Maddi Ane Txoperena Iribarren: 'artea epaitzea ez da erraza'.
2026-02-09 07:55 Barriketan2026ko Xilaba Iparraldeko Bertsolari Txapelketea irabazi dau hendaiarrak, buruz burukoan Maddalen Arzallusegaz norgehiagokan ibili ostean.
Gai-emoile lanetan Amaia Castorene eta Aritz Bidegain ibili dira. Zazpi epailez osotutako epaimahaia izan da bertsolarien lana epaitzeaz arduratu dana: Zuhaitz Olazabal, Maialen Berra, Eneko Bidegain, Iban Thicoipe, Abel Zabala, Ainhoa Sarasua eta Jon Garmendia Txuriya. Idazkari lanetan, barriz, Oihana Aranguren ibili da. Xilaba bertsolari txapelketa amaitu bada be, 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bost finalistek hartuko dabe parte.
Maialen Hiribarrenek (Itsasu, 1957) jantzi deutso txapela txapeldunari. Bertsularien Lagunak Alkartean 15 urtez bolondres lanetan ibili da Hiribarren. Alkartea osotzen eta indartzen upealako lana egin dau, gaur egungo ardatzei hauspoa emoten, batez be, transmisinoari. Lehen bertso eskolen sustatzaile eta sortzaileetako bat izan da, baita Seaskako irakaslea be, erretiroa hartu arte.
Hendaian (Lapurdi) jaio zen 1994ko zemendiaren 23an eta orain Lesakan (Nafarroa) bizi da. Gizarte Antropologiako ikasketak eginak ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ia hamar urtez ibili da Berria egunkarian lanean, kazetari, zutabegile eta artxibozain.
Zortzi urte ingurugaz hasi zen Hendaiako bertso eskolan. Euskal Herriko eskolarteko txapela irabazi eban 2011n, eta hainbat gazte sariketatan parte hartu dau ordutik, baita 2012ko Xilaba Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketan be. Hainbat urtez bertsolaritzatik urrunduta egon ondotik 2018an bueltau zan, Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketan. 2019an taldekako Xilabako txapela jantzi eban anaia Josu Txoperena eta Miren Artetxegaz batera. Orain lau urte, 2021ean finalista izan zen banakako Xilaban.
Egunotan arnasa hartzeko astirik barik, hara eta hona alkarrizketak eskaintzen eta dabilen arren, gustora hartu dau tartea geugaz berba egiteko.
1.- Zorionak. Gustora finalean ala urduri, arerioen indarraz jaubetuta?
Mila esker. Urduri bai, txapelketa, sariketa eta holakoetan ibilita gagozalako eta umetan hasi ginalako kantetan baina lasai eta gogotsu joan nintzan finalera, ez nintzan urduri sentidu, ez neban presinorik igarten. Baina ganerako finalistak kantetan hasi ziranean, orduantxe jaubetu nintzan maila handia egoala eta ez zala erraza izango irabaztea baina poztu egin ninduan bertsolarien maileak eta motibazinoa izan zan niretzako.
2.- Bardinketea izan zan buruz burukora sartzeko Maddalen Arzallus eta Miren Artetxeren artean. Holakoak normaltasunez hartu behar doguz, irabazi ala bigarren geratzea ez eze, Txapelketa Nagusian kantetako aukerea be tartean dagoalako...
Bai, holakoak izaten dira txapelketatan baina normaltasunez hartzen doguz holakoak. Egia da pilo bat bertso kantauta, orduak oholtza gainean emon ondoren, hasarratzeko motiboa dala baina txapelketotan arauak dagoz, epaileak be bai baina artea epaitzea ez da erraza, subjetibotasuna tartean sartzen da eta horretara goazela jakin arren, bardinketak, gehiago merezi zenduala pentsetea eta holako egoerak mingarriak izan daitekez.
3.- Sei bertsolarik kantau zenduen eta horretatik lehenengo bostak izango zarie Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, bakarra geratu da kanpoan, Elixabete Etxandi, 606,5 puntugaz. Antza, hobeto ibili dira ganerakoak: Irantzu Idoate (664), Aitor Servier (682), Miren Artetxe (684,5), Maddalen Arzallus (1106,5) eta Maddi Ane Txoperena (1132). Elixabete Etxandi ez da pozik egongo...
Penea bai baina holan suertau da eta badakigu finalean ez dala egongo baina bi gehiago goaz. Finaleko baxenafar bakarra zan Etxandi eta polita izango litzatekela Xalbadorren sasoitik ez dalako egon hango inor. Badakit Etxandi pozik dagoala finalean egindako lanagaitik eta aukera gehiago izango ditualako.
4.- Sei finalista, bost emakume eta gizon bat. Gogoetarik eragin deutsu datuak?
Bai. Alde batetik, urte luzetan bertsolaritzearen arloan feminismoak be eragin dau zeozelan; emakumeok urteak daroaguz kantetan baina arrazoi eta zapalkuntza diferenteen ondorioz atzeraldiak egon badira be, ahaldundutze eskolearen bitartez ata askoren ahalegin eta indarraren eraginez egoerea hobetu egin dala esango neuke, ahaldundutze prozesuan gagoz, saretzen eta indarrak metatzen gabiz eta finala horren erakusgarri izan da.
Bestetik, bost-bat datuari erreparauta, zer pentsau eragiten dau, izan be, bost emakume kapaz izan gara gure buruagaz zorrotz jokatzeko baina gura neuke emakume gehiagok izena emon eta txapelketa eta sariketetan parte hartzeko pasinoa izatea.
5.- Saio guztiak irabazita sartu zara finalean. Espero zenduan holakorik?
Ez [Barreka] baina ikaragarria izan da. Miren Artetxek be egin eban hori eta pozez zoratzen gagoz. Sekulako markea da eta saio bakotxera ezelako presino barik joan naz puntuazinoari begira egon barik, ahalik eta saio onena egitea izan da gure asmoa.
6.- Maialen Hiribarrenen eskutik jasotea txapela eta makilea zer izan da zuretzako?
Ikaragarrizko ohorea. Hiribarnek berak txapelketako finala aurkezteko prentsaurrekoan esan eban makinatxu bat urtetan ibili dala, Seaskan eta bertso eskolen sorreran beharrean eta itzalpeko edo agiribako lan horren autortza lez atontzaileek egin eutsienean eskabidea ederra begitandu jakon eta niretzako ederra izan da berak txapela janztea eta makilea emotea. Agurrean keinua egin neutsen Maialen bezela euskalgintzan dabizanen upealako lana eskertzeko.
7.- Seaskako irakasle izandakoa Hiribarne eta zuok Seaskako ikasle izandakoak. Euskerearen harian, nahikoa saltsa dabil azken aldion 'Baxoa euskeraz' eta holako aldarrikapenakaz...
Bai. Danok izan gara Seaskako ikasleak eta danak hasi ginan bertsotan bertso eskolei esker.
Ganerakoan, Iparraldean euskerea mespretxatua edo gitxi eretxia dago, bigarren edo hirugarren hizkuntzatzat hartzen dabe, Frantziako gobernuak hizkuntza politika linguizidak egin ditu euskerea desagerrazoteko eta euskerea bizirik badago alkarlanean, euskalgintzan, alkartegintzan, sorkuntzan eta bestelako aro batzuetan gabizanon lan militanteagaitik da. Horri guztiari erreferentzia egin neutson agurrean, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro filma aitatzen dot bikain azaltzen dalako hor euskereak Iparraldean izan dauen zapalkuntzea. Horrezaz gan, Lorejokoak nabarmendu nituan, autortzea egin gura izan neutselako XIX. mendeko gure emakume bertsolariei, Iparraldeko emakume bertsolariei, sariak be irabazi baitzituen eta ezin ahaztu, isilpean lan handia egiten dabenak, horreei esker dagoalako bizirik euskerea.
8.- Orain lau urteko Xilabaren finalean izan zinan. Aurten erantzunkizunik? Ala erosoago kantau dozu?
Nahikoa libre kantau nebala esango neuke, presino barik. Hasieran ez negoan faboritoen artean eta txapelketea aurrera joan ahala joan naz faboritoen zerrendan sartzen. Saio ona egin gura neban eta bildur bakarra zan saio txarra egitea. Bi mila personen aurrean zagoz kantetan eta zeure onena itxi nahi dozu plaza horretan.
9.- Azken urteotan kazetaritzan ibili zara baina azken aldion idazle be bazabiz, laster Zaldi bat liburua aurkeztuko dozu...
Bai, Berrian hamar urte egin dodaz eta orain eszedentzian nago; bidebatez taberna batean nabil lanaldi erdiz eta horrek aukerea emoten deust bertsotan ibilteko eta idazteko. Tarte horretan sortu dot Zaldi bat nobelea baina oraingoz ezin dot ezer aurreratu, laster plazaratzea espero dot eta orduantxe zabalduko doguz zehetasun guztiak.
10.- Ez erran inori, irabazi zenduan XXIII. Igartza bekearen laguntzaz idatzitakoan sexu abusuen gaia jorratu zenduan. Zergaitik?
Umezaroan sexu abusua bizi izan neban eta nahikoa gai interesantea begitandu jatan. Oso pozik nago liburuak egin dauan bideagaz, pozik idazteko prozesuagaz eta txapelketan be, bakarkakoan, aukerea izan dot liburuko gauzatxu batzuk jorratzeko. Danoi pasetan jakuz gauza txarrak baina horreetatik gauza ederrak sortu daitekez.
11.- Etxahun, Matxin, Salbador... Handiak dira baina beste batzuk be badagoz. Erreferente dira zuretzako?
Duda barik. Maria Luisa Erdozio, Maria Argain nabarmenduko neukez baina egia da hutsunea be egon zala eta ardurea be bai baina zorionez Amets Arzallus, Sustrai Colina, Miren artetxe eta beste batzuk agertu ziran eta bertso eskolen indarra be ezin ahaztu. Gero eta bertsolari gehiago gagoz eta bertsozaleak be ugaldu dira. Aurtengo Xilabak erakutsi dau Iparraldeko bertsolaritzearen osasuna ona dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
