Nazinoarteko adituak Bilbon kultura-politiken etorkizuna jorratzeko
2026-10-07 07:40 KultureaBilboko Guggenheim Museoan batuko dira.
Kultura Behatokien Nazinoarteko Foroa zemendiaren 5ean eta 6an egingo da Guggenheim Bilbao Museoan, Kulturaren Euskal Behatokiaren 20. urteurrena dala eta Behatu, Ulertu, Proiektatu lelopean, topaketan kultura behatokien zeregina, adimen artifizialaren eta analisi-eredu barrien eragina eta kulturearen balio publikoa eta kultura-eskubideak landuko ditue. Egun bi horreetan hainbat lurraldetako politika publikoen arduradunak, ikertzaileak, profesionalak, erakundeak eta kulturearen sektoreko eragileak batuko ditu kultureak aurre egin beharreko erronkei buruz eta ezagutzak kultura-politiken diseinuan dauen eginkizunari buruz hausnartzeko.
Foroa Kulturaren Euskal Behatokiaren 20. urteurrenareh harian dator, hamarkada bi horreetan kultureari buruzko informazinoa ezagutza baliogarri bihurtzeko, euskal kultura errealidadearen bilakaerea aztertzeko eta kultura-politiken diseinuan eta ebaluazinoan laguntzeko tresna bezela finkatu da.
Behatu, Ulertu, Proiektatu goiburuaren esangurea da kulturea behatu edo erreparau ez bakarrik zer jazoten dan neurtzeko, baita gizartea, gizartearen aldaketak eta gizartearen nortasuna osotzen dauena ulertzeko eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzea eta kultura-politikak orientetea ahalbidetuko dauen ezagutzea sortzeko be.
Programea hiru ardatz nagusiren inguruan egituratuko da: kultura-behaketea testuinguru globalean; adimen artifizialaren eragina eta kultura-analisien paradigma barriak; eta kulturearen balio publikoa eta kultura-eskubideak.
Lehenengo jardunaldian aztertuko da behatokiek politika publikoetarako azpiegitura estrategiko lez daben eginkizuna eta arratsaldean, barriz, adimen artifiziala, datuak eta horreen inplikazino metodologiko eta etikoak. Arlo horretan Kulturearen Euskal Behatokiaren ibilbideari buruzko topagune zehatza egingo da: Esperientziatik prospektibara: Kulturearen Euskal Behatokiaren 20 urte.
Zemendiaren 6an, barikuan, eztabaidearen ardatza kulturearen balio publikoa eta kultura-eskubideak izango dira eta, besteak beste, gizarte-kohesinoa, inklusinoa, kalidade demokratikoa, lurralde-garapena eta kultura-politiken eraginaren ebaluazinoa landuko dira.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Foroan erreferentziako profesionalek, arduradun publikoek, ikertzaileek eta akademikoek parte hartuko dabe, besteak beste, Pierluigi Sacco, ELGAko aholkulari nagusia; Luca Dal Pozzolo, Fitzcarraldo Fundazinoaren sortzaileetako bat; Jordi Baltà, Re|Shaping Policies for Creativity-ko editore nagusia; Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusia; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; Jesús Prieto de Pedro, Kultura Eskubideen Andrés Bello Katedrako titularra; Marta Peirano, teknologia eta boterean espezializautako analista eta idazlea; eta Eusko Jaurlaritzako, Kataluniako eta Nafarroako ordezkariak.
Topaketea kulturearen sektoreko profesionalei, politika publikoen arduradunei, ikertzaileei, kultura-kudeatzaileei eta kultura arloko ekosistemeari lotutako enpresa eta organizazinoei zuzenduta dago.
Plazak mugatuak dira. Emon izena hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
