Amaia Astobiza: 'Leiho Morea' webguneak ikuspegi feministea eskaintzen deusku'

Andoni Mugica Lopez 2026-01-19 07:54   Barriketan

Urtarrilaren 13an aurkeztu eben Leiho Morea webgunea Elhuyarren, Usurbilgo egoitzan. Leiho Morea konsultarako baliabidea da, feminismoaren esparruko euskerazko edukiak batzen dituana. Bardintasun errealerako eta gizarte justu baterako bidean, ezinbestekoa da diskurso feministan jorratzen segidutea eta diskurso hori oinarri terminologiko sendo eta koherente bategaz eregiteko baliabideak herritar guztien eskura jartea.

Aurkezpenean, Amaia Astobizagaz batera, Itziar Cortés Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unidadeko koordinatzaileak eta Margaret Bullen EHUko Bardintasunerako zuzendariak berba egin eben, halako proiektu batek gizartean dauen garrantzia azpimarratuz.

Amaia Astobiza Elhuyarreko kidea eta hiztegigilea da. Bera, Iker Manterola eta Josu Murua informatikariak izan dira webgunea egiteko arduera jaso dabenak.

1.- Zer da Leiho Morea? Zer eskaintzen deusku?

Baliabide digitala da eta horren barruan tresna bi daukaguz: alde batetik, hiztegi terminologikoa; eta bestetik, feminismoaren esparruan argitaratutako euskerazko edukien bildumea. Beraz, tresna honek konsultak egiteko aukerea eskaintzen deusku. 

2.- Nondik dator izen hori?

Guk -Leiho Morea- leiho bezela irudikatzen dogu. Halanda ze, leiho horrek aukerea emoten dau bildumea ikusteko: hau da, sortu dana ikusteko eta zelan egin dan konsultetako. Horreezaz gan, aukerea emoten dau leiho horretatik kanpora begiratzea ikuspegi feminista bategaz. Hizkuntza baliabideak dagoz ikusgai, batez be, euskeraz sortzen jarraitu ahal izateko.

3.- Zeintzuk izan zarie Leiho Morearen sustatzaile nagusiak?

Elhuyar izan da sustatzaile nagusia. Bestalde, bidean ondoko erakunde honeek batu dira egitasmora: EHUren Bardintasunerako Zuzendaritzea eta Deustuko Unibersidadea. Horreek biak dira babesle nagusiak. 

Laguntzaileak be baditugu, EIZIE Alkartea eta EHUren Euskara Institutua. Bestalde, edukien sortzaile diran argitaletxe, hedabide, alkarte eta bestelako eragileak be sartzen ditugu moltsoan, izan be, euren lanak dagoz egitasmo honetan jasota. Honeek dira horreetako batzuk: Berria, EITB, Elkar, Emagin, Hamaika Telebista, Iñurri Elkartea, Jakin, Katakrak, Susa, Txalaparta, UEU, Argia...

4.- Zeintzuk dira webgunearen helburuak?

Testu eta eduki sortzaileei tresnea emotea konsultak egin deiezan, baita sortzen eta feminismoaren esparruko diskurso hori eregiten jarraitzeko be. Era berean, edozenei aukerea emotea feminismoagaz lotutako terminoei eta kontzeptuei buruzko zalantzak argitzeko eta horreen testuinguruan dagozan aukera errealak ikusteko.

5.- Zeinientzat da Leiho Morea?

Beti esaten dogun moduan, edozeintzat da egokia. Halanda ze, tresna erraza egiten saiatu gara. Bestalde, aukerea emoten dogu topaketa aurreratuak egiteko be. Oso argi izan dogu hasieratik edozeinentzat tresna erabilgarria sortu behar genduala. 

Hori bai, pentsetan dogu erabiltzaile nagusiak ondoko honeek izango dirala: kazetariak, itzultzaileak, testu-sortzaileak (mobimentu feministakoak, bardintasun teknikariak eta erakunde publikoetako langileak), irakasleak, ikasleak, ikertzaileak...

6.- Ez da hiztegi normala, izan be, modu biko edukiak topau geinkez, idatztzkoak eta ikus-entzunezkoak...

Hori da bereizi behar doguna. Atal bi daukaguz: hiztegia eta bildumea. Hiztegian, terminoak dagoz lau hizkuntzatan (Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantzesez) eta definizinoak euskeraz. Hori da hiztegian dagoana. 

Bildumeari jagokonez, edukiak jasoten ditu, idatzizkoak eta ikus-entzunezkoak. Eduki horreekaz guztiekaz sortu dogu sakua, erabilera errealak konsultau ahal izateko.

7.- Lehen atala 2020an aurkeztutako Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegiaren jarraipena da. Zeintzuk izango dira hurrengo pausuak zure ustez?

Feminismoa eta Bardintasuna Hiztegia be Elhuyarrek bultzatuta egin zan. Kasu horretan Emakunde eta Hizkuntza eta Kultura Saila izan ziran babesleak. Egun, hiztegi hori Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan dago ikusgai. Hemendik aurrera hori osotzen jarraituko dogu, sortutakoa beste bilduma horreetatik ataratako kontzeptu eta terminoak jarrita eta jorratuta.

8.- Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegia eta Leiho Morea. Zein da zure eretxiz hurrengo pausoa?

Hurrengo pausoa hau eliketan jarraitzea da argitaratuko diran edukiekaz, bai idatzizkoak bai ikus-entzunezkoak. Gainera, kontuan hartuko ditugu bidean atzean itxi ditugunak be. Beraz, gure asmoa da ahalik eta eragile eta argitaratzaile gehinetara heltzea. Horreezaz gan, hiztegia elikatzen jaraituko dogu.

Bestalde, tresnea euskeraz baino ez dago. Beraz, espero dogu hurrengo pausoa bildumea hizkuntza gehiagotan jarteko aukerea izatea.

8.- Mezu berezirik?

Jenteak erabili daiala eta emoten dituan aukerak ikustea, izan be, bakotxaren sorkuntza lan horretan laguntzeko kapaz da. Esaterako, mobimentu feministako kide batek testu bat idatzi behar dauenean eta zalantza terminilogikoak izango baleuz, Leiho Morea da bere tresnea. Beraz, danei eskatzen deutset probetako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu