Urriaren 5ean, Arte Ederren Bilboko Museoa barriro edegiteko zeremonia handia egingo da
2026-10-05 07:30 KultureaProiektu honen helburua da joanaren, orainaren eta etorkizunaren artean zubiak eregitea.
Agravitas izeneko handitze-lan garrantzitsua egin ondoren, espazio barri bat dago jatorrizko eraikinen gainean flotetan, 55 metroko luzetarako argia dauen zubi baten moduan. Jatorrizko eraikinak ez dira ikutu, zaharberritzekoak izan ezik. Holan, plaza estali barria sortu da, museoaren bihotza eta kale-mailako sarbide askeko eremu publikoen oinarrizko gune izateko. Horrezaz gan, 1940ko hamarkadako jatorrizko sarbidea zabaldu da, Museo plazara emoten dauena. Goiko mailan galeria barri eta garden bat dago, zutabebakoa.
Foster + Partners enpresearen sortzaile eta presidente exekutibo Norman Fosterrek ondokoa adierazo dau bere berbaldian: Bilbok historia aberatsa dau industriaren arloan, bai eta bere burua berrasmetako gaitasun aparta be. Holan, uriaren tradizino handiari jarraituz, proiektu honen helburua da joanaren, orainaren eta etorkizunaren artean zubiak eregitea. Eraikin barri eta malgua etorkizunera begira dago eta arte garaikidearen etenbako bilakaerara egokitzen da, lekuaren historia aberatsa errespeteteari itxi barik.
Luis María Uriarte euskal arkitektoagaz eta museoko lantaldeakaz lankidetzan egindako diseinuari esker, erakundeak uriko erakargarritasun handi bezela dauen rola indartzen da, izan be, iragazkorragoa da, erakusketa-gune handiagoak ditu eta herritarrak batzeko beste gune bat dauka. Etenbako lankidetza arina egon da uriaren, eskualdeko gobernuaren eta proiektua eskuzabaltasun osoz babestu dabenen artean. Zehatz azpimarratzen dot museoko zuzendari Miguel Zugazaren dedikazinoa eta konpromisoa, baita Taba Rastik eta Pablo Urango Lillok Madrilgo estudiotik zuzentzen daben lantaldearena be.
Arte Ederren Bilboko Museoa Handitzeko eta Zaharbarritzeko nazinoarteko lehiaketako epaimahaiak aho batez hautatu eban proiektua eta holan laburbatu zituan haren indarguneak: proposamena teknologikoa da eta irudiari jagokonez, humanistea, bere ikuspegiari jagokonez; eta ekologikoa, jasangarritasunari erreparauta. Gainera, berean batzen ditu kalidade arkitektonikoa, uri-arloko sensibilidadea eta erantzukizun soziala, Bilboko gune historikoan mugarri argitsu eta arina altzetako.
Diseinuak museoaren jatorrizko sarrerea berreskuratu eta multzoaren atal guztien arteko loturea hobetzen dau, 1945eko eraikina, 1970eko hamarkadan inaugurautakoa eta 2000ko hamarkadearen hasieran egindako hirugarren esku-hartzea integrauta. Proiektuak, kale-mailako iragazkortasuna handitzen dauenez, kultureak Bilboko bizitza sozialean dauen rola indartzen dau, joana, oraina eta etorkizuna uria besarkatzen dauen adierazpen arkitektoniko kohesionadu batean alkartuz.
Eraikin zaharren eta modernoen arteko zirkulazinoa arrazionalizaukeran, Arriaga plazea bolumen autonomo bihurtu da eta, holan, eremu publiko handi bat sortu da arterako eta ekitaldietarako. Francisco Durriok Juan Crisóstomo de Arriaga bilbotar konpositore ospetsuaren omenez egindako eskultura-iturriaren inguruan atontzen da plazea. Gainera, argi naturalez argitutako atari barrian, besteak beste, Richard Serraren, Pablo Palazueloren eta Eduardo Chillidaren zenbait eskultura ikusi daitekez.
Agravitasek % 60 handitu dau jatorrizko eraikinen azalerea eta 2.300 metro koadroko eta maila bitako erakusketa-gune moldakor bat gehitu dau, askotariko erakusketak eta hezkuntza-programetarako, tailerretarako eta bulegoetarako instalazinoak hartzeko. Julio Martínez Calzón espainiar injineruagaz lankidetzan diseinautako egitureak luzetara 55 metroko argia dauen zubi lez funzionetan dau, V formako zutabe multzo biren artean eta aurretik egozan eraikinen gainean flotetan, Casilda Iturrizar parkeagaz dituan hartu-emonak indartzeko. Eraikuntza barria Bilboko ondare industrialaren adierazpena da, tokian bertan egindako altzairua erabilten baitau. Dauen egitura-sistema barritzaileari esker, lehiaketearen oinarrietan eskatutakoa baino espazio gehiago lortu da bulegoak eta erakusketa-aretoak jarteko, bai eta Bilborako bista ikusgarriak dituen terraza bat be, eskulturak jarteko, Euskadi plazara eta parkera begira. Goiko mailan, 1.300 metro koadroko galeria argi eta zabal bat sortu da. Argi naturala heltzen da erreguletako moduko argi-zulo batzuen bidez, erakusketa batzuen eta besteen preminetara egokitzeko; holan, egun-argi osoa eta erabateko iluntasuna lortu daitekez. Terraza uri-bilbeagaz lerrokatuta dago, museoak bere inguruneagaz dituan hartu-emonak indartzeko.
Museoa barriro zabaltzeagaz batera, Arango familiak eta Patricia Phelps de Cisnerosek ekarpen eskuzabalak egin ditu; hain zuzen, beren bildumetako obra multzo nabarmen bana laga deutse museoari, erakusteko. Gainera, Norman eta Elena Fosterrek hiru eskultura garrantzitsu emon ditute dohaintzan: Anselm Kieferren Book Stack (Safo, 2007), eta Anthony Caroren Toronto Flats (1974) eta Low Line Flats (1974).
Egitura barriaren fatxadea eguzkitik babesteko diseinauta dago eta jasangarritasun-estrategia sendoa bultzatzen du. Estrategia horri eutsiz, karbono-emisino gitxiko altzairu berdea erabili da, eta panel fotovoltaikoz osotutako 500 metro koadrotik gorako estalki bat jarri da. Panelok eraikin barriaren energia konsumoaren % 20 estaltzeko behar beste energia sortzen dabe. Aurretiaz egozan eraikinak barritu dira gaur egungo estandarrak beteteko eta, horri esker, nabarmen luzatu da hareen bizitza baliogarria, eta arkitektura zaharra eta barria batu dira, museo-espazioen sekuentzia bateratuan.
Proiektuak ezin hobeto islatzen dau Foster + Partners enpreseak lankidetzearen eta arkitektura, injinerutza eta urigintzea buztartzen dituan diseinu-ikuspegi integradu baten alde egindako apustua. Ondoko enpresek osotu dabe lantaldea: MC2, injinerutza estrukturalean; Valladares Injinerutzea, ingurumen injinerutzan; Enar, fatxaden aholkularitzan; Euskal Autonomia Erkidegoko lau enpresaren aldi baterako alkarte bat (Urbelan, Altuna y Uria, Kanpezu eta Teusa), eraikuntzan; eta Martifer, fatxadako kontratiste. Egindako lanaren emoitzea mugarri barria da Bilborako eta lurralderako eta, tokikoa izateaz gan, ia osorik tokiko baliabideakaz eginda dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
