Jon Urutxurtuk gerrako umeei buruzko ikerketea argitaratu dau
2025-11-25 12:08 KultureaDurangoko Azokan aurkeztuko dau abenduaren 5ean, arratsaldeko 19:00retan.
Gerra Zibileko (1936-1939) jazoera handienetako eta hunkigarrietako bat familietatik banandu eta atzerrira bialtzen zituenekoa da: gerrako umeena hain zuzen be. Milaka ume hartu zituen Europako hainbat herrialdetan zabaldutako kolonia ugarietan. Jon Urutxurtuk euskeraz eta gaztelaniaz idatzita, Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu barri dau Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia (Jatsu, 1937-1939). Gerrako 34 euskal umeen babes-etxea liburua. Ikerketa lan horrek Gogora Institutuaren, Gernika Gogoratuzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzea be izan dau.
Ikerlana Durangoko Azokan aurkeztuko dabe abenduaren 5ean, arratsaldeko 19:00retan, Talaia Espazioan. Liburua, ehun bat argazki eta dokumentukaz ilustrauta, milaka ume hartu zituen kolonia askotako batean oinarritzen da: Lapurdiko Jatsu herrian (Ipar Euskal Herria- Frantzia) 21 neska eta 13 mutil euskaldun (11 gipuzkoarrak eta 23 bizkaitarrak) artatu zituan Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonian, haren jatorria, finantziazinoa, barne-atonketea... aztertuz. Hemen bizi izan ziran 1937 eta 1939 urteen artean 6 eta 13 urte bitarteko 34 umeak.
Jatsukoa izaera autonomoa eban kolonia zan, baina Eusko Jaurlaritzearen menpeko ume kolonien kide: ikastetxe-barnetegia zan, bertan ostatu, elikadurea, irakaskuntzea, erlijino-prestakuntzea eta osasun laguntzako zerbitzuak batzen ziran.
Lurdes Euzko Aur-Etxea aitatzea Manuel de Ynchaustiren obra personalaz berba egitea da. Ynchausti nazionalidade estadubatuarra eta filipinar jatorria eban euskaldun aberats, apal, solidario, katoliko, euskaltzale eta demokratea zan. Halanda ze, haren aberastasunaren zati bat Lurdes Euzko Aur-Etxea sortu eta eusteko bideratu eban. Koloniaren instalazino bikainez gan, barne-atonketa ona azpimarratu behar da. Hemen emondako hezkuntzeak euskerearen eta euskal kulturearen eguneroko presentzia eban ezaugarri eta erbestean egon arren euskal kultureari eutsi eutseen. Garai haretako Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek egiten zituen txostenetan arlo ezbardinetan (elikadurea, osasuna, higienea, hezkuntzea...) koloniak eban maila bikaina azpimarratzen da.
Liburua osotzen daben 196 orrialdetan kolonia aztertzeaz gan, bere mezenasa izan zan Manuel de Ynchausti (oso gitxi ezagutzen dana eta merezidutako autortzea izan ez dauena), haren emazte Ana Belén Larrauri eta bertan lan egin eben langileen autortzea egiten da. Era berean, oraindino munduan errepetiduten dan joaneko sasoi traumatiko baten akordua gorde gura da eta belaunaldi barriak sensibilizau. Beraz, ikerketea ez da joandakori begiratzea bakarrik, etorkizunari begiratzen eta harrerako herrialde bezela dogun papelari buruz hausnartzen lagundu gura dauen tresnea be bada.
Liburua Durangoko Azokan eskuratu daiteke, Bizkaiko Foru Aldundiaren standean; Bilbon, Foru Liburutegian (Diputazino kalea, 7); eta, online (bialketea doban).
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
