Unibersidade eredu propioa aldarrikatu dau errektoreak EHUren ikasturtearen edegieran
2026-09-15 08:40 Kulturea2026-27 ikasturte barriari ekin deutse 8.859 graduko ikasle barrik.
Arabak Campusean egindako ekitaldian Bakearen eta bizikidetzearen alde EHUren konpromiso sendoa aldarrikatzen hasi dau Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak 2026-27ko ikasturteko edegiera ekitaldiko berbaldia. Arabako Campusean egin da, Letren Fakultadean. Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko buruak emon deutso hasierea ikasturte barriari.
Unibersidade plan barriak eta unibersidadeen lege barriaren proiektuak markauko daben ikasturtea. Horren aurrean, lege barriak unibersidade eredu propioa eratzeko balio behar dauela aldarrikatu dau Joxerramon Bengoetxeak, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) errektoreak eta horretan lanean jarraituko dogula adierazo dau, EHUk dauen lidergoa zabaltzeko eta unibersidade publiko lez izan behar dauen berezitasuna autortzeko.
Era berean, unibersidadearen gainerako erronken artean azpimarratu dau nazinoarteko rankingek eragiten daben lehia: gure unibersidadeak ikerketa-oinarri sendoa eta lehiakorra dau Espainiako estaduaren testuinguruan, baina alde handia dau ARWU rankingean ondoen kokatutako unibersidadeen aurrean; batez be nazinoarteko inpaktu zientifikoan eta ikerketa-bikaintasunaren autortzan, esan dau errektoreak. Horregaitik aukerea erabili dau eskerrak emoteko ARWUn neurtzen ez diran beste adierazle askotan (eleaniztasuna, irakaskuntzea, kultura zientifikoaren dibulgazinoa, transferentzia, konpromiso soziala, personen jagoletzea...) hobera egiteko lanean dabizen komunidadeko kideei.
Adimen Artifizialak eta berau lantzen dabizen korporazioen eraginaz be ohartarazo dau Bengoetxeak: ez dogu AA deabrutu nahi, esan dau Bengoetxeak, haren aurrean dogun erabateko menpekotasuna baino. Hezkuntzan, oro har, eta unibersidadeko irakaskuntzan dauen eragina sekulakoa baita eta bere aukerak aztertzen jakin behar dogu, eremu guztietan, zehaztu dau.
Hirugarrenik, demografia aldaketak suposatzen dauen erronkeari erreparau dio eta Mexikoko UNAM unibersidadeagaz topaketa akademiko bat iragarri dau zemendirako, Bilbon.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko buruak nabarmendu dauenez, unibersidadeak herrialde baten garapen ekonomiko, zientifiko eta kulturala bermatzeko, herritarren kohesinoa eta ondoizatea indartzeko eta alkartasunean eta justizia sozialean aurrera egiteko dauen oinarrizko zeregina azpimarratu dau. Eta, munduko 400 unibersidade onenen artean egoteagaitik EHU zoriondu ondoren, euskal erakundeek gure unibersidade-sistemeagaz dogun konpromisoa azpimarratu dau, bikaintasunera bideratzen jarraitu daian eta talentua eta ezagutza aurreratua sortu daizan, Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialari eta erronka teknologiko-digitalari erantzuteko palanka bezela.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntzako sailburuak, bestalde, datozen urteetarako unibersidade-esparruko gai nagusiak jorratu ditu: irakasleen ibilbide akademikoa; unibersidade-komunidadearen ondoizate psikologikoa eta ikerketa, nazinoarteko izaereari erreferentzia berezia eginez. Esangura horretan, sailburuak azpimarratu dauenez, unibersidade onak, benetan onak nazinoarteko testuinguruan dira onak eta goi-mailako unibersidade onenakaz alderatuz neurtzen dirala, baina zerbitzatzen dauen komunidadea eta haren beharrak eta nahiak gogoan izan behar dituela. Ikuspegi bi horreek ez dabe zertan alkarren kontre egon, eta batek ez dau bestea lausotu behar gaineratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
