Bermeok Ahalduntzerako Gune Feministea diseinetako partaidetza-prozesuari ekin deutso
2026-09-16 10:03 KultureaHerritarrek espazio barriaren izaerea, erabilerak zehaztea gura dau Udalak.
Herriko eragile feminista, emakumeen talde eta disidentzia atonduakaz egindako lehen gogoeta-fasearen ondoren, udagoienean herritarrei edegitako partaidetza- fasea jarriko da martxan.
Prozesuaren helburua da etorkizuneko espazioaren izaerea, funtzinoak, erabilerak, atonketa-eredua eta lehentasunak modu parte-hartzailean zehaztea eta, aldi berean, proiektua pixkanaka errealidade bihurtzeko bide-orria adostea.
Proiektua herrian ezagutarazo, saretu eta haren inguruko gogoetea sustatzeko lehen hitzordua irailaren 18an izango da, 18:30ean, Bekoportalen. Barikuko saioak atal bi izango ditu: Beatriz Egizabal aktorearen Gregoria bakarrizketa umoretsua izango da. Ondoren, ahalduntze feministarako etxeen inguruan landutako esperientziak ezagutzeko aukerea egongo da.
Hitzorduaren bidez, beste herri batzuetan jorratutako esperientziak ezagutu eta horreetatik ikastea da asmoa, Bermeoko Ahalduntzerako Gune Feministea irudikatzen hasteko ideak eta gakoak konpartiduteko.
Partaidetza-prozesuaren hurrengo hitzordu nagusia urriaren 17an izango da. Zapatu goizean egingo dan saio trinkoa Ahalduntzerako Gune Feministea sortzeko interesa daben herritar guztiei zabalik egongo da. Asanbladan, etorkizuneko gunearen izaereari, funtzinoei, erabilerei eta atonketa-ereduari buruzko ekarpenak jasoko dira. Era berean, proiektua pausurik pausu errealidade bihurtzeko bide-orria lantzen hasiko dira parte-hartzaileak.
Bermeoko Udalak bultzatutako espazio barriak, oraingoz, Ahalduntzerako Gune Feministea izena dauenak, izaera publiko- komunitarioa izango dau oinarri.
Prozesuaren erronka nagusietako bat proiektua herrian zabaltzea eta Bermeoko emakumeen eta disidentzien behar eta errealidade anitzetara egokitzea izango da, askotariko ahotsak eta esperientziak prozesuaren erdigunean kokatuta.
Horregaitik, Bermeoko Udalak herritarrak animau ditu udagoienean ekingo jakon partaidetza-prozesuan parte hartzeko, guztion ekarpenakaz Ahalduntzerako Gune Feministea irudikatu, definidu eta, aurrerago, errealidade bihurtzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
