Euskal Museoa Bilbao euskal kulturearen nazinoarteko ate
2026-06-04 13:38 KultureaMuseoan sartzea doan izango da 2026ko ekainaren 10etik 21era.
Bagilaren 10ean, Euskal Museoa Bilbaok ateak edegiko ditu museoa erakustoki moderno, edegi eta garaikide legez sendotutako eraldaketa sakon baten ondoren eta, horregaz, euskal kulturara sartzeko ate bilakatuko da Bizkaiko erakundea. Egun horretatik aurrera eta bagilaren 21era arte, herritarrak doban sartu ahal izango dira museoan, proiektua ezagutzeko.
Bultzada barri honek nazinoartera begirako asmo handiko proiektua dakar eta museoaren beraren bilduman eta euskal kulturea zabaltzea da ardatz, zaharbarritze arkitektoniko zein museografiko integral baten bidez. Esku-hartzeak beste dimensino batean kokatzen dau museoa eta tradizinoa eta garaikidetasuna lotzen dituan eta ondarea herritarrei modu barritzaile eta irisgarrian helarazoten deutsen erakusketa-esperientzia murgiltzaile bat proponiduten dau.
Proiektua ahalik eta gehien ezagutarazoteko, bagilean doban izango da museoan sartzea, herritarrek kultura-proposamen barritua zuzenean deskubriduteko aukerea izan deien.
Gaur izan da komunikabideen aurreko aurkezpena eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Museoko presidentea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputadu nagusia eta Sorkunde Aiarza Museoko zuzendari-kudeatzailea. Han izan da Antonio Vaillo arkitektoa be.
Alkarregaz bisitau dabe Miserikordia eraikina, bildumako pieza handiak ezagutzeko, besteak beste, 1940ko hamarkadearen hasieran Bilboko Victor Jatetxerako egindako sukaldea, eta jasotako azken dohaintzetako bat: Francisco Urrak Bilbon eukan jarlekuen lantegiaren ondare multzoa.
Ondoren, haretxaren enborra simuletan dauen Aretz Bizia izeneko espazio arinetik ibili dira, euskeraa baitau ardatz eta, amaitzeko, klaustroaren eraikinean dagozan piezak ikusi ditue.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eretziz, Euskal Museoa Bilbao barriro edegitea mugarri bat da gure urirako eta holan aurkezten da: museo bizia, inklusiboa eta munduari edegi, herritarren eta euskal kulturearen zerbitzura. Ehun urtetik gorako erakunde bat da, Zazpikaleetan eta uriaren historian errotuta dagoana, eta barritu egin da, euskal nortasunaren, memoriaren eta kultura-ondarearen jagole izaten jarraitzeko, nazinoarteko proiekzinoa daben museoen mailan, izan be, kulturea izan da beti Bilbo eregiteko zutabeetako bat; guztion ondasuna eta gizarte-kohesinorako tresna dan kulturea.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak azaldu dauenez, museo hau sistema zabalago baten parte dan espazio berezi bat da. Bizkaiak kultur azpiegituren sare aberats eta orekatua eregi dau. Eta sare horretan, Euskal Museoak leku berezia dauka: alkargunea da, multzo osoari esangurea emoten deutsona. Hemendik aurkezten gara mundura, eta hemen topetan dogu gure memoria: gaurtik iraganera doan haría.
Sorkunde Aiarza Euskal Museo Bilbaoko zuzendari-kudeatzaileak azpimarratu dauenez, proiektu arkitektonikoa egiteko, beti hartu da kontuan ehun urtetik gorako erakunde honen zutabea, 50.000 piezatik gorako bilduma zabala. Etapa barri honen helburuetako bat bilduma horretako ahalik eta obra gehien erakustea izango da; izan be, erakusketa erdi-iraunkorrari esker, piezak maizago txandakatu ahal izango dira. Euskal kulturearen ate bihurtu nahi dogu eta nazinoarteko izaera nabarmeneko gizarte-museo bat izan nahi dogu, tokikoek zein kanpotik etorritako bisitariek Euskal Herriaren historia, kulturea eta ohiturak ezagutu deiezan. Eta, zelan ez, euskerea be ezagutu deien, tradizinotik eta sustraietatik ikuspegi garaikideenera doan proiektu hau hazten dauen izerdia baita. Espazioen erreforma integralaren bidez, bildumea erakusteko baldintza museologikoak batu nahi genduzan, egungo araudietara egokituta, batez be ririsgarritasunari, iraunkortasunari eta museo-jarduereari jagokenez.
Bestalde, Antonio Vaillok azaldu dauenez, proiektuak sintesi bat planteetan dau multzo historikoaren jatorriaren (Jesuitek XVII. mendean inportatutako klasizismo erromatarra) eta tokiari lotutako euskal tradizinoko materialen artean (harria, zura eta altzairua). Asmoa ikuspegi garaikidetik diseinautako eta eregiteko-sistema tradizionalen bidez egindako arkitektura bateratzaile eta soila lortzea da.
Gaur arratsaldean, inaugurazino instituzionala egingo da. Bertan, Imanol Pradales lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Museoko presidenteak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputadu nagusiak hartuko dabe parte, eta Bilboko eta Bizkaiko erakundeetako eta gizarte eta kultura-arloko zenbait ordezkari bere izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
