Santurtzin aurkeztu dabe Antzerki Jaialdiaren 47. edizinoa

Bizkaie! 2026-10-07 07:57   Kulturea

Hemeretzi ikuskizun eta Euskal Herriko zein Estaduko konpainia garrantzitsuak iragarri ditue.

Santurtziko Antzerki Jaialdia urriaren 31an hasi eta abenduaren 3an amaituko da eta aurten Euskal Herrian lehenengoz aurkeztuko diran zazpi antzezlan ekarriko ditu.

Santurtzin ia dana dago prest Antzerki Jaialdiari ekiteko, udalerriko kultura-hitzordu garrantzitsuenetako bat da eta aurten, 19 ikuskizunez osotutako programazinoa eskainiko da, euretako zazpi lehenengoz egongo dira ikusgai Euskal Herrian. Jaialdiak Serantes Kultur Aretoa herritarren eta eszena-sorkuntzearen arteko topagune bihurtuko dau.

Itziar Carrocera Santurtziko alkateak eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskera eta Kiroleko foru-dipuduak emon ditue zehetasun guztiak:

Kulturea Santurtziren identidadearen parte da eta, horrezaz gan, gizarte aktibo, kritiko eta kohesionatuagoa eregiteko oinarrizko tresnea. Udalak kulturea herritarrakandik gertu egotea nahi dogu, gozetako aukerea izan, proposamen barriak ezagutu eta kultura-espazioak herritar guztientzako topagune dirala sentidu deien.

Esangura horretan, Carrocerak Antzerki Jaialdiaren ibilbidea eta Udalak zein Serantes Kultur Aretoak eszena-arteak Santurtzira gerturatzeko egiten dan lana nabarmendu ditu: dagoeneko 47 edizino egin dira eta horrek esan nahi dau jaialdia sendo dagoala baina aurrera egiten eta publiko zein sorkuntzea ulertzeko modu barrietara egokitzen dakien egitasmoa da. Gure konpromisoa da Santurtzin kalidadezko ikuskizunak eskaintzen jarraitzea.

Beste alde batetik, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskera eta Kiroleko foru-diputaduak azpimarratu dauenez, kulturea Bizkaiko txoko eta herri guztietan presente egotea gura dogu eta helburu hori gogoan egiten dogu lan Bizkaiko Foru Aldundian: kultureari hegoak emoteko eta publikoari kalidadezko proposamenak gerturatzeko eta, horregaz batera, tokiko talentua be sustatzen badogu, ekitaldi benetan borobila daukagu.

Programazinoa

Aktore entzutetsuak izango dira Santurtzin, Sergi Lopez, Jose Sacristan, Imanol Arias, Maria Barranco, Anabel Alonso, Joseba Apaolaza, Miriam Gallego, Amaia Lizarralde eta Diana Pla Solina, besteak beste.

Eszena-zuzendaritzan be maila handikoak, berbarako, Claudio Tolcachir, Natalia Menéndez, María Goirizelaia, Juan Carlos Rubio, Juan Carlos Fisher, Heidi Steinhardt, Roger Bernat eta Garbi Losada.

Jaialdiak punta-puntako egileakaz lotutako testu eta egokitzapenak eskainiko ditu: Jacinto Benavente, Simone de Beauvoir, Alberto Conejero eta Salome Lelouch lako idazleen testuetan oinarritutako antzezlanak, estilo, hizkuntza eta ikuspuntu askotakoak.

Proposamen berezietako bat Pina Bausch-en Udabarriaren Sagaratzea da, zemendiaren 29an eskainiko dana, Roger Bernaten zuzendaritzapean. Jantza-proposamen barritzailea goitik behera. Bertan publikoa izango da protagonista eta bai euskaraz eta bai gaztelaniaz hartu ahal izango da parte. Alkateak hori berori azpimarratu dau, harritu eta publikoaren jakingurea biztuteko programazinoa atondu dogu .Jaialdira datozenek proposamen barri eta bereziak topetea nahi dogu, hunkitu, disfrutau, hausnartu edo parte hartzeko aukerea izan deien, izan be, antzerkiak beste istorio eta beste errealidade batzuekaz lotzen gaituen esperientziak eskaintzeko gaitasuna dauka eta gure helburua esperientzia hori herritar guztien esku jartea da.

Autortzea Adolfo Fernandezi

Adolfo Fernandez aktore, zuzendari eta sortzaileari omenaldia egingo jako, horren bitartez, bere ibilbide osoa eta Serantes Kultur Aretoagaz izandako loturea autortuz. Omenaldia jaialdiaren hasieran egingo da, ondo merezidutatakoa.

Programazinoan 5 euskal konpainia, Estaduko 13 eta nazinoarteko 1 egongo dira. Alderdi horretan be estilo, genero eta publikoa harritzeko eta hunkitzeko proposamenak aukeratu ditugu.

Kulturea eskuragarri

Udalaren asmoa Antzerki Jaialdia herritar guztien esku jartea da. Horretarako zenbait bide jarri ditu programazinoa errazago eskuratzeko. Serantes Kultur Aretoko bazkideek merkeago izango ditue sarrerak eta gazteek eta lanbakoek be deskontua izango dabe, % 50ekoa hain zuzen.

Horrezaz gan, abonu-mueta bi egongo dira: bata SKAko bazkideentzat, 120 euroan eta bestea, orokorra, 140 euroan. Abonua, familian ikusteko lanak eta euskerazkoak izan ezik, gainerako 15 lanetarako egongo da erabilgarri.

Azken buruan, alkateak herritarrak animau ditu parte hartzeko: santurtziar danak animetan ditut jailadia zeuona egin daizuen. Konsultau programazioa, aukeratu ikuskizunak eta gozau. Antzerkiak publikoa behar dau eta Santurtzik kulturea disfrutetan, babesten eta biziten jakin izan dau beti.

Abonuak eta sarrerak

Abonuak irailaren 30ean, eguaztenean, jarriko dira salgai eta txarteldegian beste inon ezin izango dira erosi, danak agortu arte. Banakako sarrerak erostea, barriz, urriaren 1ean, eguenean, hasiko da, 17:30ean, bai txarteldegian eta bai www.serantes.com webgunean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu