Jon Basaguren: 'Leitekeana da disko honek pentsau baino inportantzia handiagoa izatea'
2025-12-08 08:15 BarriketanIzaki Gardenak taldeak Sitsak diskoa aurkeztu eban hilaren 2an, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Jon Basagurenegaz batera, Lide Kortazar be izan zan (teklistea eta abeslaria).
Basagurenek autortu dauanez, diskoak uniberso txiki bi buztartzen ditu, izan be, abesti barriak eta lehenago grabautakoak hartzen ditu; halanda ze, taldeak beti jorratu izan dituan doinuei eusten deutse.
Diskoaren lehen zatia ia EP independentea da, izan be, lau kantu barrik osotzen dabe. Durako Gakobeltz Hit Faktorian grabau eben udan. Bigarren zatiak, barriz, 2017tik grabautako baino argitarabako bost abesti batzen ditu.
Lana aurkezteko kontzertu ugari iragarri ditue hil honetan:
- Abenduak 14: Kult Parnasoa (Gernika).
- Abenduak 18: Arrasateko Gaztetxean.
- Abenduak 19: Alegiko Gaztetxean.
- Abenduak 26: Izaskun Arrue Kultugunean (Gasteiz). Sarrerak hemen.
- Abenduak 27: Dabadaban (Donostia). Sarrerak hemen.
1.- Abenduaren 2an aurkeztu zenduen Sitsak diskoa, Libe Kortazar eta zeuk. Pozik geratu zarie emoitzeagaz?
Oso pozik. Disko berezia da. Lan barria plazaratzea, harro sentiduten gaituana, sekulakoa da. Irrikitan gagoz kantu barri honeek zaleei aurkezteko kontzertuetan.
2.- Uniberso txiki bi dituala aitatzen dozu, izan be, diskoak lau kantu barri eta bot lehenago grabautakoak batzen ditu. Ze espero dozu buztarketa horregaz?
Uniberso txiki bi horrek buztartzen ditualako da berezia. A aldean dagozen lau abestiak, orain arte argitarabakoak, uda honetan grabau ditugu. B aldean, barriz, urteetan zehar diskoetatik kanpo geratu diran singleak dira, baita moldaketak be, esaterako, Benito Lertxundiren Bihotz abestiaren bersinoa.
Era berean, A aldean dagozen abesti bi bersinoak dira, gure moduan eta era librean egindakoak. Beste biak, barriz, Izaki Gardenak taldeak sortutakoak dira. Beraz, kantu nahiko libreak eta album bat egiterako orduan egon daitekezan muga horreetatik kanpo geratzen dira. Holan, zentzuna emoten deutse diskoari.
3.- Aurreko urtean egindako alkarrizketan, musikea letrak baino lehenago egiten dozula aitatu zenduan. Ausartenak abestian, barriz, ez da izan holan. Zergaitik?
Hain zuzen be nire buruari emon gura neutsalako aukerea beste gauza batzuk probetako. Horreetako bat izan da aspalditik neukan letra edo poema bat izan eitekeanari, orain dala urte batzuk ariketa moduan sortutakoa, musikea jartea. Eta, super harro nago emoitzeagaz, iruditzen jat oso kantu ederra urten dala. Jakina, taldekideen ekarpenak abestia biribildu dabe.
Batek daki, akaso, abesti horreek beste musika estilo bat sortzeko ateak egiten deustiez.
4.- Horreezaz gan, bersino edo moldaketa bi egin dituzue Hamairu eta Herio abestietan; Gleen Danzig, Johnny Cash edo Gary Davis lako artisteei kinu eginez. Gustura geratu zarie holako artistei autortzea eginez?
Bai. Beti izan ditugu gustuko abesti edo artista batzuk, bizitzan zehar behin eta barriro entzun edo joten dituzunak, hots, obsesino konbertiduten diranak. Horreetako bi, Hamairu eta Herio dira. Gainera, bakarka jo izan dodanean, kantu horreek sartu izan ditut errepertorioan.
Hamairu, Gleen Danzigek Johnny Cashi idatzi eutson. Cashek zahartzaroan plazaratu eban abestia, nik hor ezagutuz. Bestalde, Danzigen bersinoa be asko gustetan jat. Beraz, abesti bardinaren bersino biak gogoko ditudanez, abestiak buztartzea erabagi dodaz (hau da, rock gotikoa eta countrya). Bestalde, itzulpena nire kontura egin dot.
Herio, barriz, blues abesti zahar bat da, Gary Davisena. Artista horrek, haren garaiko injustiziak salatzen zituan, esaterako Death Don't Have No Mercy abestian. Bluesetik zelan egituratzen dituen abestiak gustetan jat, baita berbak eta espresinoak be. Beraz, hori hartu eta gure garaiko injustizia batzuk plazaratzeko erabili dot.
5.- Esaterako, 1976ko martiaren 3ko hilketea?
Hori da. 1976ko martiaren 3an poliziak bost persona akabau zituan eta ehundaka zauritu izan ziran. Beraz, hori aitatzen dot. Bideoak be, zer ikusi handia dauka horregaz, izan be, Zaramagan eleizan grabau genduan. Uste dot, egoerea kontuan hartuta, kantu biribila sortu dogula.
6.- Bestalde, grabautako abestiei jagokonean, pandemia kontuak eta Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurrena islatzen dozue. Hori bai, lehen Gleen Danzigen moldaketea egin dozuen bezela, orain Benito Lertxundiren kantu bati tokau jako ezta?
Bai. Benito Lertxundiren Bihotz abestia nire bizitzako abesti oso garrantzitsua be bada. Gurasoek autoan jarten eben horreetakoa. Gero, Sinfonikeagaz plazaratu eban diskoan be agertzen zan, eta, zelan ez, bersino hori be entzuten genduan familia osoak [Barreka]. Oso akordu ona daukat. Halanda ze, horregaitik sartu dogu gure bersinoa diskoan, Aurri gara lanaren biran sortu genduana.
Horrezaz gan, Larrunduko dira Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurreneko diskoan egin genduan abestia sartu dogu, baita pandemia garaiko pare bat kantu be. Bilduma ederra da, gainera, asko gustau jat kantu hori eta besteak, sakabanatua egozanak, disko eta edizino eder batera batzea.
7.- Azken disko hau kontuan izanda, zein esango zeunke dala taldearen eboluzinoa?
Diskoko abesti batzuei esker bideari ekiteko gogoa sortu jat, batez be, sorkuntza prozesuari jagokonez, izan be, txispa lako zeozer biztu deust, hori bai, ez dakit hortik sua azalduko dan. Batek jakin, baina izan daiteke disko honek gure taldearen eboluzinoan pentsau baino garrantzisuagoa izatea.
8.- Kontzertuez gan, Durango Azokan be egongo zarie ezta?
Bai. Durango Azokan izango gara Alde Iluna produkzino-etxeagaz, Libe Garcia de Cortazarrek eta biok sortu baikenduan. Bertan, gure proiektuak izaten ditugu, hau da: Pasadena, Libe eta Izaki Gardenak. Sitsak eta ganontzenko diskoak bertan izango dira eskuragarri.
Gainera, abenduan, kontzertu ugari atondu ditugu eta hurrengo urteari begira be, gogoz gagoz zuzenekoak eskaintzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
