XXVIII. BAD Bilbao – Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia urriaren 15etik 25era izango da

Bizkaie! 2026-09-18 10:37   Kulturea

Bilboko Udalak atonduta, ikuskizun bi euskeraz izango dira, 22an eta 23an.

Harrobia, Campos Antzokiko Kupula Aretoa, La Fundición eta Bilborock lako ohiko espazioetan zein Dantzertin izango dira ikuskizunak, EDADEI 6 Dantza, Arte Dramatiko, Hezkuntza eta Ikerketea buztartzen dituen Bitartekaritza Eszenikoaren Topaketak bertan egingo baitira, ADDEk, Euskal Herriko Dantza Profesionalen Alkarteak, bultzatuta.

Aurten, 17 konpainiak hartuko dabe parte BAD Bilbaon, eta horreetako sei Euskal Herrikoak, zazpi estadukoak eta lau nazinoartekoak izango dira. Danetara, programazinoaren barruan, sei estreinaldi absolutu, estadu mailako estreinaldi bat eta Euskadiko lau estreinaldi izango dira. Emonaldi bi euskaraz izango dira, biak Harrobian, urriaren 22an (eguenean) eta 23an (barikuana), hurranez hurran.

Horrezaz gan, Jaialdian Bilbaoeszenan dagozan artistak 2026 deialdian hautatutako artista batzuen proiektuak aurkeztuko dira, hain zuzen be, Sleepwalk Collectiveren Actos reflejos eta Angela Millanoren Orro dira, eta euren ikerketa-proiektuak urriaren 17an, zapatuan, 19:00retan aurkeztuko ditue La Fundición Aretoan.

BAD Bilbao proposamen eszeniko barritzaile eta anitzen erakusleiho nagusi da Euskadin eta lengoaia barrien aldeko apustua egin dau, ikusleak harritu eta eszena garaikidera hurbiltzeko helburuagaz.

Sarrerak

Ikuskizun bakotxerako sarrerak irailaren 16an jarri zituen salgai eta urriaren 15era erosi ahal izango dira 8 euroan; egun horretatik aurrera 10 euroan salduko dira. Aldez aurretik eskuratu ahal izango dira Jaialdiaren webgunearen bidez edo La Fundición Aretoaren eta Campos Elíseos Antzokiaren webguneetan eta leihatiletan. Ikuskizunaren egun berean, sarrerak salgai izango dira 10 euroan txarteldegian, hasi baino ordu erdi lehenagotik.

Sarrerak eskuratzeko informazino guztia hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu