BESEK-ek Bizkaiko emakumeen talentu kulturala batuko dau
2026-09-14 12:35 KultureaSektorearen erretratu kolektiboa egiteko.
BESEK topaketea, Bizkaiko Emakumeen Sarea Esparru Kulturalean, sortu da Bizkaiko kultura eta sormen-ekosistemako emakumeak hartu-emonetan jarteko, tresnak alkartrukatzeko eta sektorearen erretratu kolektiboa egiteko. Musikea, jantzea, podcastak, latxa artilea, asoziazionismoa, dobako mentoretzak, material bio-oinarrituak edo jagoletzak eta osasun mentala izango dira, besteak beste, irailaren 21ean eta 22an Euskalduna Jauregian (Bilbon) egingo dan topaketearen lehenengo edizinoan.
Bizkaiko kulturearen eta sormenaren sektoreko emakumeei zuzendutako hitzordu berezia da, Media Attack Group-ek bultzatu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeagaz. Ekimena gaur goizean aurkeztu dabe prentsaurrekoan Rekalde Aretoan, eta horretan, ondokoek parte hartu dabe: Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru-diputadu Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusia Begoña de Ibarra Zuazo eta proiektuaren sustatzaile diran Nerea Albinarrate eta Paula Bañuelos.
BESEK sortu da Bizkaiko ekosistema kulturaleko emakumeak batzeko, alkarri entzuteko eta lankidetzan ibilteko alkargunea izan daiten: gure asmoa da jardunaldiek esperientziak konpartiduteko, benetako beharrak identifiketako eta ikuspegi kolektiboan oinarrituz aukera barriak sortzeko balio izatea. Era berean, tresna estrategikoa izango da etorkizuneko lan-arloak bideratzeko eta kultura-sektore askotarikoa eta konektatuagoa eta profesionalen benetako egoeratik hurbil dagoana indartzen jarraitzeko, azaldu dau Euskera, Kultura eta Kirol Saileko foru-diputadu Leixuri Arrizabalagak.
Helburua da egun bitan jakintzagai, edade, jardunbide eta errealidade askotako emakumeak batzea, kultur sektoreari buruz eta ezagutzak alkartrukatzeko, proiektuak ikusarazoteko, tresna barriak eskuratzeko eta, batez be, topaketea amaitu ondoren jarraipena izango daben loturak eragiteko bere, laburbatu dabe BESEKeko arduradun Nerea Albinarratek eta Paula Bañuelosek: BESEK ez da sortu emakumeak sormen eta kultura-sektorean bizi dauen egoereari buruzko kritikatik, ekintza kolektibotik baino, zehaztu dabe.
Topaketearen helburua da gutako askoren benetako behar eta erronka berberei erantzutea. Horretarako, erreferentziazko profesionalek –Anita Hichaicoto (África en Género), Andrea Momoito (La Sinsorga), Elisa de los Reyes (Pez Estudio), Laurita Siles (Mutur Beltz), Mabi Revuelta, Eva Guerrero (DOOS Colectivo) eta Irene Díez eta Izaskun Jiménez (Fekoor)– osotutako talde eragile baten ekarpenakaz atondu da, sektorearen aniztasuna benetan erakusteko eta askotariko ikuspegiak txertatzeko, landatasuna, belaunaldiartekotasuna, irisgarritasuna edo migrazinoa.
Formatu bakar batera mugatzen ez dan programazinoa da emoitzea. Holan, barriketaldiak, tailer praktikoak, erakustaldiak, banakako mentoretzak, erakustokiak edo podcasten grabazinoak, zein FEMME proiektua –Berta Vittersweetek eta Afrika Bibangek zuzendu eta aurkezten dabena, emakumeen talentuari ikusgarritasuna emoten espezializautakoa– egingo dira, eta aldi berean, lan egiteko eta alkartzeko gune bat (Topagunea) eta proiektuak erakusteko gune bat (Azokea) egongo dira, eta alkarregaz sortu eta partehartzeko hainbat proposamen mahai-gaineratuko dira.
Sartzea doban izango da: BESEK espazioan emakume orok –alde batera itxita kulturan hogei urte lanean daroazan edo bere lehen proiektua aurrera ataraten saiatzen dabilena– baliogarria izango jakon zeozertxu topetako aukerea izango du: erreferentziaren bat edo kolaboratzaile posible bat, edo antzeko egoera batean dagoan beste profesional bategaz hitzaldi informal bat, Albinarratek zehaztu dauenez.
Barriketaldietan ondokoek parte hartuko dabe: Lidia Kinson, Maitane San Nicolás, Cristina Guezuraga edo Isabel Tomás. Horreetan, hainbat gai jorratuko dira, esate baterako, zentro nagusietatik urrun sortzeak dakarrena, jagoletzak proiektu jasangarriagoak eregiteko egitura posible lez edo sareen eta ekintza kolektiboaren zeregina. Era berean, Ángela Alonsogaz, Karmele Jaiogaz eta Soraya Vegasegaz sortze-prozesuez erakustean ez danaz be berba egiteko aukerea egongo da: blokeoez, inspirazino-galeraz, bildurrez eta beste krisi batzuez.
Tailer praktikoei jagokenez –lekuak mugatuak dira, eta aldez aurretik emon beharko da izena–, Nagore de los Ríosek proiektu baten kontakizuna eregiten eta horren balio bereizgarria zehazten lagunduko dau; Jemima Canok (Doos Colectivo) finantziazinoaz eta jasangarritasun ekonomikoa jorratuko ditu da; Leire Legarretak (We Are Clickers) AA bidez zeregin burokratikoak zelan automatizau erakutsiko dau; eta Valentina Pinuerek estres iraunkorraren eragina aztertuko dau.
Jardunaldien ardatz nagusietako bat emakumeei eurei entzutea izango da. Horretarako, saio bi atondu dira, Liburu Zuriaren Laborategia: Kartografia Kolektiboa izenekoa. Asmoa da BESEKek, abuztuan, Bizkaian sektorean badagozan oztopoak, bildurrak eta beharrak zein baliabideak, talentua eta gaitasunak identifiketako abiarazo eban online inprimaki hari aurrez aurreko jarraipena emotea: guk ezin dogu zehaztu zeintzuk diran sortzaileen beharrak, autortu dau Bañuelosek, horregaitik, galdetu eta entzun nahi dogu. Zenbat eta ikuspegi gehiago ezagutu, orduan eta adierazgarriagoa eta erabilgarriagoa izango da BESEK.
Batutako informazino guztiagaz, BESEK Liburu Zuria sortzeko lehen urratsak emon nahi dira, hau da, Bizkaiko ekosistema kultural eta sortzailean lan egiten daben emakumeen errealidadearen erretratu kolektiboa: sektore osoak esan behar dau zer jazoten dan eta norantz egin nahi dauen aurrera. BESEKek espazioa eta tresnak jartea baino ez dau nahi, emakumeok alkarregaz etorkizuneko lan-arloak bideratu daiguzan.
BESEKen, sorkuntza artistikoa ez da berbagai bakarrik izango, zuzenean be jazoko baita. Programeak, besteak beste, ondokoak barrubatuko ditu: Laura Sam poeta, performer eta musikariaren emonaldia, izan be, bertantxe botako ditu olerki personalizatuak; Entre mi cuerpo y yo. Llorona llévame al río jantza garaikideko piezea eta zuzeneko musikea, Olaia Valleren eta Amaia Santamaríaren eskutik; eta Olivia Orell kantautorearen kontzertua. Era berean, latxa artilea eraldatzeko prozesuaren erakustaldia izango da, Enara Bravoren eskutik (Gertrude Kultur Alkartea), baita osogai organiko eta biodegradagarrietan oinarrituta material biooinarrituak sortzeko saio bat, Estela Miguelen eskutik.
BESEKek dobako kontziliazio-gune bat atonduko dau Euskalduna Jauregian, El Camino Creativo-k eta Virginia Castanedok dinamizauta, 0 urtetik gorako umeentzat –aldez aurretik emon beharko da izena–, umeak jagoteko ardurea jardunaldietan parte hartzeko oztopo izan ez daiten. BESEK edegita egongo da orokortzat jotako jardueretara entzule lez bertaratzeko asmoa daben gizonentzat, zehaztu dabe atzontzaileek. Programeari buruzko informazino osoa eta izen-emoteak eskuragarri dagoz BESEKen webgunean: besek.eus.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
