Euskaltzaindiak R. M. Azkue omenduko dau lekeitiarraren heriotzearen 75. urtemugan

Bizkaie! 2026-11-03 12:58   Kulturea

Zemendiaren 9an, 75 urte beteko dira hizkuntzalari lekeitiarra hil zanetik.

Ezkerretik eskumara: Xabi Paya, Antton De La Lama, Ander Aldazabal, Marije Etxaniz, Andres Urrutia, Eider Inuntziaga, Isaac Amezaga, Erramun Osa eta Ander Toña. | Ikusi handiago | Argazki originala

Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) lehen euskaltzainburua izan zan eta, horrezaz gan, alderdi askotako gizona: irakaslea, musikaria, abadea, kazetaria, intelektuala eta folkloristea. Azkueren askotariko lanek, haren ekintza sakabanatuek, ames bat eben iturburu: euskaldunek euskaldun irautea mundu modernoan, euren hizkuntzeari eta kultureari eutsiz. Ames horrexek inspirau eban Azkueren bizitza oparoa.

Zemendiaren 9an, 75 urte beteko dira lekeitiarra hil zanetik, eta Euskaltzaindiak lehen euskaltzainburua izan zanaren lana eta bizitzea gogoratzeko egitarau zabala atondu dau. Erakunde pribatu eta publikoakaz alkarlanean osotu dau programea. Zeregin horretan, bidelagun izan ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Lekeitioko Udala, Bilboko Euskal Museoa eta Laboral Kutxa.

Gaur aurkeztu dabe egitarau osoa eta Akademiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan izan dira Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendaria, Eider Inuntziaga Bilboko Udaleko Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotzia; Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea eta Antton De La Lama Kultura zinegotzia; Xabi Paya Bilbao Bizkaia Museoaren zuzendaria; Marije Etxaniz Laboral Kutxako Komunikazino zuzendaria eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Egitaraua

  • Zemendiaren 7an, zapatuan, eguerdian, edozenbat herritarrek parte hartuko dabe Azkuek idatzitako testuen pasarteak irakurten, Lekeitioko Nautika plazan.
  • Azkue hil zan egunaren 75. urtemugan, zemendiaren 9an, astelehenean, erakusketearen estreinaldia izango da Bilboko Euskal Museoan, arratsaldeko 19:30ean. Erakusketea horretan, batez be, Azkueren bizitza eta lan nagusiak jorratzen dira, Euskal Museoak lan eta objektuen bilduma horri emon deutson ikutu museografikoak aberasturik. Erakusketea 2027ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai Euskal Museoan.
  • Zemendiaren 14an, Azkueren Cancionero Popular Vasco edo Euskal Kantutegi Herrikoia oinarritzat hartuta, Bilboko Koral Alkarteko eta Lekeitioko Abesbatzako gazteen sailek, hau da, Euskeria eta Kantakai koralek, kontzertua eskainiko deuskue Euskal Museoaren klaustroan, arratsaldeko 19:00retatik aurrera. Aurrerapen gisan, aitatutako koraletako 70 bat gaztek abestuko dabe eta EITBk grabauko dau kontzertua.
  • Zemendiaren 21ean, eguerdiko 12:00etan, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldi mamitsua eskainiko dau Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak Lekeitioko Azkue Aretoan.
  • Zemendiaren 27an, barikuan, saio bikotxa egingo dabe euskaltzainek Euskal Museoan. Alde batetik, 10:00etan, Akademiaren osoko bilkurea egingo da eta, 12:00etan, Azkueren inguruko agiriko bilkurea. Bigarren horretan, Bilboko Txistularien Bandeak parte hartuko dau.
  • Oraindino be eguna finkatu ez dogun arren, zemendiaren amaieran edo abenduaren hasieran herri-kantutegitik hartutako piezetan oinarrituriko partaidetzazko kantaldia eskainiko deusku Josu Zarate kantuzaleak Euskal Museoan.
  • Abenduaren 19an, zapatuan, Resurreccion Maria Azkueri buruzko hitzaldia emongo dau Andres Urrutia euskaltzainburuak Lekeitioko Azkue Aretoan, eguerdiko 12:00etan. Eta berbaldi horren ostean, ordu bata inguruan, Sabiño Madariagak eta Gotzon Loberak Sustraia aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko dabe leku berean. Sustraia aldizkariaren lehen alea 1978an kaleratu eben Lekeition eta bertan aitatzen da Azkue baina 1984an ale monografikoa argitaratu eben Azkueren omenez edo gorazarrez (49. zenbakia) eta material hori da, hain zuzen, barrikusi eta aberastu dana. Aurrerago, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Koral Alkarteak eta Lekeitioko Abesbatzak Bilbon emondako kontzertuaren erreplikea emongo dabe Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan.


Resurreccion Maria Azkue (1864-1951)

Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) ezaguna da, batez be, lehen euskaltzainburu izan zalako, izan be, Euskaltzaindiaren barruan oinarrizko zeregina izan eban, bai euskerearen Akademia sortzeko orduan (1918an), baita ondoren be, erakundeko buru eta eragile bezela (1919-1951). Azkueren ekarpena, baina, ez zan hor agortu, kultura arloko beste esparru ugari be jorratu baitzituan: irakaskuntzea, kazetaritzea, musika sorkuntzea, eztabaida intelektuala, folklorea batzea, hiztegigintzea… Ahaztu barik
Azkue abade be bazala. Esan daiteke Azkueren barruan, Azkue asko izan zirala.

Ez da kasualidadea, sortzez lekeitiarra izan arren, Azkuek helduaro osoa Euskal Herriko uririk handienean igarotea, Bilbon. Bertatik saiatu zan euskerazko kultureari bizi barri bat emoten. Holan, euskera irakasle ibii zan Bilboko Institutu Probintzialean (1888- 1920), uri berean argitaratu zituan euskerazko astekari aurrendari bi (Euskalzale, 1897- 1899, eta Ibaizabal,1902-1903), eta Bilbon estreinau zituan euskerazko
opera bi (Ortzuri, 1911, eta Urlo, 1914). Aldi berean, ez eutson inoiz itxi Euskal Herri osoko herri-kultura batzeari, ondoren argitaratu eta gizarte osoari eskaintzeko. Horren emoitza dira Azkueren lau lan nagusiak: Diccionario Vasco-Español-Francés (1905- 1906), Cancionero popular vasco (1922-1925), Morfología Vasca (1925) eta Euskalerriaren yakintza (1934-1947).

Beste alde batetik, euskereak iraungo baeban, Azkueren eretxiz ezinbestekoa zan hizkuntzea ikertu, arautu eta babestuko eban prestigio handiko erakunde bat sortzea. Horregaitik egin zituan ahaleginak eta bi Euskaltzaindia sortzeko eta, behin sortutakoan, haren barruan lan egin eban gainerako euskaltzainekaz batera euskerea normalizetako.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu