Mikel Utrerak jaso dau euskerazko literatura sorkuntzearen Ignacio Aldecoa Bekea

Bizkaie! 2026-06-03 09:07   Kulturea

Epaimahaiak gasteiztarraren Haginak darakuskite proiektua hautatu dau.

Mikel Utrera Puelles. Erretratua: araba.eus. | Ikusi handiago | Argazki originala

Epaimahaiak nabarmendu dauanez, idazleak errealismoa bildurrezko elementuakaz buztartzeko aparteko gaitasuna dauka, eguneroko egoeretan fantasiazko osogaiak sartzen baititu era iradokitzaile eta sinisgarrian. Batetik, kontakizuna eregiteko prozesuaren sendotasuna eta, bestetik, erritmoa, amaierea ondo ebatzi arte tensinoari eusten deutsona; eta, azkenik, baliabideak, bigarren personearen erabilerea, irakurleagazko loturea indartzen baitau. Era berean, goraipatu egin dabe espazio narratiboaren aukeraketea, izan be, uriaren eta landagunearen arteko transizio guneetan kokatuta dago, euskal literaturan gitxi esplorautako eremuan.

Bekea 12.000 eurokoa izango da eta horri esker, 2026an euskerazko ipuin bilduma bat egin ahal izango dau egileak, eta urtea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dau. Emoitzea Ignacio Aldecoa Literatura Ipuinaren Nazinoarteko Jaialdian argitaratu eta aurkeztuko da 2027ko martian.

Deialdi honetara 24 hautagai aurkeztu dira (9 emakume eta 15 gizon), eta datuok gero eta interes handiagoa dagoala nabarmendu dau Kultura eta Kirol Sailak euskerazko literatura sorkuntzea sustatu guran, Ignacio Aldecoa Kultura Etxearen bidez bultzatutako ekimen honetan.

Mikel Utrera Puelles (Vitoria-Gasteiz, 1977).

Idazlea, aktorea eta zinemagilea da. UPV/EHUko Ingeles Ikasketetan graduautakoa da, eta han literatura anglosaxoian eta euskal literaturan sartu zan. Ikus-entzunezkoen eta antzerkiaren arloetan egin dau bere ibilbidea. Azken urte bietan, gazteei zuzendutako Hitz kolpez murgiltze-antzerkiaren proiektuan parte hartu dau, eta egun bere lehen film laburrean dabil lanean, Hemen lehen eguzkiloreak landatzen genituen izenekoan.

Beka honen helburua euskerazko literatura sorkuntzea ipuin literarioen modalidadean sustatzea eta sendotze prozesuan dagozan beste egile batzuei laguntzea da.

Kontuak kontu, Ernestina de Champourcín euskerazko eta gaztelaniazko poesia lehiaketara lanak aurkezteko epea bagilaren 10era arte egongo da zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu