Itziar Navarro Ibañez: 'tesia dibulgatiboagoa egin gura dot, euskeraz'.
2026-01-26 07:48 BarriketanMusikologo doktorearen doktoretza-tesian Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak aztertu ditu, ikuspegi sozialetik eta musikaletik. Errondetan parte hartzen daben personen diskursoetan eta praktiketan jarri dau arretea, azken hamarkadetan emondako aldaketak ulertzeko. Iurretako Goiuria Kultur Gunean, Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak izeneko berbaldi-bariketaldi entzutetsua eskaini dau.
Itziar Navarro Ibañezek (Donostia, 1991) goi-mailako gitarra ikasketak egin zituan Musikenen (2013) eta Kultur Musikologiako masterra Göttingenen (2017). EHUko Mikel Laboa Katedrearen saria jaso eban Oiartzungo bertsolarien kantaereari buruz egindako master-amaierako ikerketeagaitik. Musikologian doktorea da, Bizkaiko abendu-erronden inguruko tesiagaz (Bartzelonako Autonoma Unibersidadea, 2024). 2017tik Soinuenean dabil lanean, Oiartzunen, Juan Mari Beltranek zuzentzen dauen herri-musikearen dokumentazino zentroan. Irakasle gonbidadu moduan dabil Musikenen, Mondragon Unibersidadean eta Madrilgo Creativa goi-mailako musika eskolan.
2025/26 ikasturtean Donostiako Lugaritz Kultur Etxean Herri-kanten laborategia gidatzen dau astero. Bertsozale Alkarteko Doinutegi batzordeko kide be bada.
Musikaria be bada, Eia Trio eta Emari taldeetan dabil. Oraintsu txalapartari lanak egiten hasi da Oreka TX taldean (Ikimilikiliklik, 2025).
1.- Gernikako Marijesiak, Bizkaiko abendu-errondak aztertu dozuz. Zer dira marijesiak? Erlijinoak badauka zerikusirik sorkuntzan?
Gabonak iragarteko koplak dira eta Bizkaiko ondoko hiru eskualdetan kantau izan dira, Busturialdean, Durangaldean eta Lea Artibain baina horreetatik kanpo be dokumentauta dagoz. Gernikako Marijesiak bizirik dagoz baina abendu-koplak legez jorratzen ditut. Publikoak Gernikakoak ezagutzen ditu eta izan dira bai gorabeherak, hasieran kale gitxi batzuetatik joaten ziran baina aurrerago kale gehiagotan kantetan eben; emakumeen parte hartzeari jagokonez be gauza interesgarriak nabarmendu daitekez, noiz sartu ziran, tonoaren, tinbrearen aldetik be aldaketak izan dira. Zehatz 6 herritan ibili naz, Ea, Lekeitio, Ibarrangelu, Areatza-Ibarruri/Muxika, Gernika eta Iurreta, Oromiñon. Edozelan be, bateren batek gurako baleu tesia osorik deskargau, hemen. dago. Ingelesez eta gaztelaniaz dago baina dibulgatiboagoa gura dot egin euskeraz, ikus-entzunezkoa, laburragoa, zehatzagoa.
2.- Zein da abendu-erronden jatorria, erlijinoak badauka zerikusirik sorkuntzan?
Jatorriari jagokonez, gaiak erlijiosoak dira eta XVII. mendean argitaratu ziran. Abendu-koplen kasuan, badakigu Mexikon argitaratu zirala, 1699an, Jose de Lezamiz abade durangarraren Vida del Apostol Santiago el Mayor liburuan. Liburu horretan Lezamizek pasarte batzuk kopiau egin zituan, Nicolas de Zubia abade durangarrak 8 urte lehenago argitaratutako Doctrina christiana en Bazquence liburutik. Doktrina hau galduta dago gaur egun.
Jose Antonio Arana Martijaren hipotesia da Marijesiak zirala teatro erlijiosoaren parte; gogoan izan Durangon baegoala antzerki giro indartsua, herritarrak ziran aktore eta ikusitakoak ikusita tesi-zuzendariari, Jaume Ayats Abeyàri esan neutson gaia gehiago jorratzea interesgarria izan eitekeala eta beste hiru herri sartzea proponidu eustan. Gaia sano interesgarria da eta herritarrak animetan ditut ikerketearen munduan sartu daitezan.
Ganerakoan, gaien harian, gaur egunean parte-hartzaileen motibazinoak askotarikoak dira: tokiko tradizino bati jarraipena emotea, ohitura komunitario bati eustea, bizilagunakaz batzea, herria bizibarritzea zein gauez kantuan ibiltea.
3.- Ohitura hau Bizkaiko beste herri batzuetan be bizi izan da. Zelakoak izan dira egin behar izan dozuzan lanak?
Busturialdean, Durangaldean eta Lea Artibain ibili naz urteetan alkarrizketak egiten, herritarrakaz hartu-emonetan eta ibili naz. Danetara, 50 alkarrizketa egin dodaz, informalak askoz gehiago dira eta horreek danak barridatzi, irakurri eta aztertu egin behar izan dodaz baina lan ederra izan da, sano aberasgarria, asko ikasi dot. Pozgarria izan da prozesua, egun askotan lorik egin barik eta ibili nazen arren...
4.- Azkenean, ikerketa etnomusikologikoa egin dozu. Zer lantzen da holakoetan?
Bai. Nire lanaren oinarria jenteagaz egotea izan da, oso ondo tratau nabe, etnomusikologia lana egin dot; lehenengo hiru herri aukeratu nituan Lekeitio, Ea eta Gernika eta oso gustora ibili nintzan. Tesi-zuzendaria Jaume Ayats Abeyà izan da, asko gustetan jako etnomusikologia, aditua da, erreferentea eta zeozertxu nabarmentzearren egin izan ditu ahots praktikak Kataluiniako Pirineotan.
5.- Liburuak be plazaratu izan dozuz, besteak beste, Soinu-tresnak euskal herri-musikan eta Transformations in the Bertsolaris’ Singing Style in Oiartzun since the Mid-20th Century...
Soinu-tresnak euskal herri-musikan da nire lantokiagaz ataratako argitalpena, liburu kolektiboa dala esango neuke eta tarterik potoloena Juan Mari Beltranek egin dau; nik neuk gauzatxu batzuk idatzi dodaz baina beste egile batzuk be badagoz eta bakotxak bere ekarpena egin dau; aitatu dozun bestea, master-tesinea da, argitaratubakoa, Oiartzungo bertsolarien kantaerea eta tartean izandako aldaketak jorratzen dituana, Xenpelar Dokumetazino Zentroan eta Alemanian, lana aurkeztu neban unibersidadean, Göttingenen dago ikusgai. EHUko Mikel Laboa Katedrearen saria jaso ebana.
Argitaratuta dodan bakarra da Musikenek ataratako Euskal Musikearen Historia liburua.
6.- Gitarristea zara, musikologian doktorea, Herri-kanten laborategia gidatzen dozu, Bertsozale Alkarteko Doinutegi batzordeko kide zara... Deskantsurako tarterik hartzen dozu?
[Barreka], gitxi. Pentsetan neban Tesia amaitu eta lasaituko nintzala baina ez, kontrakoa izan da, lana moltsotu egin jat. Tesia han, hor eta hemen zabaltzen nabil, makinatxu bat berbaldi eskaini dodaz; Ariatza eta Ibarrangeluko taldeei amua bota neutsen baina Lekeition, Ean, Ibarrurin eta Iurretan emon dodaz berbaldiak. Musikenen be banabil eskolak emoten.
7.- Oso oker ez bagagoz, Oreka TX taldean, Laboa eta Artzeren mundu artistikoa gaurko begiradatik jorratzeko Ikimilikiliklik ikuskizunean be parte hartu zenduan Loraldiaren barruan. Zelako esperientzia izan zan?
Ona. Nire txalaparta irakasle Arkaitz Martinez, Oreka TX taldeko kidea da eta beronek egindako proposamenari ezin izan neutsan ezetzik esan. Sorkuntza kolektiboa izan da eta orain ekin deutsagu bireari. Aurrestreinaldia Urnietan izan genduan igaz, zemendian, eta orain, urtarrilaren 31n, Victoria Eugenian izango gara eta, oso oker ez banago, martiaren 12an, Loraldiaren barruan Bilboko Arriagan.
8.- Saltsa askotan zabiz baina zein arlotan zabiz gustorago?
[Barreka]. Bai. Ez naz gora adi egotekoa. Saltsa horreetan guztietan gustora nabil eta zein arlotan nabilen gustoragoa zehaztea ez da erraza. Bizkaiko abendu-erronden bilakaera: diskurtsoak eta praktikak tesia zabaltzen eta sustatzen nabil orain baina eguneroko lanak be ezin ditut baztertu, Musikene, Soinuenea, Musikologia eta bestelakoak. Edozelan be, musikearen munduan be sartu eta txalapartari lanetan oso gustora nabil.
Beste alde batetik, gazteak animetan ditut ondarearen eta tradizinoaren munduetan sartu eta ikerketa lanak egin deiezan, ez baitira damutuko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
