Elizondo Euskal Herriko eta nazinoarteko ardi moztaileen topaleku izango da

Bizkaie! 2026-09-18 08:15   Kulturea

Juanjo Atxa Mindegia frontoia Euskal Herriko II. Ardi Moztaile Txapelketearen testigu izango da irailaren 19an.



Danetara, 80 ardi-moztailek txapelketako proba ezbardinetan parte hartuko dabe eta abiadurea, zehaztasuna, teknikea eta trebetasun handiko ikuskizuna izango da. Danetara, Nafarroatik ekarritako Latxa eta Rasa arrazetako 1.000 bat ardiri ebagiko deutse lanea. Makina bidezko zein guraize bidezko probak egingo dira. Horrezaz gan, Euskal Herriko Txapelketeagaz batera, nazinoarteko lehiaketea be izango da Elizondon, eta Alemania, Eskozia, Espainia, Frantzia, Gales, Ingalaterra, Irlanda eta Euskal Herriko selekzioek neurtuko ditue indarrak.

Txapelketeak Elizondo ardi-moztearen eta landa-eremuaren topagune bihurtuko dau. Horregaitik, kirol-probez gan, egun osoan zehar hainbat jarduera izango dira publikoari ardi-mozketea eta artilearen aprobetxamendua gertutik ezagutarazoteko.

Programan, besteak beste, artile-erakustaldiak, tokiko produktuak, artisau-azokea, jan-edana eta beste hainbat girotze jarduera izango dira. Lagun eta familia artean txapelketaz gozetako eta ardi-moztearen inguruan dagoan lana, teknikea eta tradizinoa gertutik ezagutzeko aukerea eskainiko da. Euskal Ardi Moztaileen Alkarteak nabarmendu dauenez, alderdi hori txapelketearen oinarrizko osogaietako bat da: Txapelketara hurbiltzen dan jenteak ardi mozketea hurbiletik ikusi ahal izatea nahi dogu, eta jakitea moztaile bakotxak badaki prestakuntzea, ezagutzea eta trebetasun handia eskatzen dauen lanbide eta kirol bat dagoala, oso baliotsua dana. Aldi berean, artzaintzeagaz eta gure landa ingurumenagaz dituan hartu-emonak balioan jarriko ditugu, azaldu dabe.

Txapelketa ibiltari baten bigarren geltokia

Elizondoko hitzordua Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketearen bigarren edizinoa izango da, igaz Abadiñon egindako lehen edizinoaren ondoren. Holan, EAMEk txapelketa ibiltaria bihurtzeko jarrereari eusten deutso, datozen edizinoetan Euskal Herriko lurralde askotataik igaroteko helburuagaz. Alkartearen ustez, ibilbide horri esker, ardi-moztea hainbat komunidadetara hurbildu eta lehiaketea sendotzen jarraitu ahal izango da. Izan be, kirol-alderdiaz gan, lehen sektorerako oinarrizkoa eta artzaintza-kultureagaz estu lotuta dagoan lanbidea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu