Azkuna Zentroak zuzeneko arteen denporaldiari ekingo deutso
2026-09-16 08:05 KultureaDespoblados lanagaz, poesia eta antzerkiaren bitartez landa-munduaren gomuteari ahotsa emonez.
Azkuna Zentroak Proyecto Villalacre talde artistikoaren Despoblados antzezlanagaz edegiko dau Arte Bizien Denporaldia, irailaren 24an. Soriako Andrés Martín Domínguez idazlearen karga dramatiko handiko poema-moltso batetik abiatutako antzezlan musikatu honetan, musikeak eta testuak landa-aldeko mundu galdu batean girotutako eszenak eta gizarteko giza errealidadearen arpegi guztiak erakusten ditue: malenkonia, tristurea, maitasuna, gogaitasuna, ulertezintasuna eta hasarrea. Bertan, emakumezko personaje bakar bat dago obran, izenik bakoa, denporaz kanpokoa, lurrari lotua. Gizateriari jagoko eta, aldi berean, kanpotik behatzen dau, desagertzera kondenautako nekazarien kultura baten eszenak kontetako. Poesiaren bidez, landa-alde horretan bizi izandakoa gogoratu, balio positiboen aldarria egin, edertasuna ekarten dau gogora eta gordin irudikatzen ditu alde tristea eta negatiboa, ekintzea, konponbide edo aldaketarako dei egiteko.
Personaje horrek fisikalidadea, adierazpen poetikoa eta mobimentua buztartzen ditu, eta musikeak lagunduta agertzen da beti eszenatokian, interpreteen eskutik: piano, saxofoi, biolin, kontrabaxu eta perkusinoko set bat.
Testu bakotxerako sortu da musikea beren-beregi, unidade bezela ulertutako obrearen zerbitzurako. Oso estilo ezaguterraza eta koherentea da, musika garaikidea, elektronikoa, elektroakustikea eta publikoak argi eta garbi ezagutu leikezanak eta antzerki eta zinema-musikatik hurbil dagozan melodien arteko fusinotik sortua.
Despoblados istorioa lurretik sortu da, bertan behera itxitako gure landa-aldeko munduaren errealidadea erakusteko. Hutsune horretara, daborduko ez dagoanak ixten dauen itzalera memoriatik eta gomutetatik hurbiltzeak aukerea emoten deusku beste hutsune bat beteteko, egunero banatzen eta bakartzen gaituan mundu batek sortzen deuskuna, dinoe arduradunek. Despoblados aienearen, atsekabearen, nahasmenduaren eta gainbeherearen adierazpena da, baita asaldura eta itxaropenerako deia bere.
Proyecto Villalacre musika-kolektiboaren jardueren barruan sortu da Despoblados proiektu dramatiko-musikala. Proyecto Villalacre kultura-alkarte lez eratu zan, modu independentean eta autogestionatuan ekimen artistikoak lantzeko landa-aldean.
eszenAZ 2026-2027: oraina irudikatzeko lengoaia barriak
Despoblados lanagaz Azkuna Zentroak arte bizien denporaldiari hasierea emongo deutso, egungo praktika eszenikoetan eta egungo sorkuntza eraldatzen dabizen lengoaia barrietan arretea jarten.
2026-2027an, programeak batzen dauen proposamen-moltsoak egungo arte bizien dibersidadea eta dinamismoa islatzen ditu. Bertako, estaduko eta nazinoarteko artistakaz, sorkuntza garaikideko zirkuitu nagusietan dagozan obrakaz, eta sortzen dabizan proiektu eta estreinaldiakaz, gaitasuna baitabe oraina ikuspegi askotatik interpretetako eta esperientzia partekatuak sortzeko.
Ikuskizunen segida bat baino gehiago, 2026-2027 eszenAZ programeak ibilbide berezia egiten dau, sorkuntza eszeniko garaikidean nagusitzen diran gai batzuk aztertuz: memoria, identidadea, teknologia eta eraldaketa sozialak. Lurraldea, memoria, botere-egiturak, desbardintasunak, askatasuna edo kontakizun kolektiboak eregiteko hainbat piezatan agertzen dira, ikuspegi eta hizkuntza askotatik.
Azkuna Zentroaren arte bizien denporaldiaren lehenengo zatian, hainbat lengoaia eszenikotatik egungo gai garrantzitsuenetako batzuk jorratzen dituen lanak batzen dira.
Proyecto Villalacreren proposamen eszenikoaren ondoren, zikloak urriaren 8an jarraituko dau Alberto Velasco eta Sacresizegaz. Gailu koreografiko barritzaile honek gorputz potoloak jarten ditu eszenearen erdian, jantzako edertasun-estandar tradizionalak dudan jarriz eta esperientzia artistiko oso politiko eta emozional bat proponiduta. Sacrestzen, Alberto Velascok proponiduten dau publikoaren iruditeria kolektiboa interpelau, eta dudan jarzea gorputzari eta munduaren aurreko hartu-emonak buruz ikasitako ideak, baita edertasun, frustrazino, lotsea eta askapenaren kontzeptuak be. Gure gorputzen aurreko hartu-emonak barrikusteko beharra planteetan dauen proposamen politiko eta emozional sakona.
Memoria demokratikoak hartu eban protagonismoa 43º13 "44" N lanean, Olatz Gorrotxategirena, 1937ko Domingo Gangoitiren desagerpenetik eta sortzailearen familia-gomuten eta haren eraikuntza kolektiboaren inguruko ikerketatik abiatutako antzerki dokumental eta performatiboko piezea. Dokumentuetatik, irudietatik eta artxiboko materialetatik ekinez, isiltasunaren eta gomutarik ezaren ondorioetan eta indarkeria politikoaren biktima izan ziranen historiak berreregiteko zaltasunetan sartzen da obrea.
Proposamena urriaren 29an, eguenean, taularatuko da Auditorioan, España en Libertad. 50 urte proiektuaren barruan. Estaduko ekimenak eszenatokia planteetan dau osotu barik dagoan memoria berreskuratzeko eta banakako historiak azkenean memoria kolektiboaren parte izateko moduari buruz galdetzeko.
Egitarauan Este himno llevará la palabra euforia, La Intrusaren sorkuntza barria, 2026ko Dantzaldiaren barruan Bilbo-Bizkaiko XXVII. Nazinoarteko Dantza Jaialdian aurkeztuko dana. Konpainiaren hogeita hamargarren urteurrenerako sortua, dramaturgiak ereserki baten egiturea hartzen dau, eta egoera fisiko eta emozional desbardinak ditu: jazoerearen ondorengo ajea, eldarnioa erresistentzia-modu bezela, erdipurdikeriaren mamua eta euforia, arimearen egoerea sakon lez ulertuta.
Programazinoak botere-egiturei eta gorputzak eregiteko arlo sozialari begirada feministea emoten deutse, zemendiaren 12an aurkeztuko dan Virginie Despentesen testuaren egokitzapen eszenikoa dan La Virgueriaren King Kong Teoriagaz.
M. Àngels Cabrék egokitutako bersinoan, Maria Pau Pigemek interpretau eta Isis Martínek zuzendutako King Kong Teoriaren bersino eszenikoa botere eraldatzailea dauen testu apurtzaile bat da. Muntaketeak mezua handiagotu eta aukerea emoten dau gizarte bezela konpondu barik ditugun gaiak urrunago eroateko, behar dan indar guztiagaz. Eregiten eta, aldi berean, suntsitzen dagoan eszenografia baten gainean, bakarrizketa zuzen eta hunkligarri honek liburua aztertu eta guztiaren jatorria eta sustraia bilatzen ditu espazio eszenikoaren sakonean.
Denporaldiko lehenengo zatia, besteak beste, Maria Marinen flamenko garaikideagaz osotuko da. Las Tres Marías aurkeztuko dau Bilbon eta bertan tradizinoagaz eta abangoardiagaz berba egiten dabe, flamenkoak bere sustraiak galdu barik eraldatzeko dauen gaitasuna aldarrikatzeko. Abenduaren 17an, eguenean, izango da.
Sarrerak salgai dagoz azkunazentroa.eus eta AZ Info webguneetan eta % 50erainoko deskontuak ditue aldez aurreko salmenteagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
