Sortzaileek Durangoko Azokako egitaraurako proposamenak egin leikiez gaurtik aurrera
2026-09-14 13:23 KultureaUrriaren 5era arte izango dabe aukerea.
Abenduaren 4tik 8ra egingo da Durangoko Azokearen 61. edizinoa, eta, urtero bezela, euskal kulturearen arloko sortzaileen ekarpenakaz osotuko da egitaraua. Horretarako, gaur bertan zabalduko da guneetako programazinoan parte hartzeko proposamenak aurkezteko epea.
Sortzaileek urriaren 5era arte izango dabe euren proposamenak erregistretako aukerea, durangokoazoka.eus webguneko izen-emoteen atalean.
Gune guztietarako hainbat diziplinatako artistek eta sortzaileek euren azken lanak eta proiektuak aurkeztu leikiez: 2026an euskeraz kaleratutako lanak edo euskal kultureagaz lotutako proposamenak aurkeztu ahal izango dira, gune bakotxaren ezaugarrien eta programazino-arloen arabera:
- Ahotsenean, liburuak eta diskoak aurkeztuko dira.
- Atartean, ilustratzaileen lanakaz erakusketea atonduko da. Artistek urteko nobedadeetan argitaratutako irudiak erakutsiko ditue eta bestelako irudien bidez euren lana ezagutzera emoteko aukerea izango dabe.
- Berbagailuan, euskerazko bideo-podcastak eskainiko dira. Deialdia edegia da, eta bideo-podcasten sorkuntzan dabizen egileek, hedabideek zein plataformek emon ahalko dabe izena.
- Irudienean, ikus-entzunezko lanak izango dira protagonista: film laburrak, dokumentalak, fikzinoak, egitasmoen aurkezpenak eta bestelako proposamenak.
- Kabian, teknologia barriakaz lotutako hitzaldiak, olgetak, tailerrak eta bestelako proposamenak aurkeztu ahal izango dira.
- Saguganbaran, umeei zuzendutako literaturea eta musikea landuko dira, besteak beste, ikuskizun, kontaketa eta aurkezpen formatuen bidez.
- Szenatokian, jantzea, antzerkia eta bakarrizketak izango dira ardatz, pieza laburretan.
- Talaian, literaturaz aparteko lan eta proposamenak hartuko dira, euskerazkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten deutsen gaien ingurukoak.
Azokearen aurretik, sortzaileentzako beste plaza batzuk
Durangoko Azokea abenduaren 4an hasiko da baina aurretik be sortzaileentzako hainbat plaza eta topaketa eskainiko dira eta horreen artean dago DA! PRO, musikarientzat eta umeentzako ikuskizunak taularatzen dituen sortzaileei euren lanak programatzaileen aurrean aurkezteko aukerea eskaintzen deutsen topaketea. Umeen ikuskizunei begirako jardunaldia zemendiaren 24an izango da, eta musikeari eskainitakoa, barriz, zemendiaren 26an. Izen-emotea urriaren 13ra arte egongo da zabalik.
Era berean, Zu Non, Han DA! egitasmoak be azokearen aurretik hartuko dau protagonismoa. Euskal Herriko liburu-dendetan egingo dira liburu aurkezpenak eta sortzaileek zein liburu-dendariek parte hartzeko aukerea izango dabe. Urriaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Saltokietako arduradunek webguneko izen-emoteen atalean egin behar dabe eskaria; sortzaileek, ostera, Intraneta atalaren bidez.
Bestalde, Ikasle Goiza be Durangoko Azokearen programazinoaren parte izango da. Abenduaren 4an, ikastetxeetako ikasle eta irakasleek azokaz eta horretarako atondutako jarduerez gozetako aukerea izango dabe eta kasu honetan, tailerretan izena emoteko epea urriaren 9an amaituko da.
Beste alde batetik, Durangoko Azokan erakusmahaia jarteko izen-emotea irailaren 30era arte egongo da zabalik.
Abenduaren 4tik 8ra, kultureren jaialdiaz gozetako topagune izango da Durangoko Azokea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
