1.700 gaztek baino gehiagok parte hartu dabe Beldur Barik Lehiaketan
2025-11-24 13:09 KultureaDerioko Kultur Birikan izango da sari banaketea zemendiaren 28an.
Gazteen artean indarkeria matxistea eta sexistea prebeniduteko ekimen hau Emakundek bultzatu eta hiru foru aldundien eta EUDELen babesa dau.
Aurkezpenean parte hartu dabe Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Derioko alkate eta EUDELeko presidente Esther Apraizek, Arabako Foru Aldundiko Bardintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok, Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasunerako zuzendari Trinidad L. Vicentek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bardintasunerako zuzendari Nerea Isasik. Gainera, Amaia Lekue Larrabetxuko alkatea, Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkate eta Txorierriko Mankomunidadeko presidentea, Josu Andoni Begoña Loiuko alkatea, Naia Landa Sondikako alkatea eta Lander Aretxabaleta Zamudioko alkatea be izan dira.
Emakundeko zuzendariak ekimen horren helburuak nabarmendu ditu: neskak ahaldunduten laguntzea, mutilak bardintasunagaz inpliketea eta alkarregaz gizarte bardinzaleagoa eregitea. Gazteen hizkuntza eta baliabideak erabiliz egiten dogu", nabarmendu dau, eta Beldur Barik lehiaketea aukera parebakoa da bardintasunari eta indarkeria matxisteari buruz esan nahi deuskuena entzuteko.
Beldur Barik bideo-lehiaketea da Beldur Barik proiektuaren ekintza nagusia. Lehiaketeak egoera matxista edo diskriminatzaile baten aurrean Beldur Barik jarrera islatzen daben ikus-entzunezko proiektu onenak saritzen ditu, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek eginak. Aurten 311 lan aurkeztu dira lehiaketara, azken urteetako parte-hartzerik handiena. Danetara, 1.740 gaztek hartu dabe parte, % 61 neskak, % 37 mutilak eta % 1 beste identidade batzuekaz identifiketan diranak. Emakundeko zuzendariak parte-hartze handi hori nabarmendu dau eta, batez be, taldean egindako lanak izatea: garrantzitsua da sormen-prozesua bera emakumeen kontrako indarkeriari buruz gazteek alkarregaz hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzea.
Lan gehien jaso dituan kategoria 12 eta 16 urte artekoa izan da. Bizkaia izan da aurkeztutako proposamen gehien izan dituan lurraldea, ondoren Gipuzkoa eta Araba. Lanen gai nagusiak sexismoa (% 42), estereotipoak (% 26), kontrola (% 17), onespena eta baimena (% 11) eta gorputzen sexualizazinoa (% 11) izan dira.
Bestalde, egoera horreen aurrean proponidutako Beldur Barik jarrerak honakoak izan dira: erantzun kolektiboa (% 28), ahaldundutea (% 27), laguntza-eskaerea (% 17), anaitasuna (% 14) eta eguneroko erantzunak eta estrategiak (% 9).
EUDELeko presidente eta Derioko alkate Esther Apraizek, aurten Beldur Barik topaketea hartuko dauen udalerriko alkateak, lehiaketako parte-hartzaileak zoriondu ditu, gazteak aldaketearen buru izateko prest dagoz eta aldaketa bultzatzen dabiz. Sorkuntzea, jarrerea eta tokiko ekimen bakotxak balio partekatuen sare bat indartzen dau: bardintasuna, errespetua eta ausardia. Erakunde lez, energia eraldatzaile horri entzuteko, laguntzeko eta lekua emoteko ardurea dogu, sare sozialen erabilera positiboa eta arduratsua sustatuz.
Beste alde batetik, Arabako Bardintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari Joana del Hoyok gazteen inplikazinoaren garrantzia azpimarratu dau: gazteria ez da bardintasun-politiken hartzaile pasiboa, eraldaketarako eragile aktiboa baino. Bere ahotsak eta sorkuntzak matxismorik babeko etorkizun baterako zubi dira.
Bizkaiko Bardintasun zuzendari Trinidad L. Vicenteren ustez, Beldur Barik ekimenak Euskadiko gazteen artean kezka bat dagoala eta emakumeen eta gizonen bardintasunaren aldeko aktibismoa be badagoala adierazoten deusku. Erakundeek ekimen gazte horreei emon behar deutsegu bozgorailua, gaineratu dau.
BBJ topaketea
Zemendiaren 28an, barikuan, Derioko Kultur Birika indarkeria sexista eta matxistearen kontra burrukan dabizen gazteen topagune bihurtuko da. Topaketea 16:00etan hasiko da eta 16:30etik 17:30era bertaratzen diranek hainbat tailerretan parte hartu ahal izango dabe: Patata Tropikala antzerki laborategiko Eta hala ez bazan? antzerki tailerra; Ez da txantxa maskulinidade barrien tailerra Jon López Corcheroren eskutik; eta #BBJ jaubekuntza tailerra Kabia eta Parean alkarteen eskutik. Ondoren, trikitixearen eta elektronikearen doinuak buztartuko ditu Sünek.
Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, aurtengo lan sarituen barri emongo da. Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak eta Estibaliz Pescador idazle deriotarrak aurkeztuko dabe sari banaketea. Topaketara joatea doban da, www.beldurbarik.eus web orrian izena emon ondoren, eta autobus zerbitzua eskainiko da Deriora Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
