egin dau, besteak beste, Zetak edo ETS taldeentzat. Batez be, kontzeptuak eta irudiak konektetea interesetan jako: ideen zentzuna, emozinoa eta ejekuzino argia izan deien.

Estilo propioa baino gehiago, uniberso bakotxean sartzea gustetan jako, beti bere ikuspegi sortzaile eta koherentearen bitartez.


1.- Zorionak Iratxe, zure kartela izan dalako hautatua Durangoko Azokea iragarteko. Zelan zagoz?

Eskerrik asko. Oso pozik eta eskertuta nago aurtengo Durangoko Azokako irudia egin ahal izategaitik. Holako proiektu personal batek Azokan bere lekua izatea oso gatxa da. Beraz, egia esan, oso pozik nago.

2.- Pozik kartelak jaso daben harrereagaz?

Bai. Jente askok idatzi deust esaten kontzeptua eta ejekuzinoa asko gustau jakela. Horrek, ilusino berezia egiten deust. Oso garrantzitsua zan niretzat transmitidu gura nebana jenteak ondo ulertzea. Halanda ze, holan izan dala uste dot. 

3.- Atontzaileen agindurik zan dozu? Koloretsua, berba honeek sartu, data zehatza...

Bai. Hasieran esan eustien zeozer berezia gura ebela, ohikotasunetik harago joiana. Hori dala eta, helburua ez zan kartela egitea bakarrik, edizinoagaz bat egin eta esangurea emongo eutson uniberso bisuala sortzea baino.

Askatasun sortzailea izatea funtsezkoa da irudi sakona eta nortasuna transmitiduteko. Koloretsua eta infinitua izateak ikaragarri gustau jake, baina politena prozesuan zehar olgetea da, izan be, ez egoan definiduta, ideak hazten joan ziran. Esploretako lekua itxi eusten eta hori izan da emoitzea. 

4.- Azokearen 60. urteurrena dala-eta, horregaz olgau gura izan dozu. Apropos egindakoa izan da ala berez etorri da? Gainera, kartel ugari dituzu hainbat kolore eta formakaz...

Bai, 60 zenbakian oinarritu nintzan, izan be, urteurrena zan: artean egindako bidea eta oraindino be egiteko dagoana bezela. Diseinua eskuz marraztu neban, hori bai, zenbaki bat baino gehiago da: ibilbidea osotzen dau mobimenduaz, baita bizi izandakoa zein etorteko dagoana be. Hortik aurrera, 60 zenbakia deformau  eta forma eta ibilbide posibleen kopuru infinituak biderkatzea begitandu jatan. 

Premina hori gogoan hartuta, aniztazuna eta aldaketea erakutsi gura izan dot, baita azokeak berrasmetako dauen gaitasuna be. Holan, uniberso bisuala sortuz.

5.- Diziplina anitzeko arte zuzendaria zara. Estilo propioa baino gehiago, uniberso bakotxa kontuan hartzea gustetan jatzula begi-bistakoa da, arabere gehiago Azokako kartelean. Halanda be, zein da zure estiloa? Zelan definiduko zeunke?

Nire estiloa definiduteko, esango neuke sinpletasunetik komuniketea gustetan jatala. Idea indartsuak topetan saiatzen naz, artifizio barik, oso gitxigaz asko esaten dabenak. Hau da, ikuslea manipulau barik emozinonetea. Garrixirik barik, modu zintzo eta hurbilean, arimadun ahotsak eta identidadeak eregitea. 

Sormena ez da gauza bat asko apaintzea, idea baten esentzia topetea, deigarria izan daitela.

6.- Horreezaz gan, hainbat musika proiektutan be parte hartu dozu, besteak beste, Zetak, Bulego edo ETS taldeentzako lanak egin dituzu: bideoak, kartelak, tipografiak... diziplina guztietan sentiduten zara eroso? 

Bai, oso eroso. Marka eta musika talde izan, azkenean lana bardina da. Gaia topau, ahots propioa sortu eta konektau dauen istorioa kontetako benetako puntu horreek topetea, kanpaina edo musika album baterako. 

Arimea dauen zeozer, jentearen buruan edo bihotzean geratzen dan identidade hori sortzea. Testuingurua aldatu arren, begiradea bardina da. 

7.- Zetakek sekulako birea eskaini dau. Jakin badakigu, taldeko arte zuzendaria eta figura ezinbestekoa izan zelara. Zelan dira taldearekiko hartu-emonak? Zela jaso zenduan publikoaren harrerea? San Mameseko kontzertuetan be parte hartuko dozu?

Zetak taldeagaz izan ditudan hartu-emonak oso naturalak izan dira beti. Oso sortzailea eta eroa izan da hasieratik. Aaztiyen diskoaren zuzendaritza artistikoaz arduratu nintzan eta egia esan, erronka ederra izan zan: gure sustraiak kontetea modu sakon eta personalean.

Nire erronkak, eurekaz batera jakina, erropak diseinetea, instrumentuak, bideoklipak, koloreak eta estiloak izan dira. Hau da, prozesu osoa. Gero, dana izan zan erokeria, arabere gehiago Nafarroa Arena eta Illunbeko kontzertuak.

Illunbeko kontzertuak amaitu ostean, Pellori mezua bialdu neutson zelan egingo genduan San Mamesekoa galdetuz. Haren erantzuna ondokoa izan zan: kafetxo bat hartu eta ikusiko dogu zer forma emon ahal deutsagun hurrengo lanari.

8.- Gaur egun, Diseinu Grafikoko Masterra zabiz ikasten Elisavan, espresabide barriak lantzen. Zelan ikusten dituzu joera barriak, esaterako, Adimen Artifizialaren hazkundea?

Adimen Artifizialak, edozein tresna boteretsu bezela, alde onak eta txarrak ditu. Erabilten dan moduaren araberakoa da. Uste dot ez jakola bildurrik izan behar, bai errespetua. Lagungarria da azkarrago joateko edo bide barriak esploretako, probak egiteko... baina kontu handiz ez bazabiz, gauza hutsak, generikoak edo arima bakoak egin zeinkez, danok antzeko gauzak egitea. 

Horregaitik, niretzat garrantzitsua da gehiago produziduteko ez erabiltea, produziduten doguna hobeto sortzeko baino eta ez mundu osoak egiten dauenaren kutsua izateko, zuk bakarrik esan edo erakutsi ahal dozun hori topea da kakoa.

Adimen Artifizialak ez dau begiradea ordezkatzen, ez guk daukagun erispide eta sensibilidadea. Hori da benetan garrantzitsuena.

9.- Bihar-etzirako zer?

Ideak sortzen eta eregiten jarraitu gura dot: halanda ze, munduak, diziplinak, sinpletasunetik hunkitzea, nortasunak eta kontetako moduak, jentearen buruan geratzen diran gauzak sortzea hain zuzen be. 

Proiektu barriak be ez dodaz baztertzen, interesgarriak eta arrisku puntua dabenak. Egia esan ez daukat plan zarratu bat, baina bai norabide argia gauza berezi eta parebakoak sortzen jarraitzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu