Maddi Ane Txoperenak lehenengo nobelea plazaratu dau

Bizkaie! 2020-05-22 10:07   Kulturea

Gazteluma sariari esker dakar Ene baitan bizi da.

Maddi Ane Txoperena (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kalean da, Elkar argitaletxearen eskutik, Maddi Ane Txoperena kazetari eta bertsolari lapurtarraren lehenengo elebarria, Ene baitan bizi da izenekoa. Parisen ikasten dabilen neska euskaldun gazte baten eta Beran bizi dan haren amatxi edo amamaren arteko hartu-emonetan oinarritutako istorioa da. Marierentzat, baina, ez da erraza izango Josefinaren iragana eta sekretuak ezagutzea, irakurleak zatika jasoko ditu amama zaharraren pasadizoak.

Kontakizun horren atxakian, beste sasoi eta egoera batzuetan sartu da Txoperena: 1950eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskame ibilitako emakumeen errealidadeak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodioak, laneko sufrimenduak, gatazka politikoaren ondorengo testuinguru baten ezinak, amama-iloben eta guraso-alaben gorabeherak... Iraganaren eta orainaren arteko zubian olgetan dabil autorea eten barik.

Neurri batean, Maddi Ane Txoperenak bere azalean bizi izandakoak agertzen ditu nobeleak, bera be lurralde biren artean ibilten dalako: Hendaian jaio eta hazi arren, Nafarroa Garaiagaz lotura handia izan dau betidanik, familiaren zati bat Lesakakoa dauelako. Amamari eta beste lesakar batzuei entzundako istorioak batzeko gogoa aspaldi sortu jakon, eta azkenean fikzinoaren bidez kontetea erabagi dau. Beraz, errealidadea erakusten dauen fikzinozko istoriotzat jo leiteke Ene baitan bizi da.

Irakurri nobelearen 1. kapitulua hemen.

Gazteluma sariaren 10. edizinoak emon deutso Txoperenari lana behar dan moduan txukundu eta argitaratzeko aukerea. Lehendik landuta eukan liburuko istorioa, baina lehiaketa hori irabazi eban arte ez eban plazaratzeko modurik izan. Ipar Euskal Herriko gazteei euskeraz idatzi deien bultzadea emoteko bekea da Gazteluma, Elkarrek eta Euskerearen Kultur Erakundeak antolatua.

Gaztea dan arren, Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) sarri agertu da plazara, bertsolaritzearen zein kazetaritzearen bidez. Txapelketa ugaritan kantau dau, eta hedabide batzuetan kolaborau edo behar egin, esate baterako, Berrian. Orain, literaturearen mundura be salto egin dau, Ene baitan bizi da elebarriari esker. Halandabe, argitaratu bako istorio laburrak eta bestelako txatalak be idatziak izan ditu lehendik be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu