'Gaupasa Kluba' ikuskizuna estreinauko dau Irati Jimenezek Iruñaldian
2026-11-04 07:56 KultureaDeabruaren Eskolearen babesari esker eta bere lehen ipuin liburuan oinarrituta.
Iruñean, 2026ko zemendiaren 3an, Deabruaren Eskola alkarte kulturalaren babesari esker eta Iruñaldiaren programazinoaren barruan, Gaupasa Kluba estreinauko dau Irati Jimenez kazetari eta idazleak datorren eguenean, Katakraken, arratsaldeko 20:00etan. Gaupasa Kluba ikuskizunak Deabruaren Eskola alkarte kulturalaren babesa dauka, eta Jimenezen lehen ipuin liburuan oinarrituta dago, datorren astelehenean, zemendiaren 9an, Donostiako Udal Liburutegian Erein argitaletxeak aurkeztuko dauen izen bereko lanean. Iruñaldia jaialdiaren barruan estreinauko dan arren, Deabruaren Eskolearen asmoa, Gaupasa Kluba Euskal Herri osoko aretoetan emotea da.
Momentuz, Iruñaldian ez eze, Loraldian be programauta dago, eta datorren martiaren 2an, Bilboko Itsasmuseum-ean ikusi ahal izango da. Gaupasa Kluba ez da Deabruaren Eskola kultur alkarteak (deabruareneskola.eus) taula gainean jarri dauen lehenengo ikuskizuna. 2021ean, alkarte kultural honek Donostiako Literaktum jaialdian estreinau eban Euskal literaturearen historia sobrenatural bat. Jimenezek berak gidatutako euskal literaturearen laburpen historiko-literario bat. Hórrelas gan, besteak beste, Deabuaren Eskoleak Mikel Sotok hainbat idazlegaz batera egindako hitzaldi-zikloa be babestu dau, Mirande: hasiera berri bat izenekoa, Tene Mujika bekeari esker Sotok berak egindako Mirande: herriminez, ezin-minez (Elkar, 2025) lanean oinarritutakoa.
Gaupasa Kluba izen bereko liburuan oinarritutako ikuskizuna da, liburuaren beraren sorkuntza prozesua atxaki hartuta, literaturearen sorkuntzaz dabilena, eta sorkuntza prozesu horrek eskatzen dauen literaturearen zeremoniaz. Liburua bera bezela, gauaren misterioari eta gauaren ministerioari buruzko ikuskizuna dala uste dot, dino Jimenezek, literatureari buruz maila zientifikoan edo akademikoan berba egin beharrean, modu poetikoan eta magikoan berba egiten dauena.
Hamaika narrazinok osotzen dabe Gaupasa Kluba (Erein, 2026) Jimenezen lehenengo ipuin liburua. Espazioren iluntasunetik itsasoaren sakonerainoko ilunpe guztiak zeharkatzen dituan narrazino horreetan danetarik dago, errealismoa eta fantasia, fikzinoko istorioak eta benetako historiari buruzko fikzinoak. Idazlearen eretxiz, badago Gabriel Arestiri buruzko ipuin bat, sinbolikoa edo fantastikoa eta beste bat errealistea baina ez erreala Luis Cernudari buruzkoa, eta western estiloko narrazino bat Eibarren jazoten dana, eta Luziferri buruzko narrazino bat, deabruaren gaupasa bat kontetan deuskuna. Oso liburu zabala dala dino Jimenezek, literaturea oso gauza zabala izan daitekeelako, eta joera handiegia dogulako
zabalera hori murrizteko, eta literaturea estutzeko.
Orain arte, Irati Jimenezek Euskal Herrian emoten diran sari literariorik garrantzitsuenetako asko irabazi ditu, bere eleberriakaz, saiakerakaz eta ipuinakaz, besteak beste, nobela laburrentzako Augustin Zubikarai saria, Igartza bekea, Donostia Hiria saria, 111 Akademiako irakurleen Beterriko Liburua, Bizkaiko liburuzainen Farolillos de Papel saria eta Bilboko Udalaren Miguel Unamunokoa. 2022an, Begiak zabalduko zaizkizue (Elkar, 2021) lanagaz Euskadi Saria be irabazi eban, euskerazko saiakerearen arloan. Eta aurten, zerrenda horri beste bat gehitu deutso, Besarkaitzailea izeneko ipuinak akzesita irabazi baitau Bilboko Udalak emoten dauen Gabriel Aresti ipuin lehiaketan. Sari berezia dala dino Jimenezek, Besarkatzailea, hasiera batean, Gaupasa Kluba osotzen daben ipuinetako bat izan behar zalako, eta azken momentuan, kanpoan ixtea erabagi ebalako. Ipuin horren tonua eta bildumearena ez etozela bat begitandu jatan, baina ipuina gustetan jatanez, pentsau neban merezidu ebala lehiaketa batera bialtzeak, eta sari honek ilusino handia egin deust. Horretan, sariaren beraren izenak be eragina izan dauela autortu dau Jimenezek: -Gaupasa Kluba- honetan badago Maldan behera izeneko ipuin bat, Arestiren omenezkoa, eta bilduma horretan egoteko jaio zan ipuin batek haren izena daroan saria irabaztea oso hunkigarria da niretzat.
Gaupasa Kluba liburuaren aurkezpenak eta ikuskizunaren datak:
- Gaupasa Kluba (ikuskizuna): zemendiaren 5ean, 20:00eta, Iruñeko Katakraken, Iruñaldiaren barruan.
- Gaupasa Kluba (aurkezpena): zemendiaren 9an, 11:30etan, Donostiako Udal Liburutegian.
- Gaupasa Kluba (aurkezpena): zemendiaren 12an, 19:00etan, Donostian, Ernest Lluch Kultur Etxean, Harkaitz Canogaz.
- Gaupasa Kluba (aurkezpena): zemendiaren 20an, 20:00etan, Lizarrako Ino liburudendan, Mikel Sotogaz, ZuNonHanDa programazinoaren barruan.
- Gaupasa Kluba (aurkezpena): abenduaren 6an, 16:30etan, Ahotsenean, Durangoko Azokearen barruan.
- Gaupasa Kluba (ikuskizuna): 2027ko martiaren 2an, 18:30ean, Bilbon, Itsasmuseumen, Loraldiaren barruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
