Bermeoko lau erraldoiak kaleetatik etxeetara eroateko aukerea izango da aurrerantzean
2026-09-15 07:40 KultureaHerritarren aspaldiko eskaera bati erantzunez dator ekimena.


Josefin, Anton, Mari eta Lorentzo erraldoien 23 zentimetroko gomazko 1.400 figura txiki egin dira, eta Santa Eufemia Egunean jarriko dira salgai. Bermeoko lau erraldoiak herritarren egunerokoan gehiago sartzeko prest dagoz. Josefin eta Anton arrantzaleek eta Mari eta Lorentzo baserritarrek euren miniaturazko bersinoa izango dabe aurrerantzean, 23 zentimetroko gomazko figuretan. Danetara, 1.400 ale egin dira, 350 erraldoi bakotxeko, eta lehenengo aleak Santa Eufemia Egunean, irailaren 16an, jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, azokan bertan. Figura bakotxaren prezioa 20 eurokoa izango da.
Hamarkada bitan zehar, konparsak herriko kaleetara eroan ditu lau personaiak, eta urte honeetan guztietan herritarren artean lortu daben harrera eta atxikimendua handituz joan da. Kalejirak, saioak eta bestelako ekitaldiak Bermeoko kultur eta jaietako egitarauen parte bihurtu dira, eta, horrenbestez, erraldoiak belaunaldiz belaunaldi herritarren iruditerian txertatutako personajeak dira.
Figura txikien produkzinoa herritarren eskaera bati erantzuteko sortu da. Bermeoko Erraldoien Konparseak udalera jo eban proiektuaren aukerea aztertzeko eta, proposamena balorau ondoren, Bermeoko Udalak igaz abiatutako kontratazio-prozesuari ekin jakon. Azkenean, Indarein enpresea arduratu da lau personajeeen gomazko erreplikak egiteaz, eta lanaren kontratuaren zenbatekoa 25.223,66 eurokoa izan da (BEZ barruan). Figura bakotxaren prezioa produkzino-kostuak estaltzera bideratuta dago eta, beraz, Udalak ez dau irabazi asmorikizango ekimenagaz.
Proiektuak hiru eragileren arteko alkarlan estua izan dau oinarri: Bermeoko Udala, Bermeoko Erraldoien Konparsea eta produkzinoaz arduratu dan enpresea; hirurean artean jatorrizko erraldoien izaerea eta ezaugarriak ahalik eta egokien jasoteko eta herritarren esku kalidadezko produktu bat jarteko.
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak nabarmendu dauenez, erraldoiak ez dira jaietako kalejiretan agertzen diran panpinak bakarrik; Bermeoko herriaren kultur ondarearen eta gure nortasunaren parte dira. Herritarrek urteetan eskatu dabe etxean be euki ahal izatea, eta oso pozgarria da, gainera, eskaera horri erantzutea Erraldoien Konparsaeren 20. urteurrenagaz bat eginez.
Konparsakoek be prozesu osoan zehar izandako alkarlana eta azken emoitzea azpimarratu ditue: aspalditik geunkan herritarrei erraldoien erreplika txikiak eskaintzeko gogoa, eta Udalera proposamena eroan genduanean bagenkien proiektuak bere denporea beharko ebala. Azkenean, lan eta koordinazino askoren ondoren, emoitzeagaz oso pozik gagoz. Guretzat oso berezia da lau erraldoiak herritarren etxeetara be heltzeko aukerea izatea.
Produzidutako aleak amaituta, Bermeoko Udalak aurrerago figura gehiago egiteko aukerea aztertuko leuke, herritarren harrerearen arabera.
Ekimen honen bidez, Bermeoko kaleetan hain ezagunak diran lau pertsonaje horreek beste formatu batean be herritarren eskura jarriko dira eta, aldi berean, Bermeoko Erraldoien Konparsearen 20 urteko
ibilbidea ospatzeko beste modu bat izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
