Enara Zarrabeitia, Izaskun Alvarez eta Julen Orbegozo dira irabazleak

Bizkaie! 2026-11-06 13:13   Kulturea

Euskerazko produkzino zientifikoaren balioa autortzeko ikerketa-bekak jasoko ditue.

Euskaltzaindiak eta UEUk euskerazko produkzino zientifikoaren egoerearen aurrean arduratuta dagoz eta horren harian abiarazo dabe ikerketa-beka hau ondoko helburuakaz:

Euskerazko produkzino zientifikoa non argitaratzen da? Aldizkarien kopurua eta aldizkarien egoerea. Inguman jasotako euskerazko aldizkari zientifikoetan oinarrituta egingo da azterketea. Euskal Herriko egoerea kanpoko errealidadeakaz konparauko da (adibidez, Katalunia – CARHUSPlus).
Euskerazko produkzino zientifikoaren autortzea, prestigioa, sustapena eta zabalkundea aztertzea:

◦ Ikerketarako diru-laguntza deialdiek eta programek beren-beregi autortzen eta laguntzen ete dabe euskerazko produkzino zientifikoa?
◦ Datu-baseek/katalogoek, kalidade-adierazleek eta ebaluazino-sistemek autortzen eta
laguntzen ete dabe euskerazko produkzino zientifikoa?
◦ Komunidade zientifikoaren ikuspegia eta jarrera egoera horren aurrean (alkarrizketa bidez). Etorkizuneko erronkak eta aukerak identifiketea:
◦ Euskerazko produkzino zientifikorako arrazoiak: zergaitik argitaratu artikulu zientifikoak euskeraz?

Irabazleak

UEU eta Euskaltzaindiko kideek osotutako epaimahaiak ondoko proposamena aukeratu dau: Euskerazko zientziaren ikusgarritasunetik autortzara: azterketa bibliometriko eta konputazionala.

  • Enara Zarrabeitia Bilbao. Industria Antolaketako injinerua eta doktorea da EHUn. Gaur egun, EHUko irakaslea da, Enpresen Antolaketa saileko idazkaria da eta Industria Antolaketako Injinerutzako Graduaren koordinatzailea. Haren jarduera produkzino-sistemen, enpresen antolaketearen eta lehiakortasunaren eta barrikuntzaren arloan kokatzen da.
  • Izaskun Alvarez Meaza. Industria Injinerua eta doktorea da EHUn. Gaur egun EHUko irakasle titularra da Enpresen Antolaketa departamentuan eta bertako zuzendaria. Gainera, OpenData Bilbao-Bizkaia Enpresa Gelako zuzendari teknikoa da.
  • Julen Orbegozo Terradillos. EHUko Ikus-entzunezko Komunikazino eta Publizidade Saileko irakasle atxikia da. Komunikazino Publikoaren Zuzendaritzea eta Personen Arteko eta Taldeko Komunikazinoa irakasgaietan emoten ditu eskolak, baita EHUko Komunikazino Multimedia Masterrean eta Gizarte Komunikazinoa masterrean be. Gizarte Komunikazinoan doktorea da, Tuits personales, clics colectivos: hashtivismo feminista en el debate público digital contemporáneo izeneko tesiagaz. Sei hilebete izango ditue ikerketa egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu