Arnasguneetako gazteek 200 lan baino gehiago aurkeztu ditue
2025-11-24 12:51 KultureaIV. Arnasetik Lehiaketean.
Aurten be Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketea atondu dau euskerearen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoetea biztuteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak alkarregaz sustatutako egitasmoa da eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskerearen bizibarritzeari eta euskerearen herriari egiten deutsen ekarpena nabarmentzeko. 2025eko edizinoan 205 lan jaso dira eta 3.500 bototik gora.
Hiru gai nagusi
Lehiaketan, euskerearen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasoten dituen ikastetxeetako ikasleek hartu leikie parte banaka edo lagunartean. Hareen egitekoa euskereari lotutako istorioak kontetea izango da minutu biko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkeari erantzunez.
Arnasetik lehiaketea edadearen araberako hiru kategoriatan banatzen da. Kategoria bakotxean erronkei erantzuna emoteko bideoak aurkeztu beharko ditue gazteek.
- LH 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituen esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak topau edo asmau beharko ditue.
- DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak Arnasgune batean sartzeko castingen parte hartuko dabe eta ia dana euskeraz egin daitekeen herri batean biziteko arrazoi nagusiak azaldu beharko ditue.
- DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek pensatu beharko dabe euren herria ixtekotan, zer hartuko eben gehien faltan.
Sari banaketa ekitaldia zemendiaren 27an
Zemendiaren 27an, Leitzako Herri Aretoan izango da sari banaketea. Maria Blanco eta Malen Altunak aurkeztuko dabe ekitaldia, arratsaldeko seietan hasiko da eta amaieran luntxa eskainiko da. Guztira, bost sari banatuko dira. Kategoria bakotxean, epaimahaiak hautatutako lanik onenak; 500 euroko saria izango dau (guztira hiru). Horrezaz gan, balio bereko publikoaren saria be banatuko da, bozketa bidez hautatua. Sari horreek, besteak beste, IrriSarri Land, Gure Zirkua, Durangoko Azoka, iges geletarako sarrerak edo EITBko Goazen! eta Irabazi Arte! telesailen merchandising produktuetan edo ikas-bidaian gastetako bonuak izango dira. Era berean, Leitzako Udalak be herriko lan bat saritu gura izan dau bosgarren sari bat eskainiz.
Parte-hartzea
205 sormen lan jaso dira aurtengo edizinoan eta guztira 35 udalerri ordezkatu dira: Anoeta, Deba, Irura, Orio, Arbizu, Doneztebe, Ispaster, Urdazubi, Areso, Errezil, Lakuntza, Zarautz, Aulesti, Etxarri, Aranatz, Leitza, Zestoa, Azkoitia, Gernika-Lumo, Lekeitio, Zornotza, Azpeitia, Hernani, Lesaka, Baliarrain, Hondarribia, Markina-Xemein, Bergara, Ibarra, Mutriku, Bermeo, Igantzi, Oñati, Berriatua, Ikaztegieta eta Ondarroa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
