Doluaren poesiari erreparauko deutso IV. Irailekoak poesia-jaialdiak

Bizkaie! 2026-09-16 13:07   Kulturea

Irailaren 26an eta 27an izango dira hitzorduak Lapurdiko Itsasun.

Aurten, Itsasuko herriak hartuko dau, bigarren aldiz, Irailekoak poesia-jaialdia. Honenbestez, irailaren 26an eta 27an, poesiak beteko dau Lapurdiko herri dotorea. Euskaltzaindiak atondu dau jaialdia, Itsasuko Herriko Etxeagaz batera eta Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesagaz.

Jaialdi hau (igazkoa Lekeition izan zan) irailaren 26an, egun osoz, eta 27an, goizez, gauzatuko da, eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko dau. Egitasmoaren zelakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu ditu gaur, Akademiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan egindako agerpenean: Irailekoak egitasmo nazionala da, Euskal Herri osoari begira egindakoa. Bertan, euskal poeten lana sustatu nahi dogu, sortzaileei plaza bizi eta erakargarri bat eskainiz, beren lanak erakutsi deiezan. Bestetik, Euskaltzaindiak hasieatik euskal kulturea sustatzeko borondatea agertu dauela gogoratu dau euskaltzainburuak: besteak beste, Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi atondu zituan bere garaian Akademiak, eta EIZIEren eta Euskal Idazleen Akartearen jarduerak bultzatu zituan. Berezkoa da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak lako egitasmo bat atondu eta aurrera eroatea.

Bere aldetik, Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezak adierazo dau bizi ditugun garai nahasiotan botika ona izan daitekeela poesia: nahasten joakuz aroaren zikloak; nagusitzeko mehatxuak agertzen ditu adimen artifizialak; demokraziaren eta askatasunen hegoak ebagiko deutsezala bildurtzen dira gure jente-arte modernoak. Irrintzi ozen eta luzeak alkar gaitzala Irailekoetan bihozberak eta odol beroak, izarren argitan olerki baikorrez esperantzearen hauspotzeko.

Itxaro Borda euskaltzainburuordeak aletu ditu jaialdiaren zelakotasunak eta egitaraua. Hasieran nabarmendu dau sartzea librea eta doban izango dala ekitaldi guztietara: aurtengo Irailekoetan doluaren poesia zaharrari erreparauko deutsagu eta, gaiari eutsiz, irailaren 26an, estreinaldia nabarmendu behar da: erosta edo errenkurearen edo heriotzearen aurreko kantuen bilakaerea aztertuko dau Karine Etcheverry irakasle eta soziolinguisteak -Minaren oihuez, berbez eta kantuez- berbaldian. Sanoki Aretoan izango da, goizeko 10:00etan. Ondoren, Peio Ospital eta Mixel Ducauren kontzertua izango dogu, leku berean. Eguerdiko12:00etan, Gaineko plazara joango gara, poesia-irakurraldia izango baita bertan: Marikita Tambourin, Lierni Azkargorta eta Joseba Sarrionandia iragarri ditue. Xabi Etxeberri musikariak girotuko dau irakurraldia.

Arratsaldean, ohiko irakurraldi ibiltaria izango da, hain zuzen, Gaineko plazearen eta eleizearen arteko bidetik. Hatsa alkartearen laguntzea izango dogu hor, alkarteko poeta ugarik irakurriko dituelako euren lanak. Beraz, geugaz izango dira Auxtin Zamora, Juankar Lopez-Mugartza, Matxalen Bezos, Antton Kazabon eta Ainara Maia. Eta musikari bat bidelagun, Beñat Axiari. Zapatuan, barriz, Atari aretoan, kontzertu ederra eskainiko deuskue Ekhi Lambertek eta Odei Barrosok, 20:00etan hasiko dan.

Igande goiza be mamitsua izango da Itsasun, Itxaro Bordak aurreratu dauenez: jakina danez, Irailekoak jaialdian euskal poeten lana gizarteratu nahi izaten dogu baina beste bazter batzuetako poeten lana ahaztu barik. Esangura horretan, Abdul Hadi Sadoun idazle eta itzultzaile irakiarra alkarrizketatuko dau Luzien Etxezaharreta idazle eta ohorezko euskaltzainak. Atari aretoan izango da hitzordua, 10:00etan. Zoritxarrez, azken orduko arrazoi personalakaitik, ez da gure artean izango Maram al-Masri poeta siriarra. Halan da be, haren poemak irakurri ahal izango ditugu Iraileko Paperak aldizkarian, jaialdiaren lekukotzea jasoten dauen argitalpenean. Azkenik, Eider Beobideren errezitaldiak zarratuko dau jaialdiaren laugarren ahalegina. Ibantuta oud musikariaren konpainian.

Abdul Hadi Sadoun (Bagdad – Irak, 1968).

Idazlea, hispanistea eta itzultzailea. Madrilgo Unibersidade Konplutentseko (UCM) arabiar hizkuntza eta literatura irakaslea da. 2009an, Antonio Machado Bekea emon eutsenn, eta 2016an, barriz, Salamancako Huésped Distinguido titulua. Poesia eta narratiba liburuak idatzi ditu: Siempre Todavía (2010), Campos del extraño (2011), Memorias de un perro iraquí (2016), Todos escriben sobre el amor menos tú (2018), Informe sobre el robo (2020), Sencillo equilibrio (2022), El jardín del Harén (2022), eta País portátil (2023). Horrezaz gan, gaztelaniazko poesia arabiarraren antologia honeen editorea da: No son versos lo que escribo: Breve antología del canto popular de la mujer iraquí (2018), Compañeras de Enheduana: Poetas árabes clásicas (2021), eta Las Muallaqat: Casidas árabes preislámicas (2022).

Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Miren Agur Meabe edo Julia Otxoa itzuli ditu arabierara, baita poeta galiziar, portugaldar eta munduko beste txoko askotakoak be. Gaztelaniatik arabierara itzulitako 40 liburu baino gehiago ditu. Bestalde, Madrilgo Unibersidade Konplutentseak emoten dauen Itzulpen Saria (2025) irabazi eban itzulpegintzan egindako ibilbideagaitik.

Itsasun poesiari presentzia handiagoa emoteko ekitaldiak

Udaldian, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira.

Azkenik, Iraileko Paperak aldizkariaren laugarren zenbakia plazaratuko da, gomuta poetiko bezela. Aurtengo alea Gonzalo Etxebarria margolariaren lanek edertu dabe aurten parte hartzen daben poeta eta ikusleen artean banatuko dan argitalpena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu