Ione Narbaiza: 'txapelketea Bizkaia osora zabaltzea da gure ardurea'
2025-09-29 08:03 BarriketanHasi da Bizkaiko Bertsolari Txapelketea. Urdulizen jokatutako lehenengo kanporaketan Aitor Bizkarra izan da garailea. Astegoienero jokatuko da abenduaren 20an finala jokatu arte. Ganera, aurton, egitura aldaketeagaz dator: lehenengo fasean bost saio jokatuko dira, finalaurrekoak buelta bitan eta, ondoren, finala.
Holan, lehenengo fasean 30 bertsolarik kantauko dabe: Udabarria Bertsotanetik sailkatutako 21 bertsolarik eta 2023an finalaurrekoetan kantau eben beste 9 bertsolarik. Finalaurrekoetako lehenengo bueltara 11 bertsolari sailkatuko dira eta han izango ditue zain finalaurrekoetara zuzenean pasau diran 7 bertsolariak: 2023an finalista izan ziranak hain zuzen be. 18 horreetatik 12 sailkatuko dira finalaurrekoetako bigarren bueltara. Eta buelta bietako puntuazinoak batuta erabagiko da zeintzuk izango diran finalean kantauko daben bertsolariak.
Nereak Ibarzabal Salegi bertsolariak, bestalde, ez dau parte hartuko aurtongo edizinoan. Orain arte, aldi bitan jantzi dau Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, 2021ean eta 2023an hain zuzen be.
Horreezaz gan, Joseba Etxebarria Uriarte bertso munduko eragile nekatuezinak agur esan deusku. Larrabetzuarra, 69 urtegaz hil zan hilaren 23an. Larrabetzu eta inguruetako bertso munduko eragilea izan da Joseba, inguruko bertso-eskolen sortzailea. Bizkaia osora be zabaldu eban indarra eta pasinoa, Bizkaiko Bertsozale Alkarteko sortzaile eta zuzendaritza batzordekide izandakoa da. Batez be, Bizkaiko Txapelketako talde atontzailean egin dau behar gehien. 2000. urtean hasi zan taldean eta orain arte izan da talde horretako zutabe garrantzitsu. Talde horretan egindako beharra autortzeko, 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean txapela jarri eutson Nerea Ibarzabal txapeldunari, Moises Enbeitagaz batera.
Sarrerak daborduko salgai dagoz hemen. Horrezaz gan, saio guztietan egongo da txarteldegia eta berton eskuratu ahal izango dira sarrerak, agortuta ez badagoz.
1.- Atzo, irailak 28, hasi zan Bizkaiko Bertsolari Txapelketea Urdulizen. Zelan bizi izan dozue?
Bai, Urdulizen batu ginan domekan. Holan, sekulako hasierea emon deutsagu txapelketari. Berton, ondoko bertsolari honeek ibili ziran: Aitor Bizkarra Ruiz, Garazi Navarro Ugarteburu, Garikoitz Sarriuarte Oinandia, Izaro Bilbao Arostegi, Koldo Geruzaga Seijido eta Mikel Retolaza Etxebarria. Irabazlea Aitor Bizkarra izan zan, abadiñarra.
Gaiak emoten, Beñat Vidal Gurrutxaga egon zan. Epaimahiari jagokonez, ondoko honeek izan ziran: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Beñar Romero Maguregi, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Marta Ortiz Mateo eta Miriam Juaristi Urizar. Bestalde, idazkari beharretan, Itziar Basterretxea Olarreaga ibili zan.
Hurrengo saioa Lekeitioko Ikusgarri Aretoan izango da eta ondoko bertsolari honeek hartuko dabe parte: Beñat Bilbao Landa, Iker Uriarte Urrutia, Iruri Altzerreka Martinez, Jone Larrinaga Dañobeitia, Lurdes Ondaro Mallea eta Txaber Altube Sarrionandia. Gai-jartzaile lanetan Zihara Enbeita Gardoki izango da.
2.- Txapelketea bai, baina ondo pasetea be bada kakoa ezta?
Bertsolaritzeagaz disfrutetako beste plaza bat gehiago izan gura dau txapelketeak. Jakin badakigu txapelketea izateak estutasuna dakarrela askorentzat eta guretzat be, ardura handia da. Baina horren gainetik oso ondo pasetan dogula be esango neuke. Zelan ez, publikoak disfrutetan dau, jakina.
Txapelketeak gauza barri asko ekarten ditu, bertsolari barriak ezagutzeko aukerea, bertsokeretan hobekuntzak, doinu barriak be entzuten doguz sarritan… Beti dagoz sorpresak.
3.- Aurton, gainera, egitura aldaketea dago, izan be finalaurrekoak aldatu dituzue, Bizkaiko herri gehiagotara eroateko eta aparteko garrantzia emoteko. Ondo funtzionetan dauen seinale?
Txapelketea Bizkaia osora zabaltzea izaten da gure ardurea beharrean hasten garenean. Sailkapen fasean hasi eta Euskal Herrikora arte.
Aurton, finalaurrekoak bueltea bitara jokatu dira, izan be, proba gehiago egiteko gogoz gagoz, ia zer emoten deutson egitura barriak txapelketeari. Jakin badakigu oso saio onak izaten dirala eta bost finalaurreko izateak, zuk esan moduan, leku gehiagotara heltzeko aukerea eskaintzen deusku.
4.- Horrezaz gan, azken aldian finala Bilbao Arenan izan bada be, aurton Casillan egitea erabagi dozue. Zergaitik?
Casillan egingo dogu, Bilbo erdi-erdian. Abantaila batzuk baditu, esaterako, irisgarritasuna. Baina alkartearentzat aldaketa hau ez da modu estrategikoan egin. Abenduaren 20rako Casillak eskaintzen deuskun aukerak hobeak dirala pentsau dogu. Beraz, holan suertatu da aurton.
Jentea zortzi finalistak entzuten etorriko da, gai-jartzaileek proponidutako gaiak entzuten, finaletan sortzen dan magia hori sentiduten... Halanda ze, bardin-bardin etorriko da finala leku batean edo bestean egin.
5.- Nerea Ibarzabalek ez dau parte hartuko aurtongo edizinoan. Orain arte aldi bitan jantzi dau Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, 2021ean eta 2023an hain zuzen be. Haren faltea iragarriko da...
Bai, igarriko da. Baina txapelketa bakotxa desbardina da: lehenago be, txapeldunak aurkeztu bako urteak izan dira eta etorkizunean be egongo dira. Beraz, txapelketeak bardin jarraitzen dau haren enkantuagaz. Aurtengoa be txapelketa ederra izango da, seguru.
6.- Talde teknikoari jagokonez, boluntario moltsoa dira beharrean lan txapelketea aurrera eroateko: atontzaileak, komunikazinoko teknikariak, gai-jartzaileak, epaileak... Duda barik, bertsolaritzea asko maitatzen dozue txapelketea aurrera eroateko eta euskal kulturea gero eta plaza gehiagotan entzun ahal izateko...
Bai, hori be bada txapelketea. Talde teknikoak deitzen doguzenak (talde atontzailea, epaileak, gai-jartzaileak, komunikazinokoak…) eta petodunak. Aurretiaz lan handia dago, eta saioz saio beharretara batzen dan jente hori guztia be hor dago.
Dana dala, txapelketan ezeze, plazaz plaza beharrean ibilten dan jentea izaten da: urte osoan zehar bertso eskoletan, herriko jaietako beharretan...
7.- Joseba Etxebarria bertso munduko eragile nekatuezinak agur esan deusku. Larrabetzuarra, 69 urtegaz hil zan hilaren 23an. Bizkaiko Bertsozale Alkarteko sortzaile eta zuzendaritza batzordekide izandakoa da. Zer zan zuretzat Joseba? Eta bertso mundurako?
Niretzat eta askorentzat esango neuke, persona maitagarria eta oso atsegina izan dala: laguna. Beti ondoan, adi, hur... Hutsune itzela laga deusku.
Bestalde, bertso munduan erreferente izan da: egiteko eta egoteko modu bat, beraz, eredu.
8.- Mezu berezirik?
Betiko lez, parte-hartzeko konbidapena. Bertsoagaz kasu honetan, baina orokorrean kultureagaz eta, batez be, euskereaz biziteko eta izateko aukerea eskaintzen deuskun kultureagaz, disfrutetako konbidapena. Bete daiguzan aretoak, antzokiak eta plazak!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!