'Este himno llevará la palabra euforia' obrearen estreinaldia, Bilbon, zemendiaren 5ean
2026-11-02 09:28 KultureaBilbo-Bizkaiko Nazioarteko XXVII. Dantza Jaialdiaren arloan, Azkuna Zentroan.
Euskal konpainiak hogeita hamargarren urteurrena ospatuko dau pieza horren eskutik eta hiru hamarkadatan, jantza garaikidean sorkuntza eszenikoan jarduteaz gan, nazinoarteko proiekzino sendoa mamitu dau, Jaialdiaren atontzaileen eretxiz.
Ikuskizunak ereserki eta abesti egitura sinbolikoa hartzen dau, izan be, ahapaldiak, leloa eta klimaxa ditu, eta hainbat egoera fisiko eta gogo-aldarte jorratzen ditu: eldarnioa, erresistentzia, hustuketa emozional eta, batez be, poz edo bozkario momentuak igaroten dira, bozkarioa zorion inozotzat baino, hil edo biziko erabagi ia fisikotzat hartuta, artez edo moldez desiratzen jarraitzeko, ezer erakusterik ez dagoaean be, zehaztu dabe konpainiko kideek. Ez jakun interesetan atzera begiratzea lortutakoa ikusteko, gure buruei aurrerantz zerk bultzatzen gaituan galdetzea baino, azaldu dabe, jantza, antzerkia, musikea, berbea eta irudia buztartu dituan muntaketearen haziaz.
Este himno llevará la palabra euforia ikuskizunean, belaunaldi eta sensibilidade askotako zazpi jantzari dagoz oholtza gainean: Carmen Fumero kanariarra, Alexis Fernández galiziarra, Helena Wilhelmsson suediarra, Euskadin bizi dana, Rosa Guri eta Iván Montero nafarrak eta La Intrusaren sortzaileak, Virginia García eta Damián Muñoz gasteiztarrak, muntaketearen zuzendari be badiranak, izan be, eurek dinoen bezela, ereserki bat ez da bakarrik kantetan, beste batzuekaz baino. Beste gorputz batzuk, beste ahots batzuk, beste arnasketa batzuk behar ditu. Eten barik bildurrera edo desengainura eroaten gaituan mundu batera, beste batzuekaz sortzeko eta gozetako alkartzeak badau matxinadearen kutsua.
La Intrusa Virginia Garcíak eta Damián Muñozek zuzentzen dabe, sortu ebenetik. Konpainiaren lanak bereizgarri ditu ikerketa artistikorako bokazino sendoa eta diziplinartekotasunaren aldeko juarrera argia. Jardunbidean zehar, 40 sorkuntza eszeniko, ikus-entzunezko pieza eta ekintza performatibo baino gehiago sortu ditue, eta horreek 30etik gora herrialdetan aurkeztu dira. Konpainiaren lanak sari ugari bereganatu ditu, besteak beste, Dantza Sari Nazionala (2015) –jantza garaikidearen ikerketako bikaintasunagaitik, fisikotasunean eta poetika eszenikoan sakonduz, eta hizkuntza artistiko barriak txertatzeko dauen iragazkortasunagaitik–, Ciutat de Barcelona Saria eta gizonezko antzezle onenaren Max Saria.
Beharbada, 30 urteotako oztoporik handiena ziurbakotasunagaz biziten ikastea izan da, azkenean harek gure askatasun artistikoa baldintzatzen itxi barik. Ez dogu inoiz sortzeko gogoa galdu; alde itzela dago zailtasunez nekatuta egotearen eta maite dozunaz nekatuta egotearen artean, adierazo dau Muñozek.
Ez ahaztu, zemendiaren 5ean Azkuna Zentroan izango da Este himno llevará la palabra euforia ikuskizuna XXVII. Dantzaldiaren barruan; Deustuko La Fundición Aretoak sustatzen dau dantza jaialdia, abenduaren 15era arte iraungo dauena.
Txartelak (10,50 € eta 15 € artean) salgai dagoz hemen eta zentroko txarteldegian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
