Xabier Zeberio: 'kontzertuak osogai guztiak daukaz oso berezia izateko'

Andoni Mugica Lopez 2025-08-11 08:00   Barriketan

Alos Quartetek kontzertua eskainiko dau hilaren 21ean Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. Taldeagaz batera ondoko artista honeek izango dira: Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte eta Amorante kantuan, Iñar Sastre pianoan eta Amaia Elizaran jantzan.

Martxan dagoan Donostiako Hamabostaldia, musika klasikoaren hilebetea da, jantzearena, eta askotariko ikuskizunena: mundu mailako orkestra nagusiak gurean entzuteko aukerea emoten deuskuenak; kalidade oneneko kulturaz zuzenean gozetako abagunea, azken finean, 70 hitzordu inguru dira eta katalogo zabala zein askotarikoa osotuko dabe, bakotxak bere Hamabostaldia diseinau deian.

Abuztuaren 1etik 29ra, Donostiako Musika Hamabostaldiak, Peninsulako musika-jaialdi zaharrenak, 86. edizinoa izango du; laurogeita sei urte Donostian eta, ondorioz, lurralde osoa, etenik barik, klasikoaren, kulturearen eta artearen gozamenaren erdigunean kokatuta; zortzi hamarkada baino gehiago zuzeneko musikearen eta jantzearen inguruan komunidadea sortzen.

 

1.- Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Hariz Harri kontzertua atondu dozue. Zelako errepertorioa eskainiko dozue?

Bai, holan da. Donostiako Musika Hamabostaldiak aurtongo edizinoan parte-hartzeko konbita egin euskun. Ez hori bakarrik, izan be, Arantzazuko Santutegian kontzertu berezia atontzea zan proposamena. Kontzertu errepetiduezina sortzeko asmoz, bertoko artistak inbitau ditugu: gainera, ezustean, danek baiezkoa emon deuskue. 

Oinarria, Alos Quarteten musikea izango da, baina, bertan ondoko artista honeek izango dira kantuan: Natxo de Felipe, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte eta Amorante. Horreezaz gan, Iñar Sastre pianistea izango da eta Amaia Elizaran, barriz, jantzan. Beraz, errepertorio berezia atondu dogu: Alos Quarteten musikea protagonista izan arren, konbidautako artista bakotxak be pare bat kantu joteko aukerea izango dau, beti bere, guk egun horretarako sortu ditugun euren kantuen moldaketak eskainiz. Bidaia musikala izango da. 

2.- Donostiako Musika Hamabostaldiaren egitaruaren barruan eta ez hori bakarrik, izan be, kontzertuaren lekua be oso berezia da: Oñatiko Arantzazuko Santutegia. Parebako lekua...

Bai. Lekua, espazioa oso bereziak dira. Arantzazuko Santutegiak dauen xarmea, magia eta historia hori musikeagaz buztartzea sekulakoa da.

Gainera, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan izatea be, beste kategoria bat emoten deutso. Kontzertuak osogai guztiak daukaz oso berezia izateko.

3.- Jakin badakigu, oraintsu Bogota eta La Habanan izandako esperientziari buruzko abestia kaleratu zenduela. Zelakoa izan zan esperientzia?

Orain lau hilabete kaleratu genduan Bogota - La Habana izeneko abestia. Hau, aurreko urtean Ameriketan egindako biran sortutako eta estreinautako doinua izan zan. 

Orain urtebete, ospe handiko Bogotako Teatro Mayor Julio Santo Domingo Antzokian izan ginan kontzertua emoten. Horren ostean, Kubara egin genduan salto: bertan, hiru kontzertu emonez. Oso bira polita izan zan, talde bezela 25 urteak ospatzeko. Ospakizun horrek biribiltzeko modurik egokiena izan zan, akordu edarrak ditugu. Beraz, Bogota eta La Habana kantuan han bizitakoak kontetan doguz.

Gainera, Ernesto Oliva cubatar pianista ezagunaren kolaborazinoa be izan genduan abesti horretan, eta, baita emondako kontzertuetan be. Sekulako ohorea izan zan bera geugaz egotea. Kubatar kutsu horregaz sekulako doinua emoten deutso abestiari. Beraz, musika euskaldunak eta kubatarrak bat egiten dabe abestian. 

4.- 26 urte ostean, zelan dago orain Alos Quartet?

Urteak azkar pasetan dira [Barreak]. Esango neban Alos Quartet momentu oso berezian eta onean dagoala; izan be, proiektu ugari egiten gagoz. Egia da, azkenengo urteetan ez dogula lan barririk atera, baina ez da geldirik gagozelako, ezta gitxiagorik be. Halanda ze, lan mordoska izan dogu bidean, esaterako, kolaborazinoetan edo grabaketetan. Arabere gehiago, azken urteetan buru belarri gagoz soinu banden grabazinoekaz; grabau barri dogu Karmele eta Maspalomas filmen soinu bandea, biak Donostiako Zinemaldian aurkeztuko diranak. 

Beraz, nahiko lan dogu gure agendea kudeatzen. Esan lez, oso pozik gagoz, taldeak dauen estabilidadeagaz eta etorkizunera begira ditugun erronkakaz. Gainera, egiten dogun musikeaz asko disfrutetan dogu eta lagun oso onak gara laurok. Hainbeste urte alkarregaz egoteaz oso zorioneko sentiduten gara. Bide luzea izango dau Alos Quartetek.

5.- Arantzazukoaz gan, zeintzuk izango dira hurrengo kontzertuak?

Irailaren a28an Donibane Lohizuneko antzokian izango gara, bertako Bilaka Kolektiboko jantzariekaz lau ikuskizun aurkezten. Urrian, barriz, Alemanian birea egingo dogu, jaialdi batean kontzertu bi eskainiz. Horreezaz gan, udagoienean hainbat grabazino ditugu atonduta. 

Urtarrilaren 3an, Tolosako Leidor Antzokian, Eñaut Elorrietagaz batera aurkeztuko dogu prestetan gagozan bira berezia. Estreinuko kontzertua izango da eta leku askotan izango gara: Zornotza, Bilbo edo Donibane Lohizunen. Proiektuak Ahots kordak izena dauka. (Sarrerak eskuragarri dagoz hemen).

Hortik aurrera be badigutu hainbat gauza, beraz, lehen aitatu dodan lez, geldirik ez gagoz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu