Zinemea eta flamenkoa Bilbon, Paco Moraren eskutik
2026-09-14 10:50 KultureaEn mis zapatos dokumentala eta ¡E.A! jantza-ikuskizuna.
Bilboko BBK Salan, Paco Moraren istorioa kontetan dauen dokumentala En mis zapatos izango da, irailaren 18an –barikuan–, Alzheimer-en gaixotasunaren Munduko Egunaren bezperan. Ondoren, Morak berak jagoletzan izandako esperientziari buruzko ¡E.A! jantza-ikuskizuna oholtzaratuko dau.
Morak jardunbide profesional entzutetsua eta bere konpainia alde batera itxi zituan amaren diagnostikoaren ondoren: Flamenco para recordar proiektu aurrendari eta saritua plazaratu eban, narriadura kognitiboa daben personei laguntzeko eta estimuletako.
Developpe Dantzak eta AFA Bizkaiak atondu dabe ikuskizuna, BBKren laguntzeagaz eta Alzheimer gaixotasunari buruz Bizkaian irailean atonduko diran sensibilizazino-jardueretako bat da.
Lagundu leike flamenkoak alzheimerraren munduan? Zelan oholtzaratzen da ama baten gomutak pixkanaka desagertzen doazela ikusteak dakarren bihozmina? Paco Mora flamenko-jantzari malagarra irailaren 18an izango da Bilboko BBK Salan hasieran bizipen personala izandako baina azkenean gomutearen, jagoletzen, flamenkoaren eta koplearen inguruko proiektu artistiko eta terapeutiko bihurtutako istorioa ezagutarazoteko. Ikuskizuna Developpe Dantza Nazinoarteko Lehiaketeak eta AFA Bizkaiak (Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituen personen senideen alkartea) atondu dabe, BBKren laguntzeagaz.
Irailean zehar izango da, izan be, hilaren 21ean Alzheimerraren Munduko Eguna izango da, gaixotasun horri eta horregaz bizi diran personei ikusgaitasuna emotea helburu daben hainbat ekimen tarteko dirala.
Txartelak salgai dagoz (18 euro) hemen.
Mora txikitan hasi zan flamenkoa jantzan egiten, izan be, 12 urte zituala, Malagako kostaldeko tablaoetan egiten eban jantzan eta hainbat konpainiatan trebatu eta lan egin ondoren, 24 urtegaz berea sortu eban. Ikuskizunak Espainian eta Amerikan zehar oholtzaratu zituan, Carlos Sauraren filmetan parte hartu eban, Badajozko Zentro Artistikoaren zuzendaritzaz arduratu zan... Baina, 2014an, bere bizitza profesionala goitik behera aldatu zan. Amari, Carmen Morari (Malaga, 1931) Alzheimer gaixotasuna diagnostikau eutsen eta Morak karrerea bertan behera ixtea erabagi eban ama jagoteko. Laguntzaile soziosanitario lez trebatu eta Musikologian graduau zan, jaubetu zanean Carmenek bizitza osoan entzundako koplek eta flamenkoak gaixotasunak buruan zarratzen zituan atetxoak zabaltzen ei zituala. Narriadura kognitiboa eta dementziak dituen adinekoen artean musikearen eraginari buruz egindako ikerketeak Flamenco para recordar proiektua sorrarazo eban, proiektu terapeutiko aurrendaria, asistentzia-zentroetan aplikau da eta geriatriaren arloan hainbat autortza lortu ditu.
Kontuak kontu, irailaren 18ko saio bikotxa 19:00retan hasiko da. Bilbon lehen aldiz, Paco Moraren eta amaren istorio hunkigarrira hurbiltzeko modu desbardin bi batuz, Developpe Dantzako kide Jone Goirizelaiak zehaztu dauenez. Izan be, Developpe Dantza emonaldi horren atontzaileetako bat da, AFA Bizkaiagaz batera. Lehenengo, En mis zapatos dokumentala proiektauko da pantaila handian (Pedro Morato, 2021, 60 minutu): Moraren eta amaren egunerokotasunaz jabilku eta Malagako Zinemaldian estreinau eben.
Jarraian, Mora eszenatokira igon eta ¡E.A! oholtzaratuko dau: Alzheimer gaixotasunaren erabateko gordintasunetik sortutako flamenko piezea. Istorio hau ez neban nik erabagi idaztea. Amari eta bioi bizitea egokitu jakun istorioa da. Flamenkoa izan zan, azkenean, gu biok batzeko modua, gomutea gu banatzen hasi zanean. -¡E.A.!- ikuskizuna milaka familiak ezagutzen daben zeozertaz dabil, jagoleen frustrazinoaz, nekeaz eta bihozminaz, baita persona maiteagaz hartu-emonak beste modu batera izaten ikasteko prozesu gogorraz be, adierazo dau Morak, diagnostiko bakotxaren atzean persona bat dago, baina baita familia oso bat be, guztiz barria dan egoera bategaz biziten ikasi behar dauena.

Flamenco para recordar proiektuaren barruan sortutako bigarren ikuskizuna da, lehenengoa Coplas de un recuerdo izan zan. Egun batean, Carmenek semeari autortu eutson beti flamenko-jantzaria izan nahi ebala eta Pacok amaren ames betebakoa gaixotasunak jarraitu bitartean alkarregaz igaroten ebizen bidearen zati bihurtzea erabagi eban. Holan, 2018ko irailaren 21ean, Alzheimerraren Munduko Egunean, hain zuzen, Carmenek debuta egin eban eta, batez be, gozau egin eban oholtza gainean, 87 urte zituala. Coplas de un recuerdo piezea biran ibili zan 2021era arte, Carmen hil zan arte. ¡E.A.! prekuela moduko bat da: 2018an agertoki haretara alkarregaz heldu aurretik jazotako guztiaren kontakizuna, gaixotasunak aurrera egin ahala semeak amagaz hartu-emonak zelan jorratu jakin nahian.
Jantzeak badauka gauzak kontetako kapazidadea, askotan berbe bidez kontau ezinean gabizanean, eta Pacoren istorioak erakusten dau gomuta eta jagoletzea espazio be bihurtu daitekezala, zehaztu dau Goirizelaiak. Bestetik, BBK-ko Kultura arduradun Koldo Bilbaok ondokoa azpimarratu dau: kultureak aparteko garrantzia hartzen dau, gu hunkitzeaz gan, gure gizartearen parte diran errealidadeei begiratzen eta horreekazko enpatia izaten laguntzen deuskunean. Proposamenak sorkuntza artistikoa, sensibilizazinoa eta eraldatzeko ahalmen itzeleko istorioa buztartu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
