Ekaitz Gonzalezek irabazi dau Euskeraz Idatzitako Antzerkiari lehenengo Saria

Bizkaie! 2026-11-04 09:25   Kulturea

Epaimahaiak obrearen antzerkigintza abangoardistea nabarmendu dau.

Ekaitz Unai Gonzalez Urretxu (Donostia, 1986) dogu SGAE Fundazinoak Euskadiko Arte Dramatiko eta Jantza Goi Mailako Eskoleagaz alkarlanean abiarazotako Euskaraz idatzitako Antzerkiari SGAE Fundazinoa - Dantzerti I. Sariaren irabazlea, Puntua izenburupeko obreagaitik. Egileak 5.000 eurok eroango ditu eta Fundazinoaren argitalpen-bilduman 100 ale argitaratzea dakar. Material pedagogiko lez erabiliko ditue ale horreek Dantzertiko ikasleek.

Agurtzane Intxaurraga eta Unai Izquierdo antzerkigileek osotu dabe epaimahaia, antzerkirako musikea sortzen espezializautako Fran Lasuen lagun (berau Euskadiko SGAEren Lurralde Batzordeko presidentea). Puntua antzezlanaren dramaturgia abangoardista, barri eta guztiz modernoaren alde agiri dira; emakume bat protagonista dauen sentimenduen arteko buztarketa da Puntua, bertsoaren unibersoa atzean dauen saiakerea. Epaimahaiak aho batez balorau ditu, besteak beste, "erabilitako hizkuntzearen aberastasuna eta gustu ona, sormenerako berezitasuna, kalidade literarioa eta tensino dramatikoa, bai eta personaia femenino batek ekintzearen ardatz nagusian" egindako rolaren indarra bere.

Ekaitz Gonzalez arte eszenikoetan eskarmentuzko profesionala dogu: antzerkia, sorkuntzea, interpretazinoa, zuzendaritzea, kudeaketea eta irakaskuntzatik biziteko suertea izan dot. Sari honek dramaturgiaren bidean jarraitzeko indarra eskaintzen eta esangura berezia dau niretzat, joandako denporetan Dantzertigaz izan neban lotureagaitik. Euskeraz sortzen jarraitzeko bultzadea be bada, euskerea antzerki-sorkuntza garaikiderako hizkuntza bizi eta indartsua dala aldarrikatzeko aukerea; gure istorioak kontetako eta adierazpide barrietan sartzeko kapaz den hizkuntzea, hain zuzen be; sano hunkitu nau gure hizkuntzan idatzitako nire lan batek beste artista batzuei beren bidean lagundu neikela pentseteak, adierazo dau epaia ezagutu ondoren.

Euskeraz idatzitako Antzerkiari SGAE FundaziNoa - Dantzerti I. Sariari buruzko zehetasunak

Antzerkigilea, eszena-zuzendaria, aktorea eta kultura-kudeatzailea da, eta euskeraz, katalanez zein gaztelaniaz jorratzen dau bere jarduera artistikoa, memoria, nortasuna, ahozko tradizinoa eta gizarte-eraldaketak ardatz. Errealismoa eta elementu sinbolikoak buztartzen ditu, ahozkotasunari eta kolektibidadea eregiteari arreta berezia eskainiz. Dramaturgia eta Eszena Zuzendaritzako goi mailako tituluduna da Bartzelonako Diputazinoko Institut del Teatre esanguratsuan eta Historian lizentziau zan Deustuko Unibersidadean. Ondoren, UNIReko Antzerki Ikasketa Aurreratuetako Masterra egin eban.

Donostiarraren lanak hamaika antzerki eta jantza konpainiek antzeztu ditue, bai Katalunian, bai Euskadin. Eszenako zuzendaritzan ibilbide oparoa egin dau testu-antzerkian eta lirikan, eta zuzendari laguntzaile be ibili da, bide batez, Teatre Lliure, Tantarantana, Albena Teatre edo Tanttaka taldeen produkzinoetan.

2015 eta 2019 artean Dantzertiko zuzendaria izan zan, dramaturgia, antzerkiaren historia, aktoreen zuzendaritzea eta arte eszenikoen teoria erakutsi zituan bertan. Aldi berean, bete-betean parte hartu eban Arte Eszenikoen eta Musikearen Estaduko Kontseiluan (INAEM), Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari lez eta Euskadin birak abiarazoteko, produziduteko eta sustatzeko hainbat epaimahaietako kide izan zan.

2019tik, Donostiako Kursaal Auditorioan Eszenatoki eta Kultur eragiketen buru da eta lana antzerki-idazkereagaz eta zuzendaritza eszenikoagaz buztartzen dau.

Helburuari eutsi egin jako

Helburu nagusia euskerazko jatorrizko idazkera dramatikoa bultzatzea eta euskal arte eszenikoen arloann dramaturgia garaikidearen ekosistemea indartzea izan da, sorkuntza profesionalaren eta prestakuntza-ingurunearen eta ikerketa artistikoaren artean zubi bat ezartzea, hain zuzen be. Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiko kide diran edo izateko bidean dagozan egileei zuzenduta abiarazo da saria, berorren Fundazinoa bide. Lehiaketarako obrak originalak, argitarabakoak eta euskera hutsean idatziak izan behar ziran, eta ez da edozein muetako egokitzapenik onartu.

Epaimahaiak balorazino oso positiboa egin dau lehenengo edizinoan sari honi ekiteagaitik, euskerazko sorkuntza dramatikoa suspertzen, ahots barriak sortzen eta antzerki-formakuntzearen, literatura-sorkuntzearen eta arte eszenikoen sektore profesionalaren arteko loturak indartzen laguntzen dauen ekimena baita, honakoa. Interes eta kalidade handiko hamazazpi testuren azterketak euskerazko dramaturgiaren potentzialaren eta sormenaren bizitasuna erakusten dau. Epaimahaiak aurkeztutako lanen meritua autortzen eta egileen konpromisoa eskertu dau, horreen parte-hartzeak garrantzia eta esangurea emoten deutsolako estreinako deialdi honi.

Unai Izquierdo (Dantzertiko zuzendari-ondokoa), Norka Chiapusso (dFERIAko zuzendaria) eta Fran Lasuen (SGAE Euskadiko presidentea) Donostiako Arte Eszenikoen Azokearen barruan egindako agerraldian. © Gorka Bravo / dFERIA.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu