Maddi Ane Txoperena: 'Emakumeen historiak askotan gerizpean geratu dira'

Dabi Piedra 2020-06-15 08:00   Barriketan

Idazlea.

Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetari eta bertsolari lapurtarrak bere lehenengo elebarria, Ene baitan bizi da izenekoa plazaratu dau, Elkar argitaletxearen eskutik. Gazteluma sariaren 10. edizinoak emon deutso lana behar dan moduan txukundu eta argitaratzeko aukerea. Gazteei euskeraz idatzi deien bultzadea emoteko bekea da hori.

Parisen ikasten dabilen neska euskaldun gazte baten (Marie) eta Beran bizi dan haren amatxi edo amamaren (Josefina) arteko hartu-emonetan oinarritutako istorioa dakar liburuak. Fikzinozko kontakizuna dan arren, 1950eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskame ibilitako emakumeen errealidadea argitara ekarri dau Txoperenak, iraganaren eta orainaren arteko zubian eten bako olgetan.

 

1.- Bortzirietatik neskame joandako emakumeen historia berreskuratzeko asmoa nondik etorri jatzu?

Alde batetik, hur-hurreko errealidadea da niretzat, amatxi Lapurdin ibili zalako gaztetan, neskame. Lesakan bizi naz, eta hemengo askok hartu eben bide hori. Bestetik, ikusten neban errealidade hori ez zala bape ezaguna, beste gai batzuei garrantzi handiagoa emon izan jake: Ameriketara joan ziran artzainak, kontrabandoan ibilten ziranak... Neskame joan ziran emakumeen inguruko gauza gitxi dagoz, eta baneukan gogoa zeozer egiteko. Idazteko zaletasuna aspalditik izan dot, eta hori guztia nahastauta, liburu hau izan da emoitzea.


2.- Errealidadean oinarritu arren, fikzinozko liburua da Ene baitan bizi da. Saiakera edo ikerlan bat egiteko be gai aproposa zan.

Ba, hasiera baten ahalegindu nintzan ikuspegi akademikotik lantzen. Gizarte antropologia ikasten nabil eta horko lan baterako pentsau neban gaiari heltzea. Baina zailtasun bategaz egin neban topo: Emakume honeekana joan eta, askotan, grabagailuaren aurrean ez eben berba egin nahi. Modu informalean bai, gauzak kontetako prest egozan, baina ez eben ikusten euren bizitzea ikerlan baten agertzeko modukoa zanik, garrantzi bako bizipenak ziralakoan. Hasieran harritu egin nintzan, baina pentsetan hasita, egia da emakumeek beti izan dogula geure buruari garrantzia kentzeko jokerea.

Oztopo hori ikusita, gaia literaturatik lantzen hasi nintzan. Ganera, askatasun handiagoa izan dot, fikzinoaren bidez beste istorio batzuk sortu dodaz, zeharka beste gai batzuk lantzeko eta istorioa nahi neban lekura eroateko.


3.- Familian edo Lesakako emakumeen artean jasotakoaz gan, zeintzuk izan dira zure informazino-iturriak?

Orain dala pare bat urte Jon Abrilek dokumental bat egin eban honen inguruan, Neskatoak, oso erabilgarria egin jat. Bortzirietako eta Baztango 15 emakumeren errealidadeak batzen ditu. Bestetik, Rosa Arburua historialariak idatzita dauka 1940 eta 1960 urteen arteko Bortzirietako gazteei buruzko liburu bat. Hor agertzen da orduko gazteek ze lan egin zituen; egia da emakumeen lanen partea txikia dala, baina baliagarria izan jat hareen bizimodua, pentsamenduak eta ardurak ezagutzeko.


4.- Emakume batzuek garrantzia kentzen deutsie euren bizipenei, lehen aitatu dozunez, eta nobelako pertsonaia nagusiaren, Josefinaren, jarrerea be hori da. Neskameen historiari jagokon pisua emoteko aldarrikapena da liburua?

Bai, ze emakumeen historiak askotan gerizpean geratu dira, azken urteetan gehiago agertzen hasi diran arren. Literatureak emoten dau aukerea hori guztia plazaratzeko, hareen ardurei buruz berba egiteko.


5.- Donibane Lohizunen edo Parisen Josefinak bizi izandako jazoera deigarriez gan, pertsonaien barruko kezkak eta ardura txikiak sartu dozuz liburuan. Literaturan, beharbada, ohituago gagoz gizonen ikuspegira, ez horrenbeste emakumeena erdigunera ekarteaz.

Ez dot uste aldarrikapen asmoagaz egin dodanik, baina egia da literaturea irakurtean gustuko dodazala gauza oso handiak pasetan ez diran pasarteak. Hartu-emonei, jentearen arteko barriketei, sentimenduei... egunerokotasunaren gauza txiki horreei garrantzia emotea gustetan jat. Adibidez, Marie eta aitaren arteko alkarrizketetan, zenbat gauza esaten diran berba barik. Ahalegindu naz holakoei erreparetan.


6.- Errealidadea eta fikzinoa alkarregaz datoz liburuan. Zer egin jatzu gatxago, errealideko gauzen deskribapena egitea ala fikzinozko haria sortzea?

Ez neuke esango parte bi dagozanik, errealidadea eta fikzinoa; errealidadea da abiapuntua, baina hortik aurrera fikzinoa da gehienbat, pertsonaietatik hasita. Josefinaren zatia egin jat gatxena idazteko, hari nagusi bi daukazalako, iraganean eta orainean, eta iraganekoa testuinguru erreal bat emonaz kontau nahi neban. Baina 1950eko hamarkadan kokatzea gatx egin jat, ni gaztea nazalako, eta kontuz ibili behar izan dot detaile txikietan. Adibidez, txikikeria bat dan arren, ezin dozuz plastikozko poltsak aitatu, halakorik ez egoalako orduko Lesakan. Hasieran lotuta ibili nintzan, baina gero erabagi neban askeago idaztea, burura ideak etorri ahala, eta amaieran errepaso handi bat egitea, anakronismoak zuzentzeko.


7.- Iraganaren eta orainaren arteko saltoak behin eta barriro dagoz nobelan. Ze efektu lortu nahi izan dozu?

Olgetan ibili naz iraganaren eta orainaren artean, gogoeta moduko bat egiteko asmoz. Kontrasteak agertzen dira, bizitzea asko aldatu dalako 1950eko hamarkadatik. Baina, aldi berean, beste gauza asko ez dira aldatu, Josefinaren eta Marieren bizitzen artean paralelismoak dagoz, gauza askotan historia errepetidu egiten dalako, oinarrian behinik behin.


8.- Zeharka aitatzen dira nobelan beste gai batzuk: Politikea, drogak...

Eguneroko bizitzako kontuak sartu nahi izan dodaz, nire inguruan egon leitekezan kezkak. Gehiegi sakondu barik, baina aitatzea garrantzitsua begitandu jat.


9.- Kasu batzuetan, ganera, erreferentzia zehatzak sartu dozuz, gaur egungo musikari eta taldeen izenak adibidez. Gure sasoiaren lekukotzea ixteko ahalegina da?

Batez be, Marieren historia ahalik eta errealen egiten ahalegindu naz. Edozein gaztek irakurten badau, hortik hur sentidu daitela. Pozik nago izandako harrereagaz, nire edadeko batek baino gehiagok esan deust liburua irakurri dabela eta gitxitan topau dabela literaturan euren belaunaldiari erreferentzia egiten deutsan libururik. Izan leiteke idazle gehienak gu baino helduagoak diralako, baina pozgarria egin jat gazteen partetik jasotako erreakzino hori.


10.- Lehenengo liburua dozu hau. Gehiago etorriko dira?

Ikusiko dogu, barruan asmoa badaukat, bai, idaztea ikaragarri gustetan jatalako. Hau izan da argitaratzeko lehenengo aukerea, baina barruko zaletasunak, lehenago edo beranduago, azaleratzen dira. Gustura segiduko neuke honetan.


Argazkiak Garazi Conde Orubek eginak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu