Gernikako Bakearen Museoak 'Fosil gidaria, Gerra Zibilaren arkeologia' erakusketea inaugurau dau

Bizkaie! 2026-09-15 08:07   Kulturea

Adi baterako erakusketea izango da.

Josu Santamarina arkeologo eta ikertzailearen eta Josu eta Ander Gondraren komisariotzearen lanari esker, Gernikako Bakearen Museoak aldi baterako erakusketea inaugurauko dau datorren barikuan, 2026ko irailaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, 2027ko zezeilaren amaierara arte bisitau ahal izango dana.

Iratxe Momoitio Museoko zuzendariak zehaztu dauenez, Gernikako Bakearen Museoko arduradunok urte batzuk daroaguz Gerra Zibileko arkeologiaren gai interesgarriari buruz pentsetan. Paco Ferrandiz -El pasado bajo tierra. Exhumaciones contemporáneas de la Guerra Civil- eta Paco Etxeberria adituen lanak -Las exhumaciones de la Guerra Civil y la dictadura franquista (2000-2019). Estado actual y recomendaciones de futuro- izeneko erreferentziazko txosten zientifiko eta instituzionalean baita Euskadiko Memoriaren, Bizikidetzearen eta Giza Eskubideen Institutua GOGORAk, Aranzadi Zientzia Alkarteagaz lankidetzan egindako lanak, hau da, -Exhumaciones de la Guerra Civil en Euskadi- gaiari heltzeko aukerea emon euskuen. Ondoren, Alfredo González Ruibalek -Volver a las trincheras- liburuan egindako lan eta ikerketa sakonek, eta Josu Santamarina Otaolak -Euzkadi en ruinas: Arqueología de la Guerra Civil en el País Vasco (1936-1948)- liburuan maila geografikoan hurbilen egin eban lanak, aldi baterako erakusketaren batean islatu beharreko zeozer zalako arrastoan jarri gintuen.

Esangura horretan, Josu Santamarinagaz jarri ginan hartu-emonetan, eta prest agertu zan aldi baterako erakusketeari buruzko gure proposamenari buelta bat emoteko, museoaren bisitarientzako modu hurbilean bere ikerketea islatu ahal izateko, ez baitzeben gaian adituak izan behar. Hamarkada askotako isiltasun eta ahanzturearen ondoren ezkutatutakoa lurpetik ataratea, Manuel Mogrovejo lako personen oroimen edo gomutea berreskuratzea lujo handia izan da.

Kontuak kontu, Erakusketa honako ataletan banatzen da:

  • Lurra. Ahanztura-geruzak.
  • Zementuzko irlak.
  • Grafitiak. Ahots galduak.
  • Papera. Berreskuratutako letrak.
  • Metala. Milizianoaren txapa.
  • Lubakiak. San Pedro/Askurengo objektuak.
  • San Pedro/Askuren. Defentsa posizio baten autopsia.
  • Garaipenaz haratago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu