Erein argitaletxeak 50 urte bete ditu
2026-11-05 09:46 KultureaEuskal kulturearen eta liburugintzearen sektoreko ordezkariak batu ditue.

170 lagun inguru batu dira Donostiako Tabakaleran, argitaletxearen mende erdiko ibilbidea ospatzeko eta liburuaren sorkuntzan eta zabalkundean parte hartzen daben profesionalen lana autortzeko.
Berrogeita hamar urte eten barik ereiten. Alkarrekin eta alkarlanean lelopean, Erein-ek urte honeetan guztietan argitaletxearen ibilbidean parte hartu daben persona eta eragile guztiak omendu ditu: idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, editoreak, zuzentzaileak, maketatzaileak, liburu-saltzaileak, komunikabideak, liburuzainak, inprentako langileak, banatzaileak, irakasleak, ikastetxeak, irakurleak eta bidelagun izan dituan erakundeak, besteak beste.
Ekitaldiaren abiaburua izan da liburu baten atzean ez dagoala sortzaile bakar baten lana bakarrik, alkarlan-sare oso bat baino. Horregaitik, ospakizunak liburuaren bizitza osoa izango dau ardatz, lehen idea sortzen danetik azken testua lantzen dan arte, eta handik liburua produzidu eta irakurleen eskuetara heldu arte.
Ainhoa Vitoriak aurkeztu dauen ekitaldia hainbat kapitulutan egituratu da, liburuari berari keinu eginez. Lehenengo kapituluak, Hastapenak izenekoak, argitaletxearen sorrereari eta lehen urteetako ibilbideari begiratu deutse eta hor izan dira protagonista Jexuxmari Mujika, Erein argitaletxeko Administrazino Kontseiluko burua eta Julen Lizundia, argitaletxearen sortzaileetako bat eta urte luzez kudeatzailea izandakoak.
Ondoren, 2. kapituluak —Lehen hitza— idazlearen eta editorearen arteko hartu-emonak izan ditu berbagai. Uxue Razquin Ereingo editoreak eta Itxaso Martin idazleak euren esperientziak konpartidu ditue; sormenaren abiaburuaz, idazketa- prozesuaz eta editoreak testu baten lanketan dauen zereginaz berba eginez.
Interludioan Esti Markez musikariaren kantaldiak tarte artistikoa eskaini dau. Musikeak eta berbek dituen hartu-emonak izan dira momentu horren ardatzetako bat.
Hirugarren kapituluak, Esku askoren artean izenekoak, liburu baten produkzino-katea erakutsi dau bideo baten bidez. Helburua izan da irakurleei gogorarazotea liburu bat argitaratzeak persona eta lanbide askoren ekarpena behar dauela eta azken emoitzea lankidetza horren produktua dala.
Idazteko dagoana izeneko laugarren kapituluak eta epilogoak urteurrenaren esangurea azpimarratu dabe: 50 urteko ibilbidea ospatzeaz gan, datozen urteetan liburuak sortzen eta konparetiduten jarraitzeko konpromisoa berretsi dau Erein-ek.
Momentu horretan, Gari Arzallus, Erein argitaletxeko kudeatzaileak irakurritako testuaren testuingurua azaldu dau, izan be, 2027ko udabarrian argitaratuko daben ipuin-bilduma berezi bat izango da. Bertan, 30 egilek parte hartuko dabe kontakizun labur bategaz. Liburu horrek islatu nahi dau argitaletxearen ibilbidean parte hartu daben sortzaileen lan guztia.
Ekitaldian erakundeetako ordezkariek be parte hartu dute, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputadu nagusiak, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Jon Insausti Donostiako alkateak.
Bere aldetik, Eider Mendoza diputadu nagusiak Ereinek urte honeetan guztietan euskal kultureari egindako ekarpena nabarmendu eta gaurko ospakizun ekitaldia argitaletxearen ibilbidea zoriontzeko eta autortzeko aukerea dala azpimarratu dau. Era berean, euskerazko liburugintzeak gure hizkuntzea eta nortasuna jagoteko ez eze, etorkizunari ateak edegiteko be dauen garrantzia azpimarratu dau.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Erein-i euskal kulturearen transmisorerik indartsuenetako bat bilakatu izana autortu deutso, liburua tresna bizia bihurtuz euskerea zabaltzeko eta Euskal Herriko bazter guzti-guztietara heltzeko: Ereinek kemena eta gure gizarteagaz zein bere sasoiagaz lotura sakona erakutsi zituan, zorroztasunez, kalidadez eta profesionaltasun handienaz, argitaletxe honek beti erantzun deutse gure gizartearen beharrei eta gure literatura modernoaren izen handiek eta obra gogoangarriek lotura zuzena dabe beragaz.
Jon Insausti Donostiako alkatearen eretxiz, 1976ko Euskal Herria itxaropenaren herria zan: askatasun, demokrazia eta autogobernu nahia gero eta indartsuagoa zan baina oraindino be frankismoaren errepresinoak baldintzatzen eben eguneroko bizitzea. Testuinguru horretan, Erein ez zan bakarrik argitaletxe bat izan, euskereak eta euskal kultureak babes berezia behar izan ebenean, Ereinek konpromisoa, ausardia eta ikuspegia erakutsi zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
