Bermeok hartuko dau XXXVIII. Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna
2026-11-05 12:41 Kulturea225 jantzari eta musikari inguru batuko dira eskualdeko jantza tradizionalen erakustaldian.
Aurtengo hitzorduak, gainera, esangura berezia izango dau Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldearentzat, taldearen 50. urteurreneko ospakizunei amaierea emongo deutselako.
Danetara, Busturialdeko eta inguruko zazpi jantza taldek parte hartuko dabe: Alkartasuna Dantza Taldea (Bermeo), Itxas Alde (Bakio), Irrintzi Alai (Busturia), Urdaibai (Forua), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso-Txoritxu (Ibarruri) eta Artie (Gautegiz Arteaga). Holan, eskualdeko jantza-taldeek urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat konpartiduko dabe, bakotxak bere herriko eta inguruko jantza-tradizinoaren erakusgarri.
Jantza saioak 18:30ean hasiko dira; lehenengo, Dantzari Dantza, Gipuzkoako dantzak eta Kaskarotak edo Sardinerak egingo ditue, Fandangoa eta Arin-Arina ahaztu barik.
Lehenengo saio bateratuaren ostean, talde bakotxak bere saioa eskainiko dau, hainbat herri eta lurraldetako errepertorio tradizionala oholtzara eroanez. Itxas Aldek Bakioko polkak erakutsiko ditu; Irrintzi Alaik, Iribaseko ingurutxoa; Elai Alaik, Erronkariko Ttun Ttun; Baso-Txoritxuk, Lapurdiko polkak; Artiek, Kortesko jantzak; Urdaibaik, Sara eta Lekorneko jantzak; eta etxeko taldeak, Alkartasunak, Luzaideko jantzak.
Egunari amaierea emoteko, zazpi taldeetako jantzariak barriro batuko dira Larrain Jantzea alkarregaz egiteko. Holan, talde guztien parte-hartzegaz eta jantza bateratu bategaz borobilduko dabe aurtengo topaketea.
Jantza-erakustaldia amaitu eta jai giroak jarraipena izango dau erromeriagaz, izan be, jantzariek zein bertaratzen diranek musikaz eta jantzaz gozetan jarraitzeko aukerea izango dabe.
2026a urte berezia da Alkartasuna Dantza Taldearentzat, izan be, taldeak 50 urte bete dituanez, urteurren hori ospatzeko hainbat jarduera eta ekitaldi egiten dagoz urtean zehar. Urte horreetan guztietan, Bermeoko jantza eta kultura tradizionala sustatzen, belaunaldi barriei transmitiduten eta herriko kulturearen arloan parte hartzen dabil taldea.
Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna Bermeon ospatzea, beraz, urteurreneko ospakizunei amaierea emoteko aukera berezia izango da. Etxeko taldeak eskualdeko beste jantza talde batzuk hartuko ditu herrian, alkarregaz jantzan egin, esperientziak konpartidu eta jantza tradizionalaren inguruan sortutako loturak indartzeko.
Hitzorduak jantza tradizionalaren bizitasuna eta talde-lanaren garrantzia jarriko ditu agirian, belaunaldiz belaunaldi transmitidutako ondareari jarraipena emoten deutsene jantzariak alkartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
