Unai Elorriaga: '-Odola kantari- poesia nobelatua kaleratuko dot laster.'
2025-10-20 07:43 BarriketanEuskadi Literatura sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak emon ditue eta irabazleak dira ondokoak:
- Euskerazko Literatura: Unai Elorriaga, Francesco Pasqualeren bosgarren arima (Susa).
- Euskarazko Ume eta Gazte Literatura: Karmele Mitxelena, Aitona Floren (Elkar).
- Literatur Lanaren Ilustrazinoa: Maite Rosende, Traba (Denonartean).
Ganerako sarituak:
- Gaztelaniazko Literatura: Garazi Albizua. Termita (Galaxia Gutenberg).
- Euskerazko Literatura Itzulpena: Koldo Biguri. Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak (Erein eta Igela).
- Saiakera Euskeraz: Markos Zapiain. Txillardegi hizkuntzalari (Elkar).
- Saiakera Gaztelaniaz: Itxaso del Castillo. Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror (EHU).
Kontuak kontu, Unai Elorriaga getxoztarra filologoa, idazlea, itzultzailea, sortzailea, irakasle lanetan dabil orain, ez da geldi geratzen dan horreetakoa. Hainbat nobela eta narrazino argitaratu ditu, tartean SPrako tranbia, Van`t Hoffen ilea, Vredaman, Londres kartoizkoa da, Iazko hezurrak, Iturria eta Francesco Pasqualeren bosgarren arima saritua.
Pozarren dago Euskerazko Literatura Saria irabazita eta, beraz, pozik hartu gaitu, gure galdera guztiei erantzuteko prest.
1.- Zorionak Unai, Francesco Pasqualeren bosgarren arima saritu deutsuelako eta inori ezer kendu barik, Euskadiko Literatura Saria irabazi dozu. Makinatxu bat hausnarketa egiteko astia izan dozu, danetarik entzun dozu, personaien sakontasunean arakatzen dau, apustu literario sendoa, esaldiak eta lerroaldeak zehatz horniduta dagoz eta bestelakoak. Asmau ete dabe?
[Barreka] Zuzen dabiz, adituak dira eta igarten da liburua goitik behera irakurri dabela; geruza asko dituan liburua da eta jaubetu dira horrezaz eta beste gauza batzuk be gogoan hartu ditue. Kontra edo saltsa-maltsatan sartu dirala esatea be ez da zuzena. Holakoetatik beti ikasten dozu zer zuzendu, egokitu, aldatu eta, beraz, kritika danakaz pozik.
2.- Zein da Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaren esentzia. Zer eskaintzen deutsazu irakurleari?
Oinarrian nire arbaso baten istorioa dago eta hori atxaki ona izan da sortzen hasteko, bideari ekiteko. XIX. mendeko datuak erabili dodaz, nahastau, hausnartu, fantasia edo imajinazinoa berotzen hasi eta hor azaltzen dira aitatu gizonaren abenturak eta pasadizoak; lehenengo geruzea, Italiatik hona etorri zaneko gorabeherakaz, hartu-emonak hemengo jenteagaz, Berrizetik Bermeora, noiz ezkondu eta horreek ze ondorio izan eben. Migrazinoaren gaia be jorratzen dot, herritartasuna, erroak eta beste hainbat gai. Hogei narrazino edo ipuin topauko ditu irakurleak Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuan. Hara eta hona ibili naz baina irakurleak gozetea nahi dot.
3.- Francesco Pasqualeren bosgarren arima gaztelaniaz noiz irakurriko dogu?
Zeemendirako edo egoan iragarrita baina eginda dago eta, saria etorri dalako eta, oso oker ez banago, urriaren amaieran, urriaren 29an edo hortxe bueltan plazaratuko da gaztelaniazko lana. Itzulpena Galaxia Gutenbergen ardurea izan da, Bartzelonako argitaletxe burujaubearena, hain zuzen be.
4.- Liburuak sortzen, idazten hasteko dokumentazino lana zehatz egitea gustetan jatzu. Oraingoan XX. mendeko Europa ekialdeko zenbait idazleren estiloan sartu zara. Zenbat denpora behar izaten dozu holako lanak egiten?
Zenbat denpora emoten eban XIX. mendeko barku batek Genovatik Bartzelonara, nik baino hobeto itsasgizon edo marinelek jakingo dabe hori eta zorionez baditut holako batzuk lagun eta ona izan da hori, itsasoaren baldintzak, eguraldia, haize alde, ipar-haize eta holakoak be kontuan hartu behar izaten diralako gero nobelan txertatzeko. Zehatz esatea ez da erraza baina gogoan hartu liburu honetarako hiru urte edo behar izan ditudala.
5.- Itzultzailea be bazara eta zure liburuak zeuk itzultzen dozuz. Zergaitik?
Orain arte idatzitako zazpi liburuak itzuli dodaz eta ez da kapritxoa baina prentsarako edo artikulu txikiak idatzi dodazanean, gauza arrotza zan niretzako itzulpena, ez neban nire ahotsa, nire esentzia hor ikusten. Eta liburu oso bat itzultzea ez dot inoren esku itxi gura izaten, ahal dodan bitartean, neuk egingo dodaz. Alemanez edo ingelesez, ostera, ez neuke egingo... [Barreka].
6.- Karmele Mitxelena, Aitona Floren (Elkar) Euskerazko Ume eta Gazte Literatura saria eta Literatur Lanaren Ilustrazinoa: Maite Rosende ezagutzen zinien. Ezustekorik hartu dozu?
Batzuk ezagutzen nituan, Karmele Mitxelena eta Markos Zapiain baina ilustrazinoaren mundukoa Maite Rosende egunotan ezagutu dot. Saiakera Gaztelaniaz saria irabazi dauen Itxaso del Castillo ez neban ezagutzen eta esan deustie algortarra dala eta, beraz, idatzitakoa irakurteko gogoa daukat.
7.- Idazle saritua zara, Bilbon, Zidarrezko Luma be irabazi zenduan baina, akaso, zure lanak itzulita ikustea izango dozu bizigarri...
Duda barik, sariak pozik hartzen dozuz baina norberaren lanak itzultzea be sano gozagarria da. Laguntzinoa be esakini deutset batzuei ze hau mundua oso berezia da eta ni beti nago prest egiten deustiezan galderei erantzuteko.
Sarien arloan, Zidarrezko Luma aitatu dozu eta oso gustora hartu neban. Narratibako Sari Nazionala, AEBetan be jaso izan dot, Argentinan emon eustiena be sekulakoa izan zan. Euskeraz egin dozun gauza bat, euskeraz pentsauta, zure gela txikirrean egindako gauza bat saritua izatea ederra da ze hor jaubetzen zara irakurleek liburua irakurri eta gustau egin jeakela.
8.- Antzerkia eta komikia lakoetan be ibili zara. Bihar-etzirako erronkak zeintzuk dozuz?
Narratzailea naz, nobelak eta ipuinak idatzi dodaz baina lantzean behin gustetan jat jorratu ez dodazan gai eta arloetan sartzea. Antzerkia gustetan jat eta asko irakurri eta ikusi dot; antzerki lan bat idatzi neban eta hor geratu da eta, komikiaren arloan be banabil, lagun komikilari batek esan eustan zeuk gidoia eta nik marrazkiak egingo dodaz eta aprobea egitekotan geratu ginan. Orain, barriz, sekula egin ez badot be, laster plazaratzeko dago saiakera nobelatua, posiaren harian, Odola kantari, euskal poesian zelan landu dan biolentziaren gaia, mendez mende lantzen dodaz poesia eta kantagintzea; ezustekorik ezean urriaren amaieran edo zemendian plazaratzea da asmoa...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!